Hastear da Ehunmilien festa

Bihar abiatuko dira, Beasaindik, Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak ultrak, eta, igandean, Marimurumendi maratoia. Ia 1.300 korrikalari ariko dira; lasterketa nagusian Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da.

Ehunmiliak lasterketaren hasiera, iaz. INA LAZKANO.
Unai Ugartemendia.
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Bihar jokatukoda beste behin Ehunmiliak mendi lasterketa, Beasainen (Gipuzkoa). Aurtengo ekitaldiak, bederatzigarrenak, ultra distantziako Euskal Herriko txapelduna nor izango den jakiteko balioko du. Bihar emango zaio hasiera lasterketa nagusiari, arratsaldeko seietan. Hizki larriz idatzi beharreko datuak ditu Ehunmiliak lasterketak: 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibel positiboa.

Azeri zahar asko dago irabazteko hautagaien artean. Gizonezkoetan, Javi Dominguez gasteiztarra da izenik aipagarriena, irabaziz gero bosgarren txapela lortuko bailuke. Dominguezek Jon Aizpuru beasaindarra izango du aurkaririk zuzenena; gorakada handia izan du azken bi urteetan —2016an hirugarren izan zen, eta iaz, bigarren—, eta aurtengoan jaso dezake sari nagusia.

Emakumezkoetan, berriz, baliteke lehia polita egotea. Ewa Majer poloniarra da denen ahotan dabilen izena. Iaz kilometro askotan lehen postuan izan zen, baina gero erretiratu egin zen. Badirudi iazko arantza ateratzeko prest dagoela. Gainera, iazko garailea, Silvia Trigueros abadiñarra, ez da irteeran izango aurtengoan. Beste bi euskal korrikalari daude garaipena lortzeko hautagaien artean: Elena Calvillo —bigarren 2014an eta iaz— eta Jone Urkizu —hirugarren 2014an eta iaz—.

Ehunmiliak ez da izango asteburuan jokatuko den lasterketa bakarra. Gaur, 23:00etan, Goierriko Bi Handiak lasterketa hasiko da, 88 kilometro eta 6.000 metroko desnibel positiboa duen proba. Lasterketa horretarako izen emateak ordu gutxitan amaitu ziren, eta 500 korrikalari baino gehiago izango dira irteeran. Irabazteko hautagaien artean izen ugari dago: gizonezkoetan, Dani Agirre nafarra eta Pedro eta Mikel Etxeberria anaiak; emakumezkoetan, Monica Grajera kataluniarra, Mayi Mujika euskal selekzioko korrikalaria eta Esther Casajuana. Horien guztien gainetik, baina, izen handi bat izango da irteerako marran: Uxue Fraile donostiarra. Ultra distantzian ospe handiko hainbat lasterketa irabazitakoa da Fraile, baina, azken urtean lesioak izan dituenez, korrika gutxi egiteko aukera izan du, eta gogotsu dago lasterketarako. Estreinakoz ariko da Beasainen.

Igandean jokatuko da azken lasterketa, Marimurumendi maratoia, goizeko hamabietan. Proba horretarako dortsalak ere ziztu bizian agortu ziren. 42 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek.

Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi batuta, ia 1.300 korrikalari ariko dira asteburuan Goierriko mendietan, eta badirudi eguraldia aldeko izango dutela.

1. Zein probatan hartuko duzu parte?

2. Zenbagarren aldiz ariko zara?

3. Zein lasterketa egin dituzu aurretik?

4. Zer helbururekin zoaz lasterketara?

5. Zerekin konformatuko zinateke?

6. Zenbat denbora daramazu lasterketa prestatzen?

7. Urteko erronka izango al da hau?

MIGUEL ARBURUA BERRUETA (Hondarribia, Gipuzkoa, 1968)

«Amaitzea da lehen helburua, eta, gero, 32 orduren bueltan ibiltzea»

«Ehunmilietan hartuko dut parte».

