Koloreak eta hizkera moldeak

Edna St. Vincent Millayren poemak euskaratu ditu Ana Moralesek. Christopher Okigbo itzuli du Karmen Irizarrek, eta, hartara, lehendabiziko poeta afrikarra da Munduko Poesia Kaierak bilduman

Edna St. Vincent Millay estatubatuarra. BERRIA.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Bakoitzaren bereizgarriak eta kolorea,/ bere hizkera moldea.../ horiek alda ditzake, denbora askorekin, zumarrak; eta/ tamarizak halaber. Baina gosez hiltzen, baina hotzez badago akabatzen...»; Edna St. Vincent Millay idazlearen Ez nazio batengatik poemako pasarte bat da, Ana Moralesek itzulia. «Danborretik jan dut/ zinbaletik edan dut/ zure ezkontza ganberan/ sartu naiz eta hara!/ neu naiz nire sorterriratzearen lekuko bakar»; Christopher Okigbo idazlearen Distantziak poemaren amaiera da, Karmen Irizar Segurolak euskaratua. Munduko Poesia Kaierak bildumako 37. eta 38. zenbakiak aurkeztu zituen atzo Susa literatura argitaletxeak, Beñat Sarasola idazlearen edizioekin eta hitzaurreekin.

Christopher Okigbo poeta afrikar handienetako bat da. Nigerian jaio zen, Ojoton, 1932an; eta gazterik hil zen, 1967an, borrokan, Nigeriaren eta Biafraren arteko gerran. Chinua Achebe eta Wole Soyinka idazleekin elkarlanean, Nigeriako literaturaren bultzatzaile nagusia izan zen. Koloreen eta formen eztanda modukoak dira Okigboren poemak; eta haien parajeetan landaredia (izpilikua, irokoa, sandaloa...) eta animaliak (lehoiak, elefanteak, arranoak...) bizi dira gizakiekin, poetaren lagunekin eta senitartekoekin.

Poema modernista eta konplexuak dira asko, eta collage teknika darabil maiz. Irakurleak irudi festa baten erdian topatuko du bere burua. «Okigboren poesiaren ezaugarri nabarmenetako bat da, modu tradizionalekin txertatuta agertzen dela aberastasun modernista», idatzi du Sarasolak liburuaren hitzaurrean. «Erreferentzia klasikoak ugariak dira, kultura klasikoari dagozkionak, erlijiozkoak eta mitologikoak, baina orobat ageri dira ahozko tradizio literarioaren zantzuak».

Edna St. Vincent Millay (1892-1950) ingelesezko poesia lirikoan gailenen artean da. Pulitzer poesia saria eskuratu zuen 31 urte betetzerako; sari hori lortu zuen lehenengo emakumea izan zen, eta AEBetako poetarik entzutetsuenetakoa bilakatu zen. «Ni poetikoaren sentimendu barnekoak agertzen dira Millayren poesian, edertasunez adieraziak. Haren esku eta teknika poetiko paregabearen bidez ontzen ditu gai klasikoak, hala nola amodioa, heriotza, haurtzaroa», Sarasolaren arabera.

Jazz aroko poeta

AEBetako 1920ko hamarkadako literatur giroa bizi izan zuen Millayk. «Jazz Aroko poeta bat da», esan zuen Moralesek.

Hemezortzi poema libururen egilea izan zen, «goi mailara eraman zuen sonetoa, gazteen belaunaldiarentzat erreferentzia izan zen, rock izar baten parekoa». Argitaratu eta berehala ahitzen ziren Millayren liburuak. «Aktore formazioa ere bazuenez, errezitatzaile aparta zen, ahotsa oso ondo proiektatzen zekien, eta irratian aditzen zitzaion».

Garai hartako beste zenbait poetaren aldean molde klasikoak erabili zituen Millayk, nagusiki forma neurtu eta errimatuak baliatuta. Hala ere modernoa eta apurtzailea izanik edukiz, kontrastea da haren poesiaren ezaugarri behinenetako bat. Poema ezagunenetan «lotsaren gabezia, independentzia, askatasun pertsonala eta sexuala aldarrikatu zituen Millayk».

Kezka sozialei ez zien bizkar eman: feminismoa, atetik; auzi politikoak, bestetik. Hiltzera zigortutako Sacco eta Vanzetti anarkisten auziaz poemak idatzi zituen, baita AEBetako nazionalismoaren aurka, edo faxismoaren kontra ere Espainiako 36ko gerra garaian eta Bigarren Mundu Gerran. «Kritikak zigortu egin zuen horregatik, eta hala hasi zen Millayren sonaren gainbehera».

Morales itzultzaileak adierazi zuen ahalegin berezia egin duela errimaren eta neurriaren efektua ekartzeko euskarazko piezatara, «kadentzia edo musikaltasun kutsu bat, horretarako poetak baino silaba gehiago behar izan ditudan arren».

Tradizioa eta modernismoa

Hiru poema liburu argitaratu zituen Okigbok, eta gerran hil eta lau urte geroago plazaratu zuten laugarrena. «Argia da haren idazkera batzuetan, lausoa besteetan», aitortu zuen Irizarrek. «Zenbait kontzeptu guretzat arrotzak direnez, eta adiera biko hitzez jolasak ere egiten dituenez, sortzera joan behar izan dut euskaratzean. Okigbo itzultzeko mundu tradizionalari buruzko jakintza behar da». Baina, aldi berean, munduko literaturen eta kulturen berri zabala zuen idazleak; «Yeats, Picasso eta beste askori erreferentzia egiten die poemetan», esan zuen Irizarrek. «Keinu batzuez jabetu naiz, baina beste asko oharkabean igaroko ziren».Okigbok begiak zabalik zituen mundura, eta tradizioaren eta modernitatearen artean bat egiteko dohaina erakutsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.