Jeneral ohiaren itzala

Sergio Campo, Sabin Zubiri eta Xabier Mugarza
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Pasa den otsailaren 14an, pandemia gogoangarri honek Enrique Rodríguez Galindoren heriotza ekarri digu, eta horrek Demokraziak hiltzen badu, demokrazia hiltzen da leloa ekarri digu gogora. 1990eko hamarkadanBakearen Aldeko Koordinakundearen leloa izan zen hura. Estatuak berak GALen bitartez burututako terrorismoaren inguruko egia eta justizia eskatzeko leloa. Gure oroitzapenetara bueltatzen da, nola ez, zendu den jeneral ohi honek kriminal bihurtzeraino perbertitu baitzuen bere erantzukizun publikoa. Aurretik Batallón Vasco Españolen (BVE) eta errepresio frankistarekin gertatu izan zen legez, GALen ekintza bakoitzarekin demokrazia bahitu, torturatu eta erailtzen zen.

Rodríguez Galindoren figuraren inguruan, elkarren artean erlazionatuta dauden eta elementu amankomuntzat demokrazia suntsitzea duten hainbat krimen aurkitu daitezke. Bitxia bada ere, demokrazia indartzeko helburuarekin Estatu terrorismoaren aurka gehien borrokatu zirenetako hainbat ETAren eta jeneralaren mehatxupean egon ziren.

1983ko urriaren 15a memoria kolektiboan era lazgarrian markatutako data da. Egun horretan GALek bere ibilbideari ekin zion, Baionan, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketarekin. Ondoren, Intxaurrondoko kuartelean eta Donostiako La Cumbre jauregian jasandako tortura basatien ondorioz zer egoeratan zeuden ikusita, Galindok eta Julen Elgorriagak, biek ala biek, erailtzea eta desagerraraztea erabaki zuten. Azken hau, Busoten, Alacanten gertatu zen, eta hantxe izan ziren bi gazteen gorpuak karean lurperatuta, eta bi familia oso, guztiz suntsituta, harik eta 1995ean Alacanteko Polizia Nazionaleko Jesús García García komisarioari esker gorpuak identifikatu ziren arte. Azken hau Galindoren aurkako lekukotza ematen hil zen tribunal aurrean, bihotzekoak jota, izugarrizko presioa jasaten ari zela.

90eko hamarkadaren bigarren erdialdean, Guardia Zibileko, Polizia Nazionaleko, CESIDeko eta Barne Ministerioko instantzia gorenetako kideek GAL talde terroristaren sorreran, zuzendaritzan, finantzaketan eta estalketan izandako inplikazioa ikertzen aritu ziren, bai kazetaritza mundutik, baita Auzitegi Nazionalekoen partetik ere. Epaiketa zigorrak 2000ko apirilean iritsi ziren, eta 2001eko eta 2002ko uztailean berretsi zituzten, Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak, hurrenez hurren.

Demokrazia hain luzaroan kutsatzen zebiltzanen gainetik demokrazia bera gailentzen zen urte berorietan, Estatu Terrorismoaren aurka egiteagatik Galindok bere jomugan zituen hainbat pertsona erail zituen ETAk.

2000ko uztailean Juan Mari Jauregiren erailketa izan daiteke esanguratsuena. Tolosan hil zuen Juan Mari ETAk. Frankismoaren aurkako militantea eta Basauriko espetxean beste preso batzuei euskara-eskolak ematen zizkien preso politikoa; Gipuzkoako gobernadore zibila eta, horrenbestez, Galindo eta haren jarraitzaileak GAL zela-eta ikertu ahal izateko funtsezko pertsona; bere parte hartzeari esker Lasa eta Zabala auziko epaia posible egin zuena. Maixabel Lasa emazteak eta Maria alabak urte batzuk geroago adierazi zuten bezala, jasan beharreko ondorioen jakitun zegoen Juan Mari Jauregi: «Ez dakit nork hilko nauen, ETAk edo Galindok berak». Galindo jeneralak berak hilko zuen beldur zen, baina ETA aurreratu egin zen. Hori bai, biak ala biak arrazoi bera dela medio: demokraziarekiko bere atxikipena. Bere hilketarekin, aurretik Lasa eta Zabalarenekin bezala, demokrazia erailtzea zen helburu.

