Ziklo baten itxiera, aro berri baten hasiera

Gorka Leunda Azurmendi
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
2019ko maiatzak 11, Real Sociedad klubaren historian betirako gordeko den data. Erreginaren Kopa tituluaren lorpenak 15 urteko bizitza zikloari itxiera ematen dio, eta aro berri baterako bidea zabaldu.

Hasierako urte haietan Realeko emakumezkoen taldea osatzen zuten jokalari asko Granadan topatzeak garai haietako gorabeherak ekarri dizkit gogora, eta taldeak zein klubak azken urteetan egindako ibilbideaz eta jasandako hazkundeaz kontzientzia hartzea eragin. 2004an ekin zion Realak emakumezkoen futbolean berezko historia idazteari, ilusioz betetako ziklo bati hasiera emanez. Esan behar da proiektu hori, batetik, Real Sociedad gabeko Gipuzkoako futbola ulergaitzat jotzen zuten kluben ausardia eta eskuzabaltasunari esker sortu zela. Eta bestetik, Realari esker, aipatu kluben zein gizartearen eskariari erantzuna emateko lidergoa hartu behar zuela konturatuta. GarbiƱe Etxeberriak, egun Realeko Kirol Zuzendariak, eta prozesu hartan modu aktiboan parte hartu zuenak, honako hau adierazi zuen finalaren atarian: Atletico de Madrilek 14 talde ditu bere egituran eta Realak, 2, baina klub guztiekin hitzarmena dugu. Proiektuaren DNA esaldi batean, alegia.

Taldea sortzeko prozesuan helburu ezberdinak zehaztu ziren, kirol arlokoak zein sozialak. Kirol helburu nagusia Gipuzkoan historian zehar izandako talentuari garatzeko aukera ematean oinarritu zen, formakuntza ibilbide bat zehaztuz jokalari onenei egitura profesional baten baitan goi mailan lehiatzeko aukera eskaintzeko. Hau guztia oinarrizkoa zen Txapeldun izan zitekeen Reala eraikitzeko. Aitzitik, helburu sozialak Gipuzkoako neskatoak inspiratzeko kirol ereduak sortzera bideratu ziren, haiengan futbolean jokatzeko grina sorrarazi eta Realeko jokalariak izateko ametsa izan zezaten. Azken batean, klubaren ehun urteetako historian Gipuzkoako mutil askok izan dugun desioa haiengan ere piztea nahi genuen.

Orduan, optimistena ere, eta ni tartean ziurrenik, ez zatekeen gai izango Realeko emakumezkoen taldeak Gipuzkoan izan duen eragina aurreikusteko. Proiektua hazi egin da etengabe, aldeko zein kontrako egoeretan, talde txapelduna bilakatu arte bidean aurkitutako hamaika oztopori aurre egiteko pertsona askok egin duten lanari esker. Talde honek, teknikari zein jokalariek, bikain borobildu dute haien aurrekariek hasitako zikloa; Realeko zale guztien sentimendu eta harrotasun txuri-urdina azaleratu dute eta emozioek generorik ez dutela irakatsi digute, hots, ez dituztela gizonezkoen edo emakumezkoen taldeak desberdintzen; barre egin dugu, negar, eta Realak titulu bat lortzeak dakarren sufrimendu eta gozamena sentitu dugu.

Lorpen honekin batera hainbat irudi gordeko dira oroimen kolektiboan. Granada, Trinitate Plaza, Gipuzkoako Plaza eta Alderdi Eder jendez gainezka, adin guztietako pertsonak, neska-mutilak batik bat; Realeko elastikoak barra-barra, horietako asko emakume jokalarien izenarekin. Pentsaezina zen horrelako zerbait orain gutxi.

Historiako mugarria da eta aro berri bati hasiera ematen dio, zalantzarik gabe. Ez du atzera-bueltarik. Reala zein Gipuzkoarentzat izan dezakeen hazkunde potentziala, eta kirol zein gizarte mailan egin dezakeen ekarpena berretsi du. Tituluak sorrarazi duen euforia kolektiboaz haratago, ziur nago klubeko zuzendaritza bizitzen ari garen mementoaz jabetu dela, hain zuzen, proiektuaren etorkizunerako erabakigarria izan daitekeen unean. Orain 15 urte bezala, zalantzak zalantza eta beldurrak beldur, baina konfiantzaz eta ausardiaz, ezinbesteko dira proiektua indartu eta Real Sociedad sendotzeko erabakiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.