Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Uda

2022ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Telebista piztean nabari da uda iritsi dela. Udako programazioa hastear dago, eta udako kirolak ikusgai daude. Txirrindularitza maite dutenek uztaileko arratsaldeak Tourraren aurrean pasatuko dituzte. Ziur nago Lander Arretxea horien artean egongo dela. Tourrak nire haurtzaroko udak gogorarazten dizkit, eta askorentzat siesta egiteko unea izango da.

Udako kirol bat aukeratu beharko banu, txirrindularitza ez legoke horien artean, baina estropadak aukeratuko nituzke. Aste honetan Eusko Label eta Euskotren ligak hasi dira, eta poz-pozik ikusi ditut larunbateko eta igandeko estropadak. Madrilen gutxik ulertzen dute estropadekiko dudan afizioa, baina ahal dudan guztietan ikusten saiatzen naiz. Etxean bezala egoten naiz saioa ikusten dudan bitartean, eta nire gurasoekin emaitzen inguruan hitz egiten dut Whatsapp taldearen bitartez.

Azken urteetan estropadak ikusteko modua asko hobetu da GPS teknologiari esker. Egia esan, ETB1en emanaldiei esker, nahiago dut estropada telebistan ikustea, gertatzen den lekuan ikustea baino. Mikel Olazabal, Ibon GaztaƱazpi eta Sara Gandarak egiten duten saioak gertutasuna ekartzen dio ikusleari. Nire aitarekin etxean estropadak ikusten nituenean irratiarekin ikusten genituen. Aitak gustukoago zituen irratiko esatariak, eta askotan telebistan gertatu behar zena lehenago genekien irratiari esker. Aspaldian ez dut hori egin, eta uste dut ez dela beharrezkoa kalitatezko aurkezle horiekin.

Pandemia hasi zenetik ez naiz COVID-19az kutsatu, baina asteburuan gaitz horrekin egon naiz. Jende guztia kalean egon den bitartean, nik eztulka pasatu dut etxean. Egia esan, estropaden hasiera honek nire sintomez ahazteko balio izan dit.

Udan hondartzara joateko aukera ez dut izan, baina emanaldiaren bitartez euskal kostaldea ikusteko aukera aparta eduki dut. Liga emozio handiz hasi da asteburuan, eta ahal dudanean estropaden emanaldiak zuzenean ikusiko ditut. Asko eskertzen dut emanaldi horiek ETB Basqueren bitartez ikusteko aukera izatea. Kolonbian taxi gidari batek aipatu zidan Athleticeko partidak euskaraz ikusten zituela, nahiz eta ez ulertu. Euskal kirola edonon ikusteko aukerari esker, gure kultura beste modu batera zabaltzeko bide aparta dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.