Itzalpeko futbola, argitara

Tolosak eta Peña Azagresak ezustean hartu nahi dituzte Valladolid eta Celta, Espainiako Kopako lehen kanporaketan. Hamalau euskal talde ariko dira gaurtik etzira bitarte

Tolosak Pontellas hartu zuen mendean atariko kanporaketan. Irudian, jokalariak sailkapena ospatzen. IMANOL GARCIA / TOLOSALDEKO ATARIA.
enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Futbol hitza aditzean, jende gehienari estadio erraldoiak, jokalari jainkotuak eta milioika euro mugitzen dituen negozioa datozkio burura. Kirol erabat mediatiko eta elitista bat, alegia. Baina bada beste futbol bat. Apalagoa. Gertukoagoa. Egoen eta interes ekonomikoen eraginik gabea. Jokoaren esentzia gordetzen duena. Herriko futbola da. Itzalpean egon ohi da, baina argitara aterako da aste honetan, Espainiako Kopa eraberrituan. Espainiako Futbol Federazioak aldatu egin du txapelketaren formatua, eta, hala, lehen kanporaketan gorengo mailako aurkariak izango dituzte Hirugarren Mailara igo berriak diren hamar taldek. Horietatik bi Euskal Herrikoak dira: Tolosa eta Peña Azagresa. Batak Valladolid hartuko du, eta besteak, Celta.

Neurketa historikoak izango dira bi klubentzat. Ehun urte betetzear dira biak ala biak, baina ez dute sekula jokatu Lehen Mailako talde baten aurka. Peña Azagresak erregional mailetan eman ditu urterik gehienak, eta iragan sasoian hirugarrenez igo zen Hirugarren Mailara. Tolosak, berriz, ibilbide luzeagoa du. 1928an, Bigarren Maila sortu berrian parte hartu zuen, eta, geroztik, egonaldi ugari izan du Hirugarren Mailan. Azkena sasoi honetan abiatu du. Edonola ere, gipuzkoarrentzat berria izango da eliteko talde baten aurka aritzea, nafarrentzat bezala. Hala, partida «berezia» izango da, Tolosako entrenatzaile Ander Avellanedaren ustez. «Klub honek lehia asko jokatu ditu azken mendean, baina bakar bat ere ez honek duen oihartzunarekin».

Halako aukera bat ikusita, emozio anabasa izaten da talde barruan. Bat egin ohi dute ilusioak eta urduritasunak, besteak beste. Bada, ororen gainetik, «gogotsu» daudela adierazi du Avellanedak. «Oso talde gaztea gara; jokalarien batez besteko adina 22-23 urtekoa da. Halakorik ez dute sekula bizi izan, ia ametsetan ere ez, eta sekulako gogoa daukate». Peña Azagresan, bestalde, bizitzear direna barneratu nahian dabiltza. Hala azaldu du Rafa Bericat entrenatzaileak: «Jokalariak ezin sinetsita daude. Partidan zehar ere ez dut uste jabetuko garenik. Agian, Iago Aspas edo Rafinha ikustean zabalduko ditugu begiak. Neroni ere hodei batean bezala nago. Partida gogoan nuela, Celtak dituen izenei erreparatu nien, eta begiak igurtzi behar izan nituen».

Festa biribila izan dadin, neurketa behar bezala prestatzen saiatuko dira bi entrenatzaileak. Avellanedak «beste partida bat gehiago balitz bezala» helduko dio. Bericatek ere ez du ezohiko ezer egingo. «Aurkaria aztertzerakoan, betiko lan bera egin dut. Beti saiatzen naiz azterketa sakon bat egiten. Bideoak prestatu ditut, eta jokalariei erakutsiko dizkiet partidaren aurreko hizketaldian. Irabaztea balentria litzateke, eta, noski, beste aldarte batekin egiten duzu lan; baina prestakuntza, funtsean, ez da aldatzen».

Eta balentria gauzatzeko, zer estrategia erabiliko dute? «Gu saiatuko gara haiek zelaian deseroso sentiarazten. Ezin diegu utzi baloia behin eta berriro izaten. Ilusio eta gogo aldetik, irabazi egingo diegu. Ea hortik tiraka neurketa orekatzen dugun», azaldu du Avellanedak. Antzeko errezeta erabiliko du Bericatek. «Lehia gogorra egiten saiatuko gara. Garaipena garesti egongo dela sentitu behar dute haiek. Partida luzea izatea lortzen badugu, aukerak izan ditzakegu. Celtak burua ligan izango du ziurrenik, gaizki baitabil, eta antsietate apur bat ere izan dezake».

Halako norgehiagoka bat zuzentzeko aukera «sari» gisa hartu dute bi prestatzaileek. Bericatek 34 urte baino ez ditu, baina jada hamalau urte daramatza entrenatzaile lanean. «Gauza askoz oroitzen zara halako partida baten atarian: tituluak lortzeko egindako esfortzuaz, itzalpean egindako lan guztiaz… Egia esan, halako aukerak akuilua dira aurrera egiteko». Avellanedak, berriz, hirugarren urtea du teknikari moduan, eta «pribilegiatu» sentitzen da. «Gu ez gara honetatik bizi. Gure lana dugu, gure familia, eta futbola zaletasun bat besterik ez da. Hortaz, itzela da halako zerbait egin ahal izatea. Oso teknikari gutxik dute goi mailako talde baten aurka aritzeko aukera».

Ezin Azagran jokatu

Koparen formatu berriari esker izango dute abagune hori. Edonola ere, izatez talde txikientzat gozokia zena mikaztu egin da apur bat. Izan ere, estadioek baldintza zorrotzak bete behar dituzte, eta hilabete eskaseko epea izan da moldaketak egiteko. «Ateak aldatu eta argiztapena berriztatu behar dira, eta segurtasun enpresa bat kontratatu... Gauza mordoa egin behar da, baliabide oso gutxirekin. Zuzendaritzak sekulako lana egin du», adierazi du Avellanedak.

Tolosa zorionekoa da, bere zelaian, Berazubin, jokatu ahalko duelako. Peña Azagresa, ordea, Calahorran (Espainia) aritu beharko da, Azagratik hamar bat kilometrora. «Ez dut ulertzen zergatik ezin dugun gure herrian jokatu. Instalazio penagarriak bagenitu, isildu egingo nintzateke, baina oso modernoak dira», deitoratu du Bericatek, eta azaldu horrek eragin zuzena izan dezakeela neurketan. «Calahorrakoa belar naturalezko zelaia da, eta zortzi metro zabalagoa. Hortaz, izan genezakeen abantaila galdu dugu. Txapelketak galdu egingo du izan zezakeen xarma».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.