Memoriaren markak Pasilekun... Zer gogoratu, zertarako, zelan

Jon Argintxona Badiola, Ibon Meñika, Orue-Etxebarria - Gernika Memoriaren Lekuko

2018ko ekainak 21
Adierazi, lehengo eta behin, idatzi hau sinatzen dugunok ez gaudela, inolaz ere, gudarien omenaldien eta memorialen kontra. Baina Memoriaren lanketarekin lotutako zenbait arrazoirengatik ezin gara Gernika-Lumoko Pasilekuan jarri den gudarien omenezko irudiaren alde egon. Hainbat arrazoirengatik, ezin diogu aukeratu den gaiari eta tokiari gure oniritzia eman.

Irudiari dagokionez, argi esan behar da Gernikan ez zela benetako borrokarik egon. Gernika eraso basati eta gupidagabeko baten babesgabeko biktima izan zen. Oso egoki ikusiko genituzke gudarien omenezko irudiak Intxortetan, Solluben, Lemoatxan, Legution... Pasilekuan ezarri diren modukoak edo beste era edo estiloetakoak. Gudarien omenezkoak, eta baita milizianorenak ere, Eusko Gudarosteko tropez gain, beste askok, euskotarrak batzuk, asturiar eta kantabriarrak beste batzuk, isuri zutelako haien odola faxismoaren kontrako borrokan; zergatik ez borrokalari antifaxista horien guztien gogoramena?

Lekuari begira, Pasilekua, eraikinak eta espazio arkitektoniko berak, orokorrean gerra aurreko gunea den neurrian begirune bereziarekin jagon behar dela uste dugu, eta Gernika-Lumoko gune historikoa bezala, erabilpen sozialaz gain (espazio bizia izan behar duelako), inguruaren edozein aldaketa tentu handiz neurtu behar dela uste dugu (kontuan edukita, bestalde, gerra aurreko jasotako ondare arkitektoniko eta urbanistikotik zenbat osagai galdu diren, 1979tik hona, Gernika-Lumon).

Zer gogoratu... Zertarako gogoratu. Nortzuk eta zelakoak garen dinoskuen, identitate kolektiboen ezaugarri nagusiak, Memoriaren kontakizunaren ardatzak, aukeratutako edukiz betetzen dira: eduki sinbolikoak dituzten elementu materialekin, leku eta objektuekin; eduki immaterialekin osatutakoekin irudi mentalak, leloak, balore eta printzipioak, kontakizunak (kontakizun mitiko eta historikoak). Kontuan edukita beti, alde batetik, Memoria kolektiboaren elementuek osaera konplexua daukatela, irudi sinboliko, diskurtso arrazionalez eta hunkiberatasunez eginda daudela; eta bestetik, Memoria gizarte baten produktu historikoa dela, gizarte horren historia beraren isla. Memoria, modu orokorrean, estatu-nazioen eraketarekin batera, instituzionalizatu egiten da. Ezin da interes eta borroka sozialetatik baztertu. Memoria uniformatzeko, informatzeko, konformatzeko tresna izan da historikoki eta, halaxe da gaur egun, sarritan. Ez dugu guk goitik behera, hierarkikoki moldatutako memoriarik nahi. Denon artean askatasunerako eraikitako memoria bizia, aberatsa nahi dugu.

Gernika deiadarra da, zaurituak, zenbatu gabeko hildakoak, gure herriaren azpian hilobiratuak, historiaren orrialdeetatik ezabatutakoak; suaren eta kearen artean, hondakinetan akituak ziharduten suhiltzaileak, gudari eta milizianoak, boluntarioak... Gernika bere umea besoetan babesten duen ama da; negarrez etsita dagoen amama; indar frankistentzat behartuta lan egin behar izan zuten emakumeak; bakarrik, esku hutsik, haien senideak sostengatzeko, txikitutako lurralde batean, beharrean aritu ziren andreak; elkarren artean laguntzen, elkartasuna saretzen aritu zirenak; erizainak, erbesteratuak, desplazatuak, umiliatuak, bortxatuak izan ziren emakumezkoak dira Gernika. Eta gure herrietan, tinkotasunez, dignitate isil eta irmoarekin, desagertutako, hildako, kartzelatutako beren lagun eta senitartekoen maitasunezko gomuta eta apaltasun osoz, eguneroko, hurbileko historiaren oroimena gorde zutenak dira Gernika. Gerra guztietako, biolentzia guztien, atzoko eta gaurko Gernika guztien irudia.

Oroimena eraikitzeko lan asko daukagu oraindik. Ez da Pasilekuan ezarri dena Gernikarako gure monumentua. Ez dira horiek memoria lantzeko moduak, herritarren parte hartze barik, inposatutakoaren atzean antzutasuna baino ez dagoelako. Gure etorkizunerako memoria askatasunaren eta egiaren hariekin josi behar dugu. Denon artean, zintzotasunez, adorez eta duintasunez. Zein izango litzateke guk Pasilekurako proposatuko genukeen memoriaren jostura? Bonbardaketa aurreko azokako emakume saltzaileen oroimena esate baterako, emakume baserritarren aipamena. Proposatu esan dugu, ez ezarri, eta, espazioaren ezaugarri guztiak zainduta, gernika-lumotar guztion artean erabakitzeko.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Maitane Azurmendi, Camino Saiz, Sabin Ibazeta, Aitor Amutio, Xabier Onandia

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna