Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Feminismorik ez

2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
AnarirenVinu, cantares y amor abestiarekin irakurtzeko gomendioa egiten dizuet.

Sanferminak iritsi dira. Iruñean festak eztanda egin du eta zuri eta gorri koloreek hiria bete dute. Festarik gabeko bi urteren ostean, jendea dantzatzeko eta gozatzeko gogoz dago. Telebistara kaleko gogo horiek iritsi dira eta ETB1en saio bereziak ikusiko ditugu jai hauek gertutik bizitzeko.

Aitortu egin behar dut ez naizela inoiz egon Iruñean San Fermin festetan. Haurtzaroan gurasoek Pasaiako sanferminetara eramaten ninduten, eta nerabezaroan lagunak banatu egiten ginen: batzuk Lesakara joaten ginen, besteak Iruñera. Urteak pasatu ahala, Iruñeko festetara gerturatzeko aukera gutxiago izan ditut, eta horregatik ez ditut ezagutzen.

Oso interesgarria iruditu zait Zer ote ziren Sanferminak? saioa ikustea. Bertan, festa hauen jatorria eta tradizioa azaltzen saiatu dira. Landerrek atzo aipatu zuen bezala, eztabaida interesgarria ere ezarri dute. Zezenketarik gabeko Sanferminak posible izango dira etorkizun batean? Gaiak luzerako eman dezake, baina gai oso garrantzitsu bat ez da jorratu, emakumeen aurkako biolentzia. Horrek asko harritu nau eta une batzuetan Gaizka Arangurenek aurkeztutako erreportajearekin haserretzea eragin dit.

Sanferminetan emakumeen aurkako biolentzia kasu bortitzak eta mediatikoak egon dira. 2008. urtean Nagore Laffageren erailketa gertatu zen eta 2016. urtean Manada taldeak egindako bortxaketa. Bi kasu horiek izaneta gero, mugimendu feminista guztiz altxatu zen eta bi kasuetan egondako epaiketak salatu egin ziren. Imajinatzen dut Arangurenek ez zuela horrelako gai mingarria aipatu nahi, baina erreportajean zehar bertakoen eta atzerrikoen artean festak ospatzeko unean desberdintasunik zegoen zalantza plazaratzen du. Horretan ez naiz sartuko, baina argi dut emakume askok oso desberdin bizi izan dituztela festa hauek bi delitu horien ostean. Erreportajean zehar emakume desberdinak agertzen dira, baina ez zaie galdetzen nola bizi dituzten festak bi kasu horien ostean edo eraso bat salatzen denean. Festek denentzat izan behar dute eta, zoritxarrez, oraindik asko geratzen da horretarako. Emakumeen aurkako biolentziarik gabeko festak lortu arte, bestelako eztabaidak bigarren mailakoak iruditzen zaizkit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.