Mola, Sanjurjo eta Franco lurpetik ateratzen: estilo kontua

Joseba Asiron - Iru˝eko alkate ohia eta EH Bilduko zinegotzia

2019ko urriak 30
Azaroaren 16an hiru urte izango dira Mola eta Sanjurjo jeneralak Iruñeko Erorien Monumentuko kriptako hobitik ateratzeko prozesua bukatu zela; haiekin batera atera zituzten, halaber, faxisten bandoko sei boluntarioren gorpuak ere. Lan eskerga egin behar izan zen horretarako: alkatetzako bulegoan lehen bilerak egin genituenetik, erabaki genuen erabateko diskrezioz arituko ginela, eta ez zela izango zirku mediatiko bat.

Esparru politikoan, ez zen eragozpenik izan, osoko bilkurako kide gehienak baitzeuden prozesu horren alde: 27 zinegotzitik hamazazpi. Alde negatibo bakarra UPN izan zen, zeren, ezin ulertu zergatik, kolpistak hobitik ateratzearen aurka bozkatu baitzuen. Gainera, garai hartan zenbait talde faxistak mehatxu egin zieten alkatetzan zeudenei sare sozialen bidez, eta alderdi politiko erregionalista horrek, Enrique Maya gaur egungo alkatea buru zuela, ez zituen arbuiatu nahi izan mehatxu haiek.

Lehen harremanak Artzapezpikutzarekin izan genituen; hasieran zalantzati samar zeuden, [...] baina hilabete batzuk igaro ondoren, babesa eman zioten prozesuari. [...] Beste eginbeharretako bat berme zientifiko fidagarri bat lortzea zen, eta, horretarako, harremanetan jarri ginen Paco Etxeberria auzi medikuaren taldearekin; orientazioa eman zigun prozesuaren eskakizun teknikoen inguruan. Hirugarren egitekoa, berriz, senideekin harremanetan jartzea zen, eta Iturralde Ikerketa Elkarteari bitartekari aritzeko eskatu genion horretarako: hain zuzen, hark egin zituen lehenengo harreman guztiz delikatuak senitartekoekin. Han lurperatutako zortzi gorpuak zazpi sendirenak ziren (hildakoetako bi anaiak baitziren); familia horietatik seirekin jarri ahal izan ziren harremanetan, eta lauk onartu egin zuten gorpuak hobitik ateratzea. Sanjurjoren senideek egin zuten gehien prozesuaren kontra, eta haien ordezkaria, kurioski, Enrique Garza abokatua izan zen, zeina Erorien Haraneko priore beneditar (eta falangista) baten hitzaldia antolatzen ikusi baitugu egun hauetan. Azkenik, laugarren lan esparrua juridikoa izan zen, berdin korapilatsua hura ere, eta ez zen bukatu gorpuzkiak atera zirenean baizik geroago.

Halako batean, zehaztu zen azaroaren 16an aterako zituztela gorpuak hobitik. Mola jeneralaren ondorengoek azpimarratu zuten ekitaldiak nahitaez izan behar zuela pribatua, [...] eta aste bat lehenago atera zituzten gorpuzkiak, azaroaren 7an. Gainerako sendiak azaroaren 15erako deitu zituzten, gaueko hamabietatik aurrera, eta 45 minutuan behin familia bat sartu zen, jendea pilatu ez zedin eta alferrik zain egon ez zedin. Kriptan bertan, Etxeberria irakaslearen taldea zegoen (bost lagun), Artzapezpiku- tzaren lau ordezkari, bi igeltsero eta Udaleko hiru kide (zerbitzu juridikoetako burua, Aritz Romeo zinegotzia eta testu honen idazlea bera). Halako batean, beste pertsona bat ere azaldu zen, esan zuenez «kriptaren mantentze-lanen arduraduna», baina, Artzapezpikutzaren ordezkariei galdetu ondoren, atea zaintzen ari ziren udaltzainek ez zioten utzi sartzen.

Senideei dagokienez, gau hartan adeitasuna nagusitu zen, eta batzuek arindua ere hartu zuten, nabarmen; ikusi genuen haietako askoren ideologia politikoa beren senide lurperatuenaren beste muturrean zegoela. Zenbait anekdota kontatzeko gogoa ere nabari zen. Erreketeetako bati dagokionez, jakin genuen mobilizatzera behartu zutela, deskubritu zutelako EAJko militante bat zeukala etxean ezkutatuta; susmoa dute «beretarrek» erail zutela, frontera iritsi orduko. Beste baten kasuan, senideek kontatu ziguten udal «gorri» baten kontrako erasoan hil zela, berak egindako tiro batek errebotatuta; gogoan zuten mediku baten semea zela, eta hil baino bi egun lehenago bukatuak zituela ikasketak, medikuntzakoak (edo arkitekturakoak, beste bertsio baten arabera). Beste familia batek, berriz, esan zigun bere senidea hobitik ateratzeko eskatua zuela zenbait urte lehenago, baina UPNko agintariak luzamendutan ibili zirela eta ez zutela ezer egin. [...]

Azaroaren 16ko 02:45ak zirela bukatu zen prozesua, Sanjurjo jeneralarena izan ezik; izan ere, beren notarioa bertan egotea nahi zutela eta, haren senideak ordua atzeratuz-atzeratuz joan ziren harik eta, azaroaren 16ko arratsaldean, esan genien arte udalaren baliabideekin ekingo geniola baldin eta 19:00etarako han agertzen ez baziren. Azkenean, atera zen kutxa. Kaleko jantzitako zenbait udaltzainek diskrezioz zaindu zuten ibilgailua, eta, azkenean, norena den gogoratu nahiago ez dudan eraikin batean utzi zituzten gorpuzkiak, Dormitaleria kalean; handik hilabete batzuetara, jakin genuen Melillako Heroien Panteoira eraman zituztela; helikopteroz, kaudilloa bezalaxe. Azaroaren 16ko 20:00etarako, bukatua zen prozesu osoa, zeina modu eraginkorrean, profesionalean, ordenatuan, diskretuan eta errespetuzkoan egin baitzen; horixe zen-eta gure asmoa.

Franco hobitik ateratzeaz hainbeste hitz egin den egun hauetan, askotan entzun dut aurrez inoiz ikusi gabeko egun bat izan zela demokraziarentzat, eta, are, prozesua horrela egin zela horixe zelako modu bakarra. Baina ez da egia. Hala erakutsi zuen Iruñeko Udalak, erakunde txikia eta baliabide oso mugatukoa izan arren. Horregatik, eta estatuko hedabide bakar bat ere ez denez gogoratu 2016an Iruñean egin zenaz (segur aski, alkatetzan EH Bildu zegoelako garai hartan), erabakia hartu dut ohar hauek argitaratzeko, eskerrak emateko bai udal teknikariei, bai Udaltzaingoari, bai Paco Etxeberriaren taldeari eta bai Iturralde Ikerketa Elkarteari. Eskerrik asko, bihotzez.

Eta, amaitzeko, zera esan nahi dut: inork galdetuko balit ea Iruñeko desobiratze prozesua eta Madrilgoa benetan izan ziren dirudien bezain ezberdinak, dudarik gabe erantzungo nioke baietz, hala asmoak nola lan egiteko moduak ezberdinak izan zirelako. Eta azken datu bat: diotenez, 63.000 euro kostatu zen kaudilloa hobitik ateratzea. Mola, Sanjurjo eta sei erreketeak ateratzea, berriz, 12.000 euro kostatu zen zehatz-mehatz. Esan bezala: estilo ezberdinak.

( Erredakzioan itzulia )

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna