Zonifikazioa, zergatik bai?

Idoia Sobrino Lopez
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Zergatik den garrantzitsua zonifikazioarekin bukatzea galdetu ohi da. Horrela planteatuta, betikoan gaude. Baina nola argudiatuko genuke alderantziz galdetuko bagenu? Hau da, zeintzuk dira zonifikazioa mantentzearen onurak? Zergatik luzatu beharko genuke duela 30 urteko lege hau?

1- Zonifikazioak nafar batzuk bertzeengandik bereizten dituelako. Bai, hala da, batzuei eskubide batzuk onartzen dizkie eta bertzeei ez. Eta horrekin ados gaudelako, zonifikazioaren alde gaude. Horrela, adibidez euskaraz ez dakien norbaitentzat, euskara ikasteko eskubidea aldarrikatu beharrean, euskara jakin gabe lanpostu publiko bat izateko eskubidea aldarrikatuko dugu.

Baina... erranen digute, horrela langile horren «eskubidea» bermatuko da, ados, baina langile publiko horrek artatuko dituen herritarren hizkuntza eskubideak nola bermatuko dira? Ba... bertze langile batek artatuta, erantzunen dugu. Orduan, erranen dute, beharrezkoa da bertze langile baten lanpostuak «euskara profila» izatea? Bueno, edo hori edo denak gaztelaniaz artatuak izatea, azken finean denek dakigu gaztelaniaz eta.

Edo ez, ez du zertan, haien erantzuna. Gerta daiteke eta gertatzen da, adibidez, Ipar Euskal Herriko ikasleak etortzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikastera, edo Nafarroara bizitzera, bertzerik gabe. Euskaldun horiei nola bermatuko zaie euskarazko zerbitzu publikoa? Bada, erranen diegu, «zonalde euskaldunean» bizita. Ezinen dute beraz Iruñean euskaraz bizi, adibidez? Ez, zonifikazioak ez du eskubide hori bermatzen, eta gu zonifikazioaren alde gaudenez, ez dugu defendatzen bakoitzak nahi duen Nafarroako herrian bizitzea. Guk defendatzen dugu euskaldunek eta euskaraz bizi nahi dutenek herri zehatz batzuetan soilik bizitzeko eskubidea izatea. Orduan, Iparraldeko euskaldunik ez NUPen? Ez, Iparraldeko euskaldunik ez dugu nahi NUPen. Bueno, gaztelania ikasten badute bai, etor daitezela, guk ez dugu inor baztertzen.

2- Nonbaiten bizi beharko dutelako Nafarroara etortzen diren etorkinak eta, zer zentzu du haiek euskara ikastea? Gaztelania ikastea da inporta duena, munduan toki gehiagotan hitz egiten delako. Zonifikazioarekin haiei non bizi eskaintzen diegu, bertzenaz, pentsa, euskara Nafarroa osoan ofiziala balitz, zer eginen lukete «gizajo» horiek? Badirudi EAEn ere etorkinak bizi direla eta ez dutela Nafarroara etortzea hobesten, nahiz eta han lurralde osoan euskara ofiziala izan, erranen digute. Hori bertze erremediorik ez daukatelako da, erantzunen dugu guk. Jakinen balute hemen hobe biziko liratekeela, etorriko lirateke. Beraz, zonifikazioa mantentzearen bertze onuretako bat da kanpotik etorri eta bertan gaztelaniaz bizi nahi dutenentzat txoko eroso bat egitea? Bai, hala da.

Eta etorkinek euskara ikasi nahiko balute? Galdetzen digute. Baina zertarako euskara ikasi? Guk. Eta haiek: bada, gaztelania solasten den mundu guzi horretan ez eta hemen, munduko toki zehatz honetan, Nafarroan, bizitzea erabaki dutelako etorkin horiek. Eta hemen, hemen bizitzeko, hemengo egunerokotasunerako, hemengo ekintza kulturaletan parte hartzeko, hemengo jende guzti-guztiarekin erlazionatu ahal izateko, hau da, beren murgiltzea benetan efektiboa izateko, hemengo, eta ez munduko, hizkuntzak solastea funtsezkoa izanen litzatekeelako. Hori guztia gaztelaniaz ere egin dezakete, argudiatuko dugu guk, ez dago euskara ikasteko beharrik. Azken finean, zer galduko dute? Antzerki pare bat eta hiru bertso saio?

3- Hogeita hamar urte pasatu direlako eta Nafarroa jada «horrelakoa» delako. Horregatik ere luzatu behar da duela 30 urte inposatutako, barkatu, ezarritako zonifikazioaren legea. Baina... berriro haiek, legeak jartzen ahal diren bezala, kentzen ahal dira ere, ezta? Bai, baina herritarrek ez dute nahi lege hori aldatu, erantzunen dugu guk, inongo kontsultarik gabe hori jakin badakigulako, «giroan» nabari baita. Adituek diote erabat ezohikoa dela egoera eta legedi hau, beraien matraka berriro. Europako Hizkuntza Gutxituen Kartak eta duela bi urte Donostian sinatu zen Hizkuntza Gutxituak Bermatzeko Protokoloak ez dutela zonifikazioak biltzen dituen neurriak babesten, alderantziz, honek ez diola euskarari mesederik egiten, eta beraz, euskaraz mintzo diren nafarrei kalte egiten diela. Hizkuntza Eskubideen Behatokia ere hau bera erratera etorri da behin baino gehiagotan Nafarroako Parlamentura eta Nafarroako administrazio publiko desberdinetara, eta herriaren babesa ere jaso du. Bai, egia da, erranen dugu, lau katu dira, baina arras pelmak.

Mundu aldrebes honetan gauzak hankaz goiti jartzen direnean, errazago egiten zaigu buruz behiti ibiltzen ikastea egoera bere baitara itzuli eta bidean xuxen ibiltzen segitzea baino. Horrela gaude Nafarroan, harrigarriki «ohiturekin» malabaretan, baina gai izan bagara 30 urtez erokeria honekin bizitzeko, nola ez gara gai izanen honekin bukatu eta denak berdintasunean bizitzera bueltatzeko? Lau urte hauetan aukera ederra joan zaigu; baietz bertze lautan broma txar honen bukaera sinatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.