«Laugarrenez ariko naiz Ehunmilietan. G2H ere egin dut».

«Berako maratoia erdia eta Tolosako T3T maratoia».

«Nire helburua izango da 32 orduren inguruan ibiltzea».

«Ultra guztietan bezala, lehenengo helburua amaitzea izango da. Lortuz gero, pozik egongo nintzateke».

«Zazpi hilabete daramatzat hau prestatzen, baina oinarri bat behar duzu; bestela, epe luzeago bat behar da horrelako erronka bat gainditzeko».

«Bai, aurtengo erronkarik garrantzitsuena izango da. Agian, irailean edo urrian zerbait gehiago egingo dut, baina helburu nagusia Ehunmiliak da».

ELENA CALVILLO (Beasain, Gipuzkoa, 1970).

«Aurrekoetan lortutako markaren bueltan egon nahi dut, 30 orduan»

«Ehunmiliak lasterketan ariko naiz».

«Seigarren aldia da: hiru aldiz G2H-an, eta beste hirutan Ehunmiliatan».

«UT Llastres Tarragonan [Herrialde Katalanak], Sztafeta Gorska [Polonia] eta Euskal Herria Mendi Erronka Leitzan».

«Lehenengo helburua bukatzea da, eta, ahal bada, beste Ehunmiliatan egindako denboratan ibiltzea: 30 ordu inguruan».

«Esandako helburuak betetzearekin».

«Urte hasieran martxoko eta apirileko lasterketak prestatu nituen. Ondoren, atseden hartzen eta indarberritzen egon nintzen, eta maiatzean berriz entrenatzen hasi nintzen, orain arte».

«Handiena behintzat bai».

JON AIZPURU LARRAÑAGA (Beasain, Gipuzkoa, 1988)

«Aurten iaz baino lasaiago ikusten dut neure burua»

«Ehunmiliatan ariko naiz».

«Laugarrenez hartuko dut parte Ehunmiliatan. Aurretik G2H-a egina dut, 2013an».

«Garingo [Beasain], Xabier Mendizabalen Oroimenezkoa [Beasain], Kolazino Mendi Eguna [Bedia], Beasaingo Herri Lasterketa, Kilimon Trail [Mendaro], Euskal Trail 130 kilometroko Ultratraila [Baigorri] eta T2T maratoi erdia [Tolosa]».

«Aurten iaz baino lasaiago ikusten dut neure burua. Egia esan, 2016an ia 25 orduko lana egin eta gero, 2017an banuen halako barne presio bat 24 ordu azpitik egiteko, eta helburua lortu nuen. Egia esan, lortutakoa ez nuen espero».

«Helburuak ezberdinak dira: lehena, minik ez hartzea eta lasterketa amaitzea; bigarrena, ahal bada ikusleentzat jarraitzeko interesgarria den lasterketa baten parte izatea, eta hirugarrena, gehiengotara joanez gero, aurreko urteko denbora hobetzea».

«Esango nuke otsailean hasi nintzela 2018ko denboraldia prestatzen. Gasteizko maratoi erdia prestatzen ari nintzela, min hartuta amaitu nuen 2017a, eta otsailera arte ez nintzen ia guztiz osatu».

«Ehunmiliak aurtengo bigarren erronka izango litzateke. Maiatzean Euskal Trailen parte hartu nuen, eta, Ehunmilietara begira, ondo etorri zitzaidan bertan parte hartzeak. Ehunmilien ondoren, baliteke beste lasterketaren batean parte hartzea, baina ikusiko dugu».

BITTOR ANDRES ALKORTA (Orio, Gipuzkoa, 1971)

«Proba bukatzekoeta asko ez sufritzeko esperantza daukat»

«G2H-an hartuko dut parte».

«Nire lehenengo aldia izango da aurten».

«Aurten, Zegama-Aizkorri eta Tolosako T3T lasterketa».

«Bukatzeko esperantzarekin eta asko ez sufritzeko esperantzarekin noa Beasainera».