Baina Jauregi ez zen bakarra izan. 2001ean zerbitzu publikorako bokazioa bere biziarekin ordainarazi zion ETAk Jose María Lidóni. Lidón izan zen, Elizabeth Huerta instruktorearekin batera, 80ko hamarkadan Linaza auzia esanguratsuan hamabi guardia zibil, koronelak barne, torturengatik auzipetu eta kondenatu zituzten lehen epaileetako bat.

Handik gutxira, 2003an, ETAk Joseba Pagazaurtundua erail zuen. Andoaingo udaltzain gisa egin zituen ikerketak lagungarri izan ziren Iturbide eta Zabalak osatzen zuten trantsizio garaiko eskuin muturreko Batallón Vasco Español talde terroristako talde eragile nagusietako bat desegiteko. Talde hori heriotzaren triangelu gisa ezagutzen zen eremuan (Urnieta, Hernani eta Andoain) ezker abertzaleko hainbat militante eta ordezkari publiko erail zituen talde berbera izan zen.

Izan ere, jeneralaren itzala hain zen luzea, non zikindu zuten demokraziaren izenean hil eta torturatu zuten guardia zibilak ikertzera eta kondenatzera ausartu ziren epaileek ere mehatxuei aurre egin behar izan zieten. Joaquin Giménezek, garai haietan Gipuzkoako eta Bizkaiko Probintzia Auzitegietako presidente izan zenak, zehatz-mehatz azaldu izan du. Galindo izan zen, 1986ko urte judizialaren irekieran Bandres eta bere «askatasunagatik hiltzen da, baina ez da akabatzen» aipatzea aurpegiratu ziona. Galindo zen inpunitate osoz epaileei jazartzen zitzaiena, auzitegia dozenaka ibilgailu militarrez inguratuz, guardia zibilak deklaratzera deitzeagatik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari babesa eskatu behar izateraino. Epaile horietako bat Joaquín Giménez bera zen, 18 urtez indarkeria eta tortura kasuak epaitzen aritu ondoren bere hilketa zehaztasunez planifikatuta zuen ETAren mehatxuengatik Euskaditik alde egin behar izan zuena, ETAko presoak Euskadira hurbiltzea eta birgizarteratzea defendatzen duen epaile bera.

Estatuko funtzionario batzuek hilketa eta tortura izugarrizko hutsalkeriaz darabilten elkarrizketa argitaratu berriak argi azaleratzen du inpunitatea noraino errotua zegoen, 1985ean jeneralak bihozgabe zuzentzen zuen Intxaurrondoko kuartelean Mikel Zabalza hil zuen poltsa bezain itogarria izateraino.

Joxi Zabalaren arreba den Pili Zabalak honako hau zioen Galindoren heriotzaren harira: «Biktimak eta hiltzaileak betirako lotura izango dute, bai ala bai; gure abizenak elkarren ondoan egongo dira Galindok nire anaia gogorarazten didan heinean». Galindoren izena Estatu demokratiko batek terrorismoaren aurkako borrokan egin behar ez duenaren sinbolo gisa gelditu bedi. Ezin dugu bere itzalpean Lasa, Zabala, Zabalza eta beste horrenbesteren historiak errepikatzeko tentaziorik utzi.

Euskadin demokrazia defendatzea terrorismo mota guztiei aurre egitea zen. Gure herrialdean luzaroegian erail da: diktadura garaian, demokraziaren aurka, baita bere izenean ere. Hilketa politiko orok pertsonarekin batera demokrazia erailtzen zuen. BVE, GAL edo ETA izan, bahitu, torturatu, mehatxatu eta erail dutenak saiatu dira demokrazia hiltzen. Eta demokrazia horrek hainbeste erasoren ondoren iraun badu, ez da, Twitterren guardia zibilen elkarte jakin batek dioen bezala, Galindo jeneralari esker izan; hari eta hark zituen jarraitzaileei aurre egin zieten pertsonen konpromisoari esker izan da, Juan Mari Jauregi, Joseba Pagaza edo Jose Maria Lidón bezalako pertsonei esker, hain zuzen ere. Ez dezagun ahaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.