'I ara què fem?'

Txema Montero - Abokatua

2018ko irailak 15
Katalunian itsas kirolen zaleak dira oso. Portuak goitik behera beteak dauzkate mota guztietako kirol itsasontziekin: hasi txintxorro xumeekin eta buka luxuzko yateekin, tartean, beti presente, Menorcako llaüt delakoak. Kataluniako kostaldean oporretan ibili den edonork ikusiko zituen, etengabe joan-etorrian, belaontzi isil eta txalupa motordun zaratatsu haiek, batzuk begien erakargarri, besteak belarrien erasoan. Horren guztiaren erdian, aipatzekoak dira txalupa azkar-azkar horiek, batetik bestera abiada bizian pasatzen direnak, ia hegan alderik alde, hamster eroak balira bezala. Txalupa horien lema gobernatzen duten patroiek atsegin dute olatuak erdibitzea, zenbat eta apar gehiago, hainbat hobe; beste abiapuntu batera iristea dute helburu bakar, berriz ere beste norabait abiatzeko berehala, kala edo ainguratoki, abiada bizian.

Antza denez, sakonera gutxiko uretako marinel horiek zera esan ohi dute itsasaldi labur eta bizkorrok amaitzean: «eta zer egin behar dugu orain?». Lehorra eta errotikoa da umore katalana, eta, hala, izen hori eman diete itsasontzi —eta patroi— horiei: i ara què fem, lurreko eta itsasoko ipurtarin presatsuak bereizteko esaldia.

Tenkatze eta lasaitze dinamika

Ez zait metafora hoberik bururatzen azaltzeko zertan den gaur egungo Kataluniako politika, hein batean kaotikoa eta maiz suntsitzailea. Litekeena da Espainiak eta Kataluniak ez lortzea harmoniazko harremanik, independentistek eta unionistek, biek ala biek baitituzte ziurtasun sentimental batzuk elkarren aurkakoak direnak eta eztabaida orotik kanpo daudenak. Fedeaz ari gara, fede-egitura batzuez zeinek zuzeneko gorrotoa piztuko luketen baldin eta bi taldeak ez balira elkar aztertzen ari, zirkuluan, galdetuz bezala: i ara què fem?

Nik xingola horiak jarri, zuk kendu. Nik adierazteko dudan eskubide demokratikoa erabili, zuk galarazi. Nik Konstituzio idatzia inbokatu, eta zuzenbidea nahierara erabili, matxinada esanez masako protesta baketsuari; zuk, berriz, erabakitzeko eskubidea inbokatu, itxuraz jaiotzetikoa dena eta ez duena beste araurik salbu eta martxan dagoen herriaren borondatea. Demokraziak, askatasunak eta halako balioek ez baitute zutik irauten haietaz hitz egite hutsez, sarri errepikatze hutsez.

Eztabaida politiko guztia tenkatze eta lasaitze dinamika batean bildua dago, eta beti gauza berak errepikatzen dituzte, ideia konplexuak formula errazetara murriztuz esloganetan (edo mantretan): «Independentzia-Errepublika / Demokrazia-Konstituzioa».

Kataluniako prozesuan gertatu ez direnak

Dena den, gertatu ez den hori da interesgarria: ez da gertatu eraso larririk, indarkeria ekintza orokorrik edo gorroto gordinezko aurrez aurrekorik. Uste dut independentistak ari direla beren buruari gehien eusten. «Gorrota dezakezu, eta zeure burua galdu»: mezu hori ateratzen bide da haien buruzagiak preso dauden kartzeletatik eta babestzat hartu duten erbestetik.

Mezu zentzuduna da, historiari begiratuta —Euskal Herrikotik hasita— argi ikusten baitugu gatazka zibilean basakeriaren zaleak ateratzen direla beti, gizarte guztietan baitaude. Horren inguruan, ezinbesteko elkarrizketa bat irakurtzea gomendatzen dut, duela 40 urte Koldo Mitxelenak Eugenio Ibarzabali emana, egun ere gaurkotasunezkoa baita.

Unionistek, Ciudadanos buru dutela —alderdi horrek batu zuen boto gehien azken hauteskundeetan—, abantaila dute, erabateko babesa ematen baitiete komunikabide gehienbat espainolistek eta ukaezina baita gutxienez Kataluniako biztanleen erdiak alde dituztela. Egia hori ez zaie komeni independentistei, eta asumitzen dute, baina baita saihestu ere.

Gertatu ez den beste zerbait matxinada betea da. Independentistek izozkailuan gordea daukate Parlamentua; handik, independentzia deklarazioa berraktibatu ahalko lukete, baina ez dute egiten, eta ez egite horretan bat datoz Espainiaren jazarpen ziurraren kontrako zuhurtzia naturala eta aldarrikapen-tentsioari kontrolpean eusteko asmoa. Baina gogoan izan behar dugu lagun minen arteko traizioa ugari izaten dela matxinadetan: hain zuzen, independentista batzuek tinko eusten diote «orain eta dena» banderari, eta bestetzuek, mailakatuagoak direnez, independentziaren eta autonomiaren arteko zerbait lortu nahi dute, edo agian bakarrik egiaztatu elkarrizketa ezinezkoa dela.

Nabigatze zoro baten turbulentzia posibleak

Gertatu ez den beste gauza bat Espainiako gobernuaren eutsitasunean dago, eta hori, nire ustez, haren jarrera onaren, ahultasun handiaren eta eutsiezinezko zalantzaren ondorio da: beste i ara què fem bat. Bien bitartean, Espainiako Estatu esaten diogun instituzio eta sinbolo multzo hori, Koroan bildua eta harrek guztiz jana, ez da gai independentisten berehalako eskariei erantzuteko: behar horiek elkarrizketa emankorra eta jazarpenaren jaitsiera dira.

Ez dakit Kataluniako prozesuaren hasieraren bukaeran gauden, edo bukaeraren hasieran. Turbulentzia hauek espero dira Diadaren ondorengo asteetarako: erreferendumaren urteurrena, Parlamentua berriz aktibatzea, buruzagi presoen epaia... Horiekin guztiekin, baliteke tentsioak gora egitea eta ondorioz konfrontazio zibil bat gertatzea, eta, batetik bestera ero moduan nabigatuz bezala, ondorio bakar bat izatea: hasi eta galdetzea «i ara què fem?».

(Erredakzioan itzulia)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna