Aurten, zapi gorria guztientzat

Sei bikotek hartuko dute parte emakumezkoen San Fermin torneoko lehen ekitaldian. Finala Labriten jokatuko da, uztailaren 14ko goizean. Antiguan ere antolatu dute torneo bat

Andrea Aldaregia eta Naroa Iturain pilotariak, ezker eta eskuinera, eta erdian erakundeetako ordezkariak, atzo. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
«Nafar eta pilotari gisa, sekulako ilusioa egiten dit Iruñean sanferminetan jokatu dezakedala pentsatzeak. Amets bat da, eta, aldi berean, erakusleiho bikaina emakumezkoen pilotarentzat». Naroa Iturain atzelari iruindarrak ezin zuen ilusioa ezkutatu atzo, esku-huskako emakumezkoen lehen San Fermin torneoko aurkezpenean. Izan ere, aurtengo Iruñeko pilota ferian emakumezkoen torneoa egongo da. Torneoa bainoago, finala, torneoak bi jaialdi izango baititu, Lesakan eta Iruñean jokatuko direnak, eta finala izango da bakarrik Labriten, uztailaren 14ko goizean.

Emakume Master Cupen antolatzaileak dira bultzatzaileak. Nafarroako Gobernuko, Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Pilota Federazioko atea jo, eta erantzun ona jaso zuten. Hasierako asmoa sanferminen barnean jaialdi gehiago jokatzea zen, baina, egutegia antolatzen hasi zirenerako, Labrit hartuta zegoen sanferminetako ia egun guztietarako. Beraz, egokia iruditu zitzaien lehen jaialdia herri batean jokatzea, eta Lesakan izango da, igandean (11:30).

Sei bikotek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta, eta Lesakan multzo bakoitzeko ligaxka jokatuko da. Bi lehen sailkatuek finala jokatuko dute, eta bigarrenek, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida.Antolatzaileek gonbidapen bitartez aukeratu dituzte pilotariak, eta bost nafarrak dira. Tartean, Master Cupeko izen ezagunak daude. Besteak beste, Olatz Arrizabagala binakako txapelduna dago, Patri Espinar txapeldunordea, Ainhoa Urien Bigarren Mailako txapelduna... Txapelketan bezala, torneoan pilota biguna erabiliko dute, eta sarrera doakoa izango da bi jaialdietan.

Emakume Master Cupen antolatzaileek, oraingoz, ez dute asmorik euren eskaintza Euskal Herriko beste hiriburuetara irekitzeko. Hala ere, egongo da emakumezko beste torneorik antolatuko duenik; esaterako, Donostiako Antigua auzoan. Gizonezkoen torneoarekin batera, emakumezkoen binakakoa antolatu dute uztailaren 21 eta 22rako. Pilota mistoa erabiliko dute, eta lau bikotek hartuko dute parte: Olatz Arrizabalaga-Alba Martinez,Maite eta Olatz Ruiz de Larramendi, Miren Larrarte-Miriam Arrillaga etaPatri Espinar-Leire Garai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.