Albistea entzun

Hedoi Etxarte. Idazlea eta editorea

«Munduko poemarik onenak ez du konpentsatzen maite duzun norbaiten falta»

Duela bi hilabete hasi zuen bidea Hedoi Etxarteren 'Sortaldekoak' poema liburuak, eta egilea feedbackaz gozatzen ari da orain. Iruñerriak «zentralitatea» hartu duen garai batean argitaratu izanaz «harro» dago.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko abenduak 29 - Iruñea

Ahots askotan babestuz ahots berri bat lortu du Hedoi Etxartek (Iruñea, 1986) bere hirugarren poesia liburuan, eta argitaratu orduko iragarri du azken-aurrekoa izango dela. Bizipen intimoek, senideen memoriak, egunerokoaren detaileek, eta musika eta literatura erreferentziek egiten dute oihartzun Sortaldekoak (Susa) lanaren lau ataletako olerkietan, genealogiatik zein ontologiatik duen obra bat osatuz. Baina proiektua ez da paperera mugatzen, liburuari lotutako ikus-entzunezko bi pieza ere sortu baititu: Zerua eta Sua, Ion Celestino, Amaia Espinosa eta Moises Berdoncesekin, eta Usozaleak, Xabier Erkiziarekin. Eta gehiago ditu publikatzeko prozesuan.

Bide bat egin dute jada liburuak eta hari lotutako ikus-entzunezkoek. Nolakoa izaten ari da?

Oso ederra, maila guztietan. Nik ez dut inoiz honen pareko ezer jaso. Badira poema zehatzei erreferentzia egiten dietenak; badira poemak berridatziak bidali dizkidatenak, beren egoerak kontatzeko; eta badira hiruzpalau irakurle mota gauza diferenteak aurkitu dituztenak. Buruan geratu zaizkit dozena bat eslogan, eta bat da Ion Celestinorena. Zera esan zidan: «Liburuan ez dira nire toponimoak agertzen, baina nire tokiak dira». Esateko bezala: «Badakit zertaz ari zaren». Beraz, oso pozik nago. Egia da liburuari lagundu diotela harekin zerikusirik ez duten gauza batzuek: hedabideen lanak, ikus-entzunezko proposamenek... Eta une honetan Iruñerriak Euskal Herriko panoraman badu zentralitatea, eta horrek ere lagundu dio.

Azaltzen dira bizitza eta heriotza, oroitzapenak eta bizipenak, eguneroko gertakariak... Nor zaren eta nondik zatozen islatu duzu, inoiz baino gehiago?

Bai. Ez nuke hainbeste identitatetik planteatuko; niretzat inportanteena da hor dauden piezek izatea entitate artistiko bat. Nik ez dut poema bat sartzen niretzat bitalki inportantea delako hori munduari esatea, baizik eta iruditzen zaidalako lortu dudala poema nabarmen bat egitea. Egia da aurreko liburuekin alderatuta gauzak identifikagarriagoak direla. Lehenengo liburuan [Suzko liliak, 2008], barne munduak edo hizkera kodifikatuak zeukan tokia; bigarrena [Sinplistak, 2012] gauza askoz teatralagoa zen, kasik ariketa espresionistak ziren; eta honetan, nahi izan dut ahalik eta zehatzena izatea. Alde horretatik, ez da hainbeste orain kontatu ditudala orain arte kontatzera ausartu ez naizen gauzak, baizik eta kontatu ditudala orain arte ausartu ez naizen moduetan.

Inoizko olerkirik pertsonalenak dira, eta inoiz baino begi gehiagoren aurretik pasatu dira publikatu aurretik. Hala behar zuen?

Ez zuen zertan, baina banuen errespetu handia hor kontatuko ziren horietan inplikatuak zeudenekin, eta ni neu bakarrik inplikatua nengoenean ere, bi filtro handi izan ditut: batetik, Ruben, nire lagunik handiena, editoreei erakusteko bertigoa nuenean poemak ikusten zituena; eta, bestetik, editoreak, erabakitzen zutenak ea poemek bazuten tokia liburuan edo ez. Hautaketa lan hori oso beharrezkoa izan da.

Bederatzi urte dira aurreko poesia lana argitaratu zenuela. Denborak aurrera egin ahala gehiago kostatzen da ahots propioa edo hitz zehatzak topatzea?

