«En bilingüe, ¿vale?», horrela denok ulertzen dugu

2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Zenbat aldiz entzun dugu gure inguruan horrelako baieztapen errugaberen bat? Edo esan beharko nuke errukigabea?

Elebitasuna hiztunek bi hizkuntza aldizka eta era orekatuan, hots, gaitasun antzekoarekin, erabiltzen duteneko egoera da. Elebitasunez komunikatzeko gaitasuna dugu, bai, baina zer demontre, gehienetan bi hizkuntza baino gehiagotan komunikatzeko gai gara, orduan eleaniztasuna dagoela esaten da, eta subjektuak eleaniztunak direla.

Elebitasunerako baldintza gisa bi hizkuntzak era orekatuan erabili ahal izatea ezartzen bada ere, hainbat elebitasun maila ezberdindu ditzakegu. Elebitasuna ezaugarri jarraitutzat harturik, elebitasun hasiberria, arina eta oso arina bereiz daitezke.

Zorionekoak gu, eleanitzak, betidanik esan baitigute hizkuntza gehiagok aukerak zabalduko dizkigula.

Gure euskara zahar honek bide luzea egin du aitzindari ezezaguneko abiapuntu komunikatibo hartatik. Hilzoritik, bere errautsen gainetik hegaldi irmoan atera zen aspaldi, denek galdutzat eman zutenean. Gertaera ebolutibo horrek egiten gaitu izan, euskara dun aberats. Hizkuntza eskuzabal, asertibo etaintegratzaile baten edukiontzi biologiko.

Zenbat aldiz entzun izan dugu«gehiengoak euskaraz ez dakienez, erderaz eginen dugu» edo «¡Eh! ¡A mi en cristiano, que no entiendo!»... Maldan gora jartzen zaiegogoa lehen hitza euskaraz egitera animatzen diren ahobizi berriei. Eta bai, bazen duela denbora bat euskara ez zuen jendarte ugari, euskaltzale eta euskaldun esparruetan ere... Anitzak baikara, banakotasunaren aldaera ona da, baina ez gaitezen diskurtso merkeetan erori... elkarrekiko begirunearen gainetik inoiz jarri gabe.

Gu euskaldunak, besteek begiekin begiratzen adituak... sumatzen gaituzue abegikor, integratzaile, gehiengoaren komunikazio gaitasuna bermatzeko prest, umilki eta borondate onez onartu, onartu, onartu, onartu, onartu, onartu...

Gaztetako pentsamendu bat etortzen zait gogora. Euskaldun berri ginen batzuk, hots, ikastola edo herri eskoletan euskara gure egin genuenak, amets bat izan genuen: «Gure seme-alabak euskaldun zaharrak izanen dira». Hori pentsatze hutsak bihotza bizkortu, begiak kriseldu, eta ornoarteak tinkotzen zizkidan...

Eta amets bat egia bihurtu nuen ama izan nintzenean. Nire etxean ama hizkuntza euskara izango zela sentitu nuenean. Inoiz ezin ahantzi, ordea: euskaldun berririk gabe ezin euskaldun zaharrik topa. Hizkuntzaren jarraiera biotikoa dugu, hizkuntzen biosfera ziklikoa, eta nire kasuan maitasuna ekarri zidan habitat paregabea.

Eta topa, eta topa, eta topa eta topa egin dezagun! Etorkizuneko euskaldun zahar horiengatik, haien ametsa euren ondorengoak euskaldun zahartu nahi dituzuen hiztun distiratsu, ausart eta eskuzabalaren alde. Hizkuntzaren genetikari jarraikortasun iturri, hizkuntza ororen emankortasun eta moldakortasun gordailu.

Orainean, oraingoetara etorrita, elebintasunaren txanponak bi aurpegi dakarzkit gogora; gehiengo euskalduna dagoen esparruetan ere, erdara erabiltzen baita. Elebidunon ditxosozko mkt minimo komun txikienak galtzen gaitu, gehienok partekatzen dugun hizkuntza gailentzen baita gutxiengo izanik ere; gehiengoa orain ez da zilegi, gehiengoa gehiegikeriatan dagoela sentiaraziz.

Orain dator nire galdera, eskua altxatuta eta hatz erakuslea zuzen eta tinko jarritaimajina nazakezue zuen gogoan: Noiz da nire txanda? Zein da nire eremua? Noiz mintza naiteke nire ama hizkuntzan? Noiz da euskararen txanda?

Arestian, begirunea eskatzen zuten euskaldun ez ziren banakoek, eta gu, euskaldun eskuzabal, zabal, integratzaile, tzaile, ateratzen ginen beti galtzaile; baina, tira, gehiengo demokratikoen gizartean gutxiengoak betigal. Txanponaren beste aldean ere, gehiengo euskaldunak dauden egoeretan, argudioen sinonimoa aplikatzen saiatzen zarenean... non dago nire begietatik ikusten duen banakorik?

Hau da nire egia, euskalduna naiz, nire hizkuntza altxorra da, nire hizkuntza zientzia egiteko gai da, edozein hitzaldi pedagogiko, matematiko, fisiko zein kimiko adierazteko ez dut beste hizkuntza baten beharrik. Gustuko dut, nirea da, nire Burgoseko amarena eta nire Sevillako aita arbizuarrarena. Nigan ereindako erlauntza, nire alaben kromosometako lokusetako hizkuntza, nik nire ingurukoengan landatu nahiko nukeen hazia... eta maitasun sentsazio lehergarri honen aurrean, euskaldun eskuzabal eta integratzaile naizen hau sarritan nire txanda aldarrikatzeagatik sentitzen naiz galtzaile, baztertzaile, disgregatzaile, tzaile, tzaile, tzaile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.