Txirrindularitza. World Tour

Atzerapenik gabe

World Tour egutegiak 36 proba izanen ditu aurten. Urtero bezala, Australiako Down Under itzulia da lehenbiziko lasterketa. Antolatzaileek ziurtatu dute herrialde hori jasaten ari den suteek ez dutela proba arriskuan paratuko.

GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Egoera larrian dago Australia suteen ondorioz, baina Down Under itzuliaren antolatzaileek adierazi dute lasterketak ez duela arriskurik. 800 kilometro ingurura daude suterik handienak, hortaz, World Tourraren hasiera ez da gibelatuko. Gaurtik igandera bitarte, hogei taldetako 140 txirrindulari lehiatuko dira itzuliko sei etapetan, eta liderren artean daude Daryl Impey azkeneko bi ekitaldien irabazlea (Mitchelton-Scott), Richie Porte (Trek-Segafredo) eta Rohan Dennis (Ineos) etxeko txirrindulariak, Simon Yates (Mitchelton-Scott), Romain Bardet (AG2R), George Bennett (Jumbo-Visma), Luis Leon Sanchez (Astana) eta Mads Pedersen munduko txapelduna (Trek-Segafredo).

Esprinterren artean goi mailakoa izanen da parte hartzea: Caleb Ewan (Lotto-Soudal), Sam Bennett (Deceuninck-Quick Step), Elia Viviani (Cofidis) eta Andre Greipel (Israel) egonen dira gaur Tanundako irteeran. Hor hasi eta bukatuko da 151 kilometroko etapa, esprinterrentzako aproposa. Omar Fraile (Astana) izanen da Down Underren parte hartuko duen euskal herritar bakarra. Orain arteko 21 ekitalditan euskal herritar bakarrak lortu du itzulia irabaztea: Mikel Astarlozak, 2003an.

World Tour egutegia osatuko duten 36 probetako lehenbizikoa da Australiakoa. Primoz Roglic esloveniarrak irabazi zuen iaz World Tourreko sailkapena. Espainiako Vuelta irabazi eta Italiako Giroan hirugarren egin zuen, eta aurten Frantziako Tourrera itzuliko da. Denboraldiko pizgarrietako bat izanen da hori. Aurten Jumbo-Visma taldeak handitu egin du itzuli handietarako apustua, Tom Dumoulin herbeheretarra fitxatu baitu. Girorako liderra izanen da Dumoulin. Iaz lasterketa horretan erori ondoren itzuli handirik korritu gabe gelditu zen. Steven Kruijswijk 2019ko Tourreko hirugarrenarekin batera, hiru lider handi ditu Jumbok.

Denboraldiko bertze pizgarri handi bat Ineos taldearen tetrarkiaren garapena izanen da. Itzuli handietako lau irabazle ditu. Egan Bernalek 22 urte eskasekin irabazi zuen Tourra iaz, eta hura ageri da itzuli horretarako lider nagusi gisa. Chris Froome osatu ote den, horixe zalantza nagusia. 35 urte beteko ditu aurten, eta iazko ekainetik ez da lehiatu, femur bat, ukondo bat eta hainbat saihets xehatu ondoren Dauphine kriteriumean. Richard Carapaz fitxaketa berria Giroko garaipena errepikatzeko helburuz eramanen dute Italiara. Geraint Thomasek, berriz, bigarren liderraren rola hartu beharko du bertze behin, baina iazko Tourrean erakutsi zuen badakiela leialtasuna lehiakortasunarekin uztartzen, Bernalen gibeletik bigarren gelditu baitzen, kolonbiarrarekin sintonia onean jardunda.

Iazko itzuli handien irabazleen nagusitasuna pitzatzen saiatuko dira gainerako liderrak. Fitxaketa esanguratsuak egon dira horien artean; errate baterako Mikel Landak eta Nairo Quintanak Movistar utzi dute. Euskal herritarra Bahrain McLareneko lider nagusia izanen da, eta Quintana Bretainiako Arkea Samsic ProTeam mailako taldearen fitxaketa izarra izan da —Tourrak Arkea gonbidatu du—. Vincenzo Nibalik ere taldez aldatu du, Bahrain utzi eta Trek-Segafredora joan da. Movistarrek Enric Mas fitxatu du Landaren eta Quintanaren postuak betetzeko, eta ondoan izanen du Alejandro Valverde, 40 urte betetzear, Olinpiar Jokoak helburu nagusitzat dituena.

Talde berean jarraituko dute Julian Alaphilippek (Deceuninck-Quick Step), Emmanuel Buchmannek, Rafal Majkak eta Peter Saganek (Bora-Hansgrohe), Miguel Angel Lopezek eta Jakob Fuglsangek (Astana), Simon eta Adam Yates anaiek (Mitchelton) eta Rigoberto Uranek (Education First). Bertze fitxaketa esanguratsu bat Philippe Gilbertena da, Deceuninck utzi eta Lotto-Soudalera itzuli baita, zortzi urteren ondoren.

Horiekin batera, ikusmin berezia sortu du iaz maila bikainean lehiatu ziren gazteek aurten eginen dutenak; bereziki, Tadej Pogacarrek (UAE), Mathieu Van der Poelek (Alpecin-Fenix) eta Remco Evenepoelek (Deceuninck).

Hamabi euskal herritar

Euskal herritarrei dagokienez, aurten hamabi txirrindulari ariko dira World Tourrean, iaz baino bi gehiago. Markel Irizarrek erretiroa hartu du 39 urterekin, eta Iñigo Elosegik (Movistar), Alex Aranburuk eta Oscar Rodriguezek (Astana) eginen dute debuta maila gorenean. World Tourrekoekin batera, euskal tropel profesionala ProTeam eta Kontinental mailetan ariko diren 26 txirrindularik osatuko dute. Euskal taldeak hiru izanen dira: Caja Rural eta Euskadi Fundazioa ProTeam mailan, eta Kern Pharma sortu berria Kontinentalean. Kontinentalen ari ziren bederatzi txirrindularik erretiroa hartu dute edo kontraturik gabe daude.

Nazioartean ere txirrindulari ezagun anitzek erabaki dute ibilbide profesionala bukatzea. Daniele Bennati, Stijn Devolder, Laurens Ten Dam, Taylor Phinney, Simon Spilak, Mark Renshaw, Stephen Cummings, Mathew Hayman, Maxime Monfort, Samuel Dumoulin, Hubert Dupont eta Roberto Ferrari daude zerrenda horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.