Bai. Nire kasuan, kostatzen zaidana da estetika berri bat aukeratzea, eta estetika hori niretzat sinesgarria eta esanguratsua izatea. Hori da lanik handiena poema liburu bat nik egiten dudan bezala egiteko. Badaude aukera diferenteak, bada jendea ahots bera lantzen, zehazten eta hobetzen pasatzen duena bizitza; baina nik beste hautu bat egin dut: ahots ezberdinak landuz joatea liburuz liburu.

Dolu batean murgilduta egin duzu liburua. Nola eragin diote elkarri dolu prozesuak eta sortze prozesuak?

Esango nuke liburuari ez diola bereziki eragin. Hemen badaude gure aitaren ospitalizazio garaiari buruzko hiru poema, haren heriotzari buruzko beste baten bat... Baina ez dauka zentralitatea. Konturatzen naiz zerbaiti buruz ongi idazteko behar dudala hori bukatuta egotea: hilda egotea. Liburu honetan protagonismoa duena, azaletik azken poemara, Aitorren [Etxarte] ama da, eta duela hamar urte hil zen. Denbora horietan mugitzen naiz. Hemen kontatzen ditut duela 30 edo 25 urte gertatu zaizkidan gauzak, eta, gertuagokoak kontatzen ditudanean, azalekoak izaten dira.

Eta alderantziz, liburuak doluan eraginik izan du?

Uste dut liburuak dolua atzeratu duela. Bada ikusi duenik liburu honetan doluaren parte izan daitekeen zerbait, baina nik kontrakoa egin behar izan dut: sartzen banintzen neure burua birkokatzeko ariketan —ulertzen dudalako dolua hori dela—, ezingo nuen liburuarekin jarraitu. Horrek ez du kentzen badudala gogoa Aitorri buruzko zerbait egiteko, baina liburu hau ez da hori.

Bada hildako gertuko pertsonei lotutako konstatazio bat: ez dituzula egin nahi haiekin egiten zenituen gauzak, haiek oroitzeko; haiekin egon nahi duzula.

Bai, hori errepikatu nuen bi poematan, eta badirudi ariketa literario bat dela, baina konstatazio sentimental bat izan zen, erabatekoa. Eta, adibidez, poema horiekin jaso dut jendearen feedbacka, kasuren batean sukaldaritzari lotua. Konturatzen zara egiten duzula zerbait maite zenuen norbaitek egiten zuen bezala, baina nahiko zenukeena dela harekin egon. Alde horretatik, uste dut sublimazioaren halako irakurketa bat egiten dela: zerbait lazgarria gertatu zaizu, baina horrekin pieza artistiko nabarmen bat egin duzu. Horrek balioko dio jende bati, baina nik uste dut munduko poemarik onenak ez duela konpentsatzen maite duzun norbaiten falta.

Errepresaliatutako zure senideen memoriak hartzen ditu olerki asko. Sarritan azpimarratu duzu ez dela euskal literaturarik egin 36ko gerraren inguruan. Zer dago horren atzean?

Segur aski oso esplikazio konplexua da. Baina ni oraindik harriduraren fasean nago, eta hasieran nire harridura ez da politikoa, narratiboa da. Alegia, nola da posible Hego Euskal Herrian 25.000 hildako utzi zituen gatazka batez ez egotea 30 film, 60 nobela, 20 ipuin liburu? Milaka istorio daude, kontatu egin behar direnak. Nire liburuan ez dago tesirik, eta, zorionez, inork ez du horrela hartu; kontatzen dira familia jakin baten errepresio pasarteak, inolako ikerketarik egin gabe; gure amonari entzun dizkiodan istorioak. Eta ez ditut kontatu nik dakizkidan pasadizo asko, baina izugarriak dira. Eta, adibidez, atzo bertan ikusi nuen Nafarroako Memoriaren Institutuak koordinatu dituen memoria guneen inguruko eskuorri bat, eta, toki bakoitzaren inguruan zeuden hiru lerroak irakurtzen, pentsatzen nuen zer egin daitekeen toki horietako bakoitzarekin... Hori da nire afera. Eta nire susmoa da hori guztia fikzioan ez kontatzeak bestelako esplikazio bat izan behar duela, eta esplikazio horretan badela hautu kontziente bat.

Gertakari xume asko ageri dira liburuan, eta esan izan duzu halako detaileak lehen hutsalak iruditzen zitzaizkizula eta orain hor ikusten duzula handitasuna. Zerk aldatu dizu ikuspegia?