«Amaitzearekin konforme».

«Urte osoa daramat lanean».

«Ez. G2H-a probatzeko gogoa nuen aspalditik, eta ez daukat errepikatzeko asmorik».

JOKIN GIJARRO IRURETAGOIENA (Zumaia, Gipuzkoa, 1987)

«Lagun arteangozatzera noa,sufrituz gozatzera»

«G2H-an hartuko dut parte».

«Lehen aldiz ariko naiz».

«Kobaz Koba [Zestoa], Talaia bidea [Donostia], Rioja Ultratrail [Espainia], Goizutrail [Goizueta] eta Flysch trail [Zumaia].

«Lagunartean gozatzera noa, sufrituz gozatzera. Bi lagunekin eta anaiarekin joateko asmoa dut».

«Beasainera iritsi eta lasterketa hau prestatzeko egindako entrenamenduek fruitua eman dutela ikustearekin».

«Urtarriletik nabil prestatzen».

«Bai; bi urtetik behin sartu dut erronka luzeren bat, etaaurten G2H egitea pentsatu nuen».

ANA AZPILIKUETA (Madril, 1983)

«Konforme nengoke irribarre handibatekin iritsita»

«G2H lasterketa egingo dut».

«Lehen aldia da».

«Hiru Handiak, Gran Trail Peñalara, Zegama, Alto Sil...».

«Amaitzea da helburua».

«Irribarre handi batekin iristearekin konformatuko nintzateke. Nahiko nuke Gipuzkoaz gozatu, ahalik eta gutxien sufritu eta ideia askorekin itzuli».

«Urtarriletik ari naiz prestatzen bereziki proba hau».

«Helburu nagusia dela konturatzen zara amesgaiztoak dituzunean, iritsi ezinak, galdu zarenaren sentsazioa duzula amestean... Horrela bizitzen ari naiz. Eguna iristeko irrikan nago».

IZASKUN SANZ ELDUAIEN (Iruñea, 1977)

«Lehen aldiz ariko naiz mendiko maratoi batean; amaitzea da helburua»

«Marimurumendin».

«Lehen aldiz parte hartuko dut Ehunmilien festan».

«Berako maratoi erdia [Nafarroa], Xtreme Higa de Monreal [Nafarroa], Mitxarro bira [Araba], Camille Xtreme [Nafarroa] eta Triku Trail [Nafarroa]».

«Nire lehen mendi maratoia izango da, eta amaitzea da helburu bakarra».

«Amaitzea eta lasterketaz gozatzea».

«Sei hilabete daramatzat lasterketa hau buru-belarri prestatzen».

«Bai, zalantzarik gabe».

SONIA REYES UNANUA (Beasain, Gipuzkoa, 1973)

«Gozatu egin nahi dut, eta gutxienez duelabi urteko marka egin»

«Marimurumendi maratoian parte hartuko dut».

«Bosgarren aldia izango dut Ehunmilietan. Hiru aldiz parte hartu dut G2H lasterketan, eta beste behin Marimurumendi maratoian».

«Orain dela bi aste, Ordiziako lehen mendi maratoia, eta aurretik Tolosako T2T».

«Helburua beti bezala disfrutatzea da».

«Konformatuko nintzateke orain dela bi urte egindako denbora berdintzea edo hobetzea lortuko banu».

«Prestakuntzak azkenean bere denbora behar du. Marimurumendi prestatzeko urtarrilean hasi nintzen, eta astean bost egunez entrenatzen dut normalean. Astean mendian, gimnasioan eta errepidean ibiltzen naiz korrika, eta asteburuetan mendian egiten dut entrenamendu saio luze bat».

«Aurtengo erronkak bi ditut: asteburu honetan Marimurumendi, eta abuztuan Suitzan jokatuko den Zermatt Matterhorn Ultraks proba [48 kilometroko ibilbidea du, eta 3.600 metroko desnibel positiboa]».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.