Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Zigarreta

2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Argi dezadan ezer baino lehen: hau ez da tabako ekoizleek erositako publizitate tartea. Ez dut familian estanko baten jabe den inor, eta ez dut (oro har) tabakoa erretzen. Baina —panorama demografikoa eta etxeko zaharrenen egoera ikusita— ez dut, ezta ere, bizitza (modu jakin horretan) laburtzearen kontrako argudio sendoegirik. Andoni Egañak Barruan Gaude podcast saioan esan zuen moduan: tabakoak bizitzari zati bat kentzen dio, bai; baina azkenekoa.

Ez naiz (ohiko) erretzailea. Eta hala ere, tarteka estimatzen dut liatzeko zigarretak ematen duen koartada baliotsua. Nola bete bestela duintasunez beranduegi datorren lagunaren zain eman beharreko tartea? Zein aitzakiarekin egin ihes deseroso zauden eremuetatik? Konbertsazio bat transzendentalegi bilakatzen denean, zer egin eskuekin zigarro bat osatzea ez bada?

Antzera gertatzen da fikzioan ere: komeni izaten da pertsonaiak bigarren mailako akzioren bat egiten jartzea, dialogo luzeak hizketaldi estatiko hutsean gera ez daitezen. Aktoreei zeregin bat emateko, batetik; baina batez ere pertsonaien egoeraren berri akzio horren bidez eman ahal izateko, ahoz esplizitatu gabe. Horretarako ohiko errekurtsoa izaten da tabakoa erretzea. Baina baita polemikoa ere.

Galdetu, bestela, Netflixeko arduradunei. Azken ekoizpenetan zigarreten presentzia asko hazi dela ohartarazita —eta hainbatek Stranger Things telesailak nerabeetan izan den hazkundean eragin zuzena izan duela salatu ondoren—, datozen lanetan ahal beste mugatzea erabaki dute. Aurrerantzean, Netflixek ekoitzitako telesail eta filmetako protagonistek ez dute tabakorik erreko. Salbuespen bakan batzuekin: pertsonaiaren ezinbesteko ezaugarria erretzailea izatea bada, orduan bai, baimenduko dute.

Eztabaida zaharra berpiztu dute: kate pribatu batek sortzen duen fikzioarena da gizartearen eredu izateko ardura? Jokabide edo praktika ustez desegokiak ezkutatu behar ditu, ordezkatu nahi duen errealitatean egon baldin badaude? Hain manipulagarriak gara, oro har, ikusleak? Baiezkoa erantzun edo artikulu honen sarrera apologikoa salatzekotan bazaude, aurrez egin aproba: jarri alkohola tabakoa dioen tokian. Taberna estankoa dioenean. Zuritoa, zigarretaren partez. Gauza bera erantzungo zenuke?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.