Segur aski, literaturak. Munduaren ikuskera, ala jendeak aldatzen dizu, ala filmek, literaturak, saiakerek... Nire kasuan, esaterako, Suzko liliak liburuan, surrealismoaren aurkikuntzak, hor zegoen literatura guztiak, aldatu zidan bai hiria, bai harreman intimoak ulertzeko modua. Gero, marxismoak artearen inguruan egiten dituen irakurketek, eta Bertolt Brechtetik aurrerako antzerkiak, bere garaian egon ziren eztabaida politiko-artistiko guztiek, aldatu zidaten mundua ikusteko modua. Eta, oraingoan, antzekoa gertatu zait: ulertu ditut gertatu zaizkidan gauza asko, gertatu eta hamar urtera, Sharon Oldsen poema bat irakurtzen. Orduan hasi naiz ulertzen ordura arte ebatzi gabeko pasarte asko. Zeren hori baita poema bat: lortzea zehaztasuna ematea gertatu zaizun zerbaiti, eta gainera transferigarria izatea. Zerbaiten inguruan poema bat egiten duzunean entitate bat eta forma bat ematen baitiozu gertakizunari, eta pentsatzeko eta hitz egiteko toki bat bihurtzen baita

Zuk noiz sumatu duzu zure olerkiek hori eragin dutela?

Niri Durangon [Bizkaia] erizain bat etorri zitzaidan liburua erostera, haren Whatsapp talde batean hemengo poema bat ibili zelako. Poemaren gaia zen zergatik asteburuetan auto gutxiago dauden ospitaleko parkingetan. Baina antzeko gauza bat gertatu da Audi A4 zuriarekin egindako poemarekin. Poema hori auto jakin bati buruzkoa da, baina, Begoña del Tesok esan zigun bezala: «Gu ja ez goaz Audi A4 zurian, gu goaz poema batean agertzen den kotxe batean». Alde horretatik, irakurleoi, fikzioa irakurtzen dugunean, asko interesatzen zaigu zehaztasuna, eta uste dut sarritan fikzio askoren herrena hortik datorrela, zehaztasun faltatik.

Zure hirugarren poema liburua da, eta jada iragarri duzu bizitzan lau idatziko dituzula. Mugak askatzaileak izan daitezke?

Bai. Hori txantxa bat bezala hasi zen, baina orain bai dudala bulkada hori: lau egingo ditut, eta kito. Gure garaiak esaten digunaren kontra, uste dut mugak askatzaileak direla. Demagun zu autonomoa zarela; esaten badiozu zeure buruari 19:00etatik aurrera ez duzula lanik egingo, hori muga bat da, baina uste dut oso osasungarria dela. Gainera, nik badakit nire gaitasunekin zer zaila den orain beste ahots bat asmatzea. Gauza asko gertatu behar zaizkit, literarioki gauza potenteak aurkitu behar ditut, edo konexio bat izan behar dut haiekin, beste zerbait asmatzeko. Esaten dut beste bat egingo dudala ez dakidalako nondik asmatu beste ahots bat.

Liburua proiektu zabalago baten barruan dago, ikus-entzunezko atala ere bai baitu. Nola elikatzen dute elkar bi aldeek?

Erabat. Erabaki nuen ikus-entzunezko proiektua egitea liburua egiten nuen bitartean. Liburua bukatu gabe, uztailaren 8an, zortzi ordu pasatu nituen Xabier Erkiziarekin Iruñerrian, paseatzen, hitz egiten eta poemak irakurtzen. Eta liburua existitzen ez zenean ariketa hori egiteak asko lagundu dit, poemen kontzientzia handiagoa hartzeko. Bestalde, maiatzetik Ion Celestinorekin eta Moises Berdoncesekin egon nintzen liburuaren preludioa izango zen Zerua eta sua pieza egiten, eta horrek ere ekarri zidan liburuaren kontzientzia handia. Pieza eraiki genuen liburuan agertzen diren aipuei forma berri bat emanez. Gainera, Moisesek ez dakienez euskaraz, itzuli egin nituen, eta itzulpena beti da kontzientzia ariketa bat. Eta bide horretan jada jaso nuen haien feedbacka. Eta Zerua eta sua-ren bideoa Arrigurirekin egin genuen, eta oso interesgarria izan zen, haiek ez zutelako liburua osorik ezagutzen, eta beste istorio bat asmatu zuten, liburuan garatzen ez zena. Pauso bakoitzean joan ginen lanari dentsitatea emanez, eta horrek guztiak eragin dio liburuari.

 

 

Askotan esaten duzu «2021a ekialdearena» dela. Urte bizia izan da Iruñerrian; nola sentitu zara, zuk ere zure sormen lana garai honetan plazaratuta?

Ohore bat izan da. Aurten zen