Gotzon Barandiaran Arteaga.

Ekosistema gisa auzolanean gara indartsu

2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Demagun antolatzaileek euren burua zuritzeko eskaini dizutela. Demagun antolatzaileek kuota bat betetzeko eskaini dizutela. Badakizu nor diren, badakizu kultura gutxi batzuen interes ekonomikoetarako darabiltena. Aukera baliatu eta bozgorailu gisa erabiliko duzu? Sortzaileak bere malurei. Bozgorailu hori erabiltzeak berez dakar bat egiten duzula ekimenarekin edo ekimen horren sustatzaileek bultzatzen duten ereduarekin? Bozgorailu hori erabiltzeak berez dakar antolatzaileak zilegiztatzen dituzula? Erosi eta euren sarean harrapatu zaituztela betiko? Ordura arte urteetan bestelako eredu baten alde egin duzun lan eskergak ez duela bat-batean deus balio? Sortzaileak bere bakardadeari. Euskal kulturaren apropiazionismorik handienetako bat Donostian antolatzen den zinemaldia da. Espainiarrena den zinemaldi bat, «nuestro mejor festival de cine» Espainiako kultura ministroaren hitzetan. Euskarazko zinema kuota bat. Bertan parte hartuta, zertan ari dira euskal zinemagileak, euskal kulturaren subordinazioa normalizatu duen festibal batean, Espainiako kultura ministerioaren kultura ereduarekin bat egiten? Hollywood lehenesten? Zertan ari dira euskal sortzaileak Espainiako Sari Nazionalak onartzen dituztenean? Zer egin zuten Josu Kamarak eta Fermin Muguruzak Espainiako Max sarietara Egunkaria aurrera kamisetak soinean Euskaldunon Egunkariaren itxiera salaturik, euskarazko musika eta antzerkia kultura espainolaren subordinatuak direla onartu?

Bilbo Handiaren eraldaketaren atoiuntzia Guggenheim izan zen eta horretan dirau, jada trasatlantikotuta. Iragan mendeko 80ko hamarkadan diseinatu zuten Bilbao Ria 2000 egitasmoaren motorea da. Euskal kulturaren subordinazioa normalizatu du Guggenheim ereduak. Eredu horrek ekarri ditu, besteak beste BBK Live, BIME, Mundaka fest edota MTV efimero hau. Euskal komunikabideek, egitasmo horien berri zabaltzen dute, kronikak idazten dituzte, erakusketen berri ematen dute, sarrerak zozketatzen dituzte. Horrek zer esan gura du, bat egiten dutela egitasmo horien arduradunen ideologiarekin eta kulturgintzarekiko zein hiriarekiko ereduarekin? Kazetariak sortzaileei erantzukizun eske, euskal kultura hamar lehentasunetan hamaikagarren duten herri-mugimendu, sindikatu eta alderdi politikoetako ezkertiar abertzale anti-sistemak edota erdal kulturak kontsumitzea gurago duten euskaldunak sortzaileak gurutzilkatzen. Zeinen gutxi zaintzen dugun elkar. Badira urte batzuk euskal kulturaren premiei aurre egiteko ekosistema gisa sartzea proposatzen ari garela ( sortzaileak+antolatzaileak+kazetariak+hezitzaileak+zaleak). Nire uste harroan, hemen sakoneko afera subordinatu izatetik hegemoniko izatera zelan igaroko garen asmatzea da, bazter guztiak elkarlotuz zentrala nola osatuko dugun. Nik, bederen, ertzekoa izan nahi baitut, ez baztertua, erdian dagoen ertzetako bat izan nahi baitut, ez kanpo geratu. Euskal kulturaren lehentasunak ez dira Guggenheim, BBK Live, BIME, MTV, makroeraikinak eta enparauak. Aurten egin diren azterketa zein inkesta guztiek datuen bitartez frogatu dute. Datu horiek arrazoi ukaezinak dira eztabaida sozialerako. Kulturgintzaren ekosistemako eragileok saretuta arestian aipatu egitasmo horietara bideratzen diren milioika euroak zehatz mehatz zertara bideratuko genituzkeen eztabaidatu, adostu eta idatzi genezake eta idatzitako horren bidez eztabaida soziala eragin. Eztabaida sozial hori baita orain dugun benetako borroka. Ezen, alarmek urteetan piztuta dirauten arren, gure herrikideek badakite zein diren gure kulturgintzaren lehentasunak? Zer diozue, bidelagunok, zerrendatuko dugu, lehentasunen arabera, zertara inbertituko genituzkeen milioka euro horiek? Neu hasiko naiz: zaleak sortzen. Ez ezerezetik, dagokeenetik baino. Gure erronka nagusia kultura erdaretan bizitzea gurago duten horiek euskarazkora ekartzea da. Sortzaileak izango diren zaleak behar ditu euskal kulturgintzak, amateurrak eta profesionalak. Antolatzaileak izango diren zaleak: herri ekimenetan edota erakunde publikoetan arituko direnak. Industriari emanak biziko diren profesionalak bihurtuko diren zaleak, kultur kazetaritza jorratuko dutenak. Etxean, hezkuntza arautuan, ez-arautuan zein astialdian transmisioa bermatuko duten zaleak. Kultur sistema osasuntsu eta iraunkorra izan dezagun. Milioika euro horiek gure sortzaileen prekarietateari aurre egiteko inbertitu genitzake, sortzeko ( lan egiteko) baldintza duinak bermatzera. Milioika euro horiek Euskal Herriko era-neurri-prestigio guztietako plazetan bertoko sormen lanak programatu daitezen bermatzeko neurrietara bideratu genitzake, euskal kultura zabaltzen lan egiten duten komunikabideen egoera ekonomiko prekarioa osasuntsu bihurtzeko neurrietara, EITBn bertoko ekoizpenak landuko direla bermatzeko inbertsioetara. Zaleak sortzeko euskal kultura sozializatzen asmatzea baita gakoa. Ekosistema osatzen dugunok inbertsio handi eta epe luzerakoak egin genitzake interneten, berau baita egun hizkuntzaren eta ondorioz kulturgintzaren sozializazioan erabateko paradigma aldaketa dakarrena. Inbertsioak egin genitzake gure ondarea ondasun bilakatzeko, kultur ekoizpenek erdal merkatuaren premiei baino, euskal merkatuaren premiei erantzun diezaioten. Saretu gaitezen eta zerrendatu ditzagun nork bere arloko premiak, adostu ditzagun estrategikoak direnak. Hamarkadetan egin dugun lan eskergak ematen digun zilegitasuna eta bermea aldarrikatu behar ditugu euskal herritarren gehiengoa jabetu dadin euskal kulturaren ekosistema osatzen dugunok garela kultur-politika estrategikoak gidatu behar ditugunak, Euskal Herri mailan eta herriz herri. Auzolanean ardaztuta, instituzioen eta merkatuaren logikak barneratzen dituen kulturgintzaren alde egin behar dugulakoan nago. Hasiko gara subordinatu izateari utzi eta hegemoniko bihurtzeko elkarlanean? Trantsizio horretan ika-mikak izango ditugu, erabat zilegi bezain beharrezkoak diren aldeko eta kontrako kritikak egingo dizkiogu elkarri baina ekosistema batu gisa jokatzen badugu, ez gaituzte etsaituko. Bitartean, gure sortzaileak defenditzen jarraituko dut.

OHARRA: Artikulu honen bertsio osoa www.berria.eus helbidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.