Feminismoa ez-kapitalista izango da, edo ez da gailenduko

Nekane Jurado - Ekonomista, psikologo klinikoa, genero ikertzailea

2019ko martxoak 1
Boterearen biopolitikak Martxoaren 8a hartu du. Komunikabide guztiek oihartzun handia ematen diote lan eta kontsumo grebari, nahiz eta hurrengo egunetan dendak betetzera bultzatuko gaituzten, eta Martxoaren 8an egin gabe geratu zen lan guztiaz arduratzera. «Borroka feminista transbertsal» horrek ezkutuan uzten du auziaren muina, «esplotatzailea» eta «esplotatua» pankarta berean elkartzen dituenez gero, eta, hori ikusirik, borrokan dihardugun emakumeok eztabaida sakon bati aurre egin behar diogu.

Nancy Fraser buru dutela, pentsalari feminista eta antikapitalista andana batek —besteak beste, Cinzia Arruzzak, Tithi Bhattacharyak, ezagunenak aipatzearren— zenbait gako proposatu ditu Manifestu Feminista baterako, eta horiek lehenbailehen sozializatu eta eztabaidatu beharrean gara.

«Borroka feminista» izenpean, kontrako ideologiak dituzten «feministak» daude, kontrakoak diren klase sozialetakoak, nazio zapaltzaileetakoak eta nazio zapalduetakoak.

Feminismo liberalaren aurpegi ezagun batek, Sheryl Sandberg milioidun handiak, zera adierazi zuen 2018ko Martxoaren 8ko grebara deitu zuelarik: nahikoa izango litzatekeela herrialdeen eta enpresen erdiak emakumeek zuzenduak izatea eta etxebizitzen erdiak gizonek gobernatuak izatea mundua bizitzeko leku hobea gertatzeko.

Sandbergek ez du auzitan jartzen kapitalismo globalizatua —ez haren eredu politikoa eta eredu ekonomikoa—, zeina aberastasun pilatzaile handia baita, maila globalean zein lokalean. Mundu mailan, zortzi pertsonak daukate planeta erdiak bezainbesteko aberastasuna. Kasu guztietan enpresariak dira, gizakien lana eta naturako baliabideak muturreraino esplotatzen dituztenak; eta berdin dio zein generotakoa den enpresa zuzendaria, edo zein generotakoak diren halako esplotazioaren aldeko legeak egiten dituzten politikariak, helburua bera baita: ahalik eta mozkinik handiena ateratzea.

Komunikabide nagusiek, oraindik ere, parekatu egiten dute feminismoa bera eta eredu liberaleko feminismoa, hau da, «aurrera egitea» eta «kristalezko sabaia» apurtzea ardatz duena, hala emakume pribilegiatu gutxi batzuek gora egin dezaten enpresa munduan, politika instituzionalean, edo indar armatuetako eta zapaltzaileetako kide direnak mailaz igo daitezen. Neoliberalismoaren aliatu den feminismo horrek ez dakarkie onurarik emakumerik gehienei; aitzitik, egiaz, kalte egiten die, ez baititu jorratzen emakumeek jasan behar izaten dituzten murrizketa sozioekonomiko eta biopolitiko astunak. Murrizketa horiek berekin dakartzate hautabiderik eza eta desberdinkeria.

Feminismo liberala bateragarria da aberastasunaren eta diru sarreren inguruko desberdintasun gero eta handiago horrekin, eta distira progresista bat ematen dio neoliberalismoari, emantzipazioaren kimera batekin ezkutatuz bere politika atzerakoiak. Hierarkizazio soziala indargabetu ordez, hura feminizatzea du helburu, gailurrera heltzen diren emakumeak beren klaseko gizonen parekide izan daitezen bermatuz. «Ekiteko» bidea ematen die emakume profesionalei eta kudeatzaileei, horretarako baliatzen baitira gaizki ordainduak, migranteak eta langile klasekoak diren emakumeez, zeinak azpikontratatzen baitituzte zaintza lanak eta etxeko lanak egin diezazkieten. Kristalezko sabaia apurtu nahi da, beste emakume batzuk (gehiengoa) behartuz kristal apurtu horiek batzera eta txukuntzera.

Bestalde, 2018ko Martxoaren 8ko mundu greban, milioika manifestarik eskatu zuten «zapalkuntzarik, esplotaziorik eta indarkeria sexistarik gabeko gizarte libre bat», eta «matxinada eta borroka» proposatu zuten «patriarkatuaren eta kapitalismoaren aliantzaren kontra, zeinak esaneko, otzan eta isil nahi baikaitu emakumeok». Azken batean, haien xedeek aurre egin behar diote eredu zibilizatorio baten krisi estruktural bati: bizi mailen gainbehera handia eta hondamendi ekologiko berehalakoa; gerrak eta desjabetzeak; migrazio masiboak, alanbrezko arantzez hartuak; arrazismo eta xenofobia adoretu berriak; ahalegin handiz lorturiko eskubideen deuseztatzea. Hori da libre egin gaitzakeen feminismoa, gai baita halako erronken tamaina igartzeko, eta haiei aurre egitea baitu xede.

Eta aldeak argi daude. Bide batetik joanda, mundu guztiko biztanle gehienen biziak miseriara kondenatuak daude. Beste bideak, berriz, gizateriaren ametsetan betidanik irudikatu izan den mundu mota ekarriko luke: bertan, emakume guztiek izango lituzkete aberastasuna eta baliabide naturalak, eta berdintasuna eta askatasuna premisak lirateke, ezen ez xede. Emakumeok jarrera bat edo beste hartu behar dugu. Aurrerantzean ere «berdintasun aukera eta guztiko menderakuntzaren atzetik ibiliko al gara», planeta kiskaltzen ari den bitartean? Edo modu ez-kapitalistan birformulatuko dugu genero justizia, gizarte berri batera eraman gaitzan, gaur egungo sarraskiaz harago?

Kontua ez da utopia irudikatuak zirriborratzea, baizik eta argitzea zer bide ibili behar den gizarte justu eta berdinzale bat erdiesteko. Antisistemiko deitura okerra ematen dieten mugimendu antikapitalistekin bat egiteak bakarrik bihurtuko du gure borroka «%90entzako feminismo».

Martxoaren 8an nazioez gaindi bat egitea ez da kalean festa bat egiteko, nahiz eta hori izan gure hurbileko ingurunean dagoen irudipena. Aitzitik, borrokarako prest agertzeko da, botere patriarkalaren adierazpide guztien kontra jarduteko, eta, Lucharon contra la hidra del patriarcado: Mujeres Libres (Patriarkatuaren hidraren kontra borrokatu ziren: Emakume Libreak) nire liburuan jada landua dudanez, botere horrek hidraren lau buru ditu euskarri: zapalkuntza, esplotazioa, menderakuntza eta kolonizazioa. Lau buru horiek moztuz soilik bermatuko dugu matrien balioek —berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako balioek— behingoz suntsitzea patrien balioak —metaketan eta bazterkerian oinarritu eta indarkeria erabiltzen duten balioak—.

Nik, emakume zuria eta europarra naizen honek, ez ditut nahi gizon zuri europarrek dituzten pribilegio berberak; nik pribilegiorik gabeko mundu bat nahi dut.

(Erredakzioan itzulia)