Zientzia feminista = zientzia bolleroa?

Estitxu Villamor eta Uzuri Albizu
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Bizitza feminismotik pentsatzeko abagune ederrak eskaini dizkigu 2019ak. Garun eta gorputzak astinarazi dizkigute, besteak beste, bai Martxoaren 8ko grebak, bai Las Tesis kolektibo feminista txiletarraren «eta errua ez zen nirea, ez non nengoen, ezta janzkera ere» aldarri performatuak. Halaber, gure txikian asko eragin duen gertakari bat ere oparitu digu iraungi berri den urteak: Euskal Herriko V. Jardunaldi Feminista. Durangon elkarrekin igarotako egun horiek gure genealogia feministako mugarri dira jada, bertan hausnartu eta sentitutakoen harira piztutako eztabaidek pil-pilean baitiraute, oraindik ere, lagun-talde, militantzia-esparru zein komunikabide andanatan.

Bada, egon badagoen salda horrekin mundu zientifikoak zipriztindu nahi ditugu guk gaurkoan. Horretarako, jardunaldi horietan Sare Lesbianistakoek jaurtitako «heterosexuala izanik, feminista izatea posible ote?» lehergai erretorikoa dakargu lerrootara. Izan ere, galderak iradokitzen du identitate sexualek praktika pertsonalen zein politikoen nolakotasuna baldintza dezaketela. Hortaz, baieztapen horri tira eginez, honako galdera hau datorkigu guri burura: ez al legoke sexualitateak zeharkatuta praktika zientifikoa bera ere? Eta, hala izatekotan, zer du sexualetik zientziak?

Horixe bera galdetu zion Evelyn Fox Keller fisikari feministak bere buruari, 1985ean argitaratutako Reflections on Gender and Science liburuan. Zientzia mendebaldarraren historiako bi garai erabakigarritara mugatu zuen hausnarketa: Grezia Klasikora eta Aro Modernora. Zehatzago esanda, zientzia klasikoaren ordezkari den Platonen eta zientzia modernoaren eratzearekin estuki lotutako Francis Baconen obrak lagintzat hartuta gauzatu zuen gogoeta, bi pentsamendu horiek garai haietako zientziaren inguruko ikuskerak isla zitzaketela iritzita. Hona hemen bere analisiaren zenbait zertzelada.

Platonen filosofian, unibertsoa elkarrekiko osagarriak diren bi munduk osatzen dute, materialak (edo irrazionalak) eta idealak (edo arrazionalak), eta bai adimenak, bai naturak bi mundu horiek (materiala eta ideala) dituzte habitat. Platonentzat, ezagutza adimenaren alderdi arrazionala erabiliz naturaren logika (eta ez bere euskarri materiala) desiratzean eta ikuskatzean datza. Bestela esanda, ezagutzaranzko bideak bi baldintza bete behar ditu: batetik, dimentsio idealean gauzatu behar da; bestetik, adimenak natura desira dezan, bideak karga erotikoa behar du. Ondorioz, ezagutza esentziaz parekoak diren bi elementuren elkarketatzat dauka filosofoak; horregatik, adimenaren eta naturaren arteko hartu-emanok horizontalak izan behar dutela dio.

Gauzak horrela, garai hartako eredu afektibo-sexualik hobetsiena (maila sozial bertsuko gizonezko heldu eta gaztetxoen arteko harreman pederastak, alegia) oinarritzat hartuta ezaugarritzen ditu Platonek adimenaren eta naturaren arteko elkarrekintzak. Hain zuzen ere, pederastia tradizional horretatik abiatuz, harreman homoerotiko ideal bat diseinatzen du pentsalariak: gizonezkoen artekoa eta erotikoki kargatua, baina kitzikatze fisiko oro energia intelektualera bideratuko duena. Hala, zientzialariaren eta ezagutza-objektuaren arteko hartu-emanak bi gizonezkoren arteko elkarrekintza erotiko, baina kontaktu sexualik gabekoaren analogoa izan behar duela ebazten du. (Horratx, bidenabar, maitasun platoniko esamoldearen jatorria!)

Francis Baconek, aldiz, naturaren dimentsio ideala arbuiatu egiten du, naturak ez daukala arrazoimenik eta ez dagoela, ondorioz, naturaren logikaz hitz egiterik argudiatuz. Adimen/natura eta maskulino/femenino dikotomien arteko elkarrekikotasuna ezartzen du, orobat, adimena maskulino eta natura femenino izendatuz. Pentsalariaren ustez, ezagutzeko, abstrakzioak albo batera utzi eta fenomeno naturaletan ipini behar da arreta. Halaber, ezagutza ezin da kontenplazio hutsera mugatu: naturaren kontrola eta domeinua ezinbestekoak dira, atzemate horren presiopean baino ez baita natura otzan azaltzen, orduan baino ez baititu bere sekreturik ezkutuenak bistaratzen. Hau da, Baconentzat, ezagutza ondorengoan datza: maskulinoa den adimenak femeninoa den natura menderatzean. Ez harrigarriki, domeinu-eredu hori adimenaren eta naturaren arteko ezkontza heterosexual eta kasto legez irudikatzen du pentsalariak.

Laburbilduz, bai Platonek, bai Baconek praktika zientifikoa garaian garaiko ethos sexualarekiko analogiaz ezaugarritu zuten. Arau sexualak zientzia zeharo zeharkatzen duela iradokitzen du horrek; are gehiago, agerian uzten du zientziak mundu sozialarekiko duen iragazkortasuna, eta, ondorioz, ezbaian jartzen ditu honi esleitu ohi zaizkion neutraltasuna eta objektibotasuna. Beraz, zientzia praxi sozial, partzial eta subjektiboa bada, feminismoek gure jardun pertsonal eta politikoei adi egotera gonbidatzen gaituzten honetan, agian bada gure jardun zientifikoa ere lupa feministaz aztertzen eta, areago, zientzia feministagoak irudikatzen hasteko garaia. Ildo horri jarraikiz eta aurrez ondorioztatutakoak berriz hartuz, eredu afektibo-sexualek praktika zientifikoan eragiten duten heinean, zientzia feministagoak irudikatzen hasteko ahalegin horretan, elkarrekintza bolleroetan arreta jartzea probetxuzkoa ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.