Eta ELA?

Antton Etxebeste, Kizkitza Gil de San, Vicente, Floren Aoiz eta Miren Zabaleta - Sortuko kideak

2018ko azaroak 17
Urteetan, Lizarra-Garaziren porrotaren ostean, ELAko buruzagien artean «kendu behia korridoretik» esaldia ezagun egin zen, ETAri errefentzia eginez. Baldintza bat zen, LABekin ekintza-batasunerako eta esparru abertzalean EAJren alternatiba izango zen artikulazio soziopolitikoaren alde egiteko. «Etxerako lanak egin behar dituzue» esaten ziguten ELAkoek. Ezker abertzalearen estrategia-aldaketak indarrak metatzeko eta eraldaketa sozialerako oinarriak eta ortzemuga ezartzeko balio zuela zioten.

Zein izan da errealitatea? Oso bestelakoa. Estrategia-aldaketaren ostean, ELAk, lan-erreformen aurkako grebak despolitizatzeaz gain, EAJren aurrean burujabetzaren aldeko pedagogia ez garatzeaz gain, EH Bildurekiko distantzia modu artifizialean areagotu du, Nafarroako aldaketa gutxiesteaz batera, beharrezkoa den espiritu kritikotik harago dauden posizioei eutsiz. Horrez gain, LABekin ekintza batasuna baldintzatzeko hamaika justifikazio plazaratu ditu, ad hoc, etengabe. Bestela esanda, aldaketa politiko eta sozial betean, baturarako eragile izan beharrean, agertoki berriko enfant terrible gisako zerbait izatera pasa da.

Estrategia aldaketaren ondorengo testuingurua, gehienbat, arazo bihurtu zaio bere proiektu sindikala kolokatzeko, eta ez du aukeratzat jotzen aldaketa politiko eta sozialaren traktore izango den gehiengoaren artikulazioa osatzeko konpromiso kolektiboen batura garatzea. Diskurtso eta irudi sozial bat eraikitzeko obsesioa erakusten ari da ELA, sindikalgintzan kuantitatiboki nitxo berrietara gerturatzeko. Hori eta gutxi gehiago. Zilegia da norbere antolakundearen garapena aurreikustea, beti ere iruzur ideologikorik egiten ez bada, teoria-praktika iruzurrik egiten ez bada, eta are gutxiago nazio gisa bizitzen ari garen une historikoa gutxiesten ez bada.

Garrantzi handiko unea bizi dugu: Estatua bere lurralde ereduaren krisiari erantzuteko inboluzio anti-demokratiko sakonean murgildurik, Katalunia du jopuntuan, EAEn erabakitze-eskubidearen aldeko gehiengo politikoa dago, eta Aldaketaren Gobernuak erregimena alboratu du Nafarroan. Horrez gain, gehiengo sindikal indartsua dugu kuantitatiboki eta potentzialtasun handiko mugimendu soziala erabakitze-eskubidearen edo susperraldian dauden dinamiken inguruan (feminismoa, pentsiodunak, Altsasu...). Era berean, Estatuak ez duenez eskaintza demokratikorik egiteko gaitasunik, gure herrian legitimatzeko ezintasun ikaragarria du eta horrek egoki prestatu behar dugun konfrontaziora garamatza, beraz, ahalik eta masa- eta gizarte-kontzientzia aktibo mailarik altuena behar dugu.

Testuinguru honek eskatzen du gure artean gutxienekoak artikulatzeko ahalegina egitea, bai gure errealitate nazional eta soziala baldintzatzen duten marko juridikoen aurkako konfrontazio demokratikoa garatzeko, bai politika sozial eta ekonomikoak planteatzeko. Baina ELAk, kale.

Nazio-ardatzean, bere zentralitatea aldaketa politiko eta sozialerako faktore gisa indartu du. 79ko Estatutua babestetik haren heriotza aldarrikatu eta EAJrekin minimoetako akordioa(*) defendatzera igaro zen. Egun, aldiz, EAJk eta EH Bilduk onartutako oinarri eta printzipioen akordioa gutxietsi du. Berriz diogu: Lizarra-Garazi aurretik eta ondoren abertzale eta progresisten arteko batura defenditu du ELAk proposamen taktikoa, harik eta ezker abertzaleak estrategia-aldaketari heldu arte. Estatus berriko oinarri eta printzipioek subjektu politikoaren aitortza, erabakitze-eskubidea, eskumen soziolaboralak, konpetentzia-blindajea, galdeketak... kualitatiboki ez al dute orain dela 40 urte babestu zuten estatutu ezberdin baten hezurdura osatzen? Nola ulertu behar dugu posizio kritiko hori, Madrilen bilerak egin dituztenean EAJri, ERCri, Lan ministroari, PdeCATi eta abarri Negoziazio Kolektiboaren erreforman aldaketak eskatzeko?

Zein da arazoa? EAJ eta haren sinesgarritasun zein aliantza maila? Ados. Guk ez diogu EAJren sinesgarritasunari babesik eskainiko, baina horri erantzuteko bi posizio daude. Bata, EAJrekin konfrontazio zuzenari eutsiz ardatz nazionalean; horrek espazio independentista eta aldaketa sozialaren aldekoa artikulatzea eskatuko luke, eta ELA antolakunde independentista gisa azaltzea. Eta bestea, planteamendu taktikoen bidez estatus berriko edukiak EAEn eta Nafarroan, sektore politikoen (EAJ, Podemos...) eta sozialen aukerak modu positiboan baldintzatzea, burujabetzaren aldeko oinarriak zabaltzeko helburuarekin. Baina ELA ez dago lehen aukeran, bere posizio estrategikoan kohesio eta determinazio falta dela-eta; ez eta bigarrenean, bere proiektu sindikalari lotutako egokiera-politikoko irizpideengatik.

Alderantziz, ihes egiten dio edozein inplikazio taktiko-estrategikori. Horretarako, harri-kartoizko diskurtso sasi-ezkertiarra osatzen du burujabetza-prozesuari kontrajartzeko. Subiranismoa arlo sozialetik zabaltzeko beharra argudiatzen du, eta ondorioz EAJ baztertzen du naziogintzako edozein konpromisotarako. Orduan, ELAn dauden EAJko milaka afiliatu eta boto-emaileak neoliberal hutsak ote dira? Zer egingo dute haiekin? Kinka honetan, borrokatu nahi omen dituzten neoliberalei erraztasun handienak testimonialismo ezkertiarrak eman liezaizkioke. Bitxia da Urkulluren, Vocentoren eta ELAren erantzunen arteko sintonia ezker abertzaleak herri-itunei buruz hitz egiten duenean.

Bere armada gudu-zelaira eraman gabe, ELAk baldintzatu nahi du aldaketa politiko eta sozial baten aldeko gehiengoa artikulatzea nahi duen ezker subiranista. Gure iritziz, egun potentzialtasun handiko gertaerak jazotzen ari dira. Horiek guztiak bideratu eta traktore-politiko eta soziala izatea beharrezkoa da. Emakumeen eta pentsiodunen mobilizazioen potentzialitateaz ari gara; Gure Esku Dago-ren ekimenez ari gara; preso eta iheslariak etxeratzeko mobilizazioez; sindikalismo abertzalearen ekintza-batasunak eman dezakeenaz; gizarte-, kultura- eta politika-espazio anitzaz ari gara, euskal subjektu nazionala egituratzeko balioko duten ardatz eskean ari den horretaz, herri honen aitortza eta burujabetza prozesua aldarrikatzeaz batera, Kataluniarekin sinkronizatzeko eskatzen ari den horretaz...

Ez dugu itxurakeriarik behar, ez eta baldintza iraunkorrik. Baturak behar ditugu, norabide berean doazen edukinen baturak, gizarte-artikulazio eta -mobilizaziorako borondatea duten baturak.

(*) Elorrietak hau zioen: «Batzuek diote Ibarretxe Planaren aurka gaudela eta ez da egia. Haien estrategia horrekin bat ez etortzearen aurka gaude», «haiek mugarria jartzen duten lekuan, zuek ere jarri ezazue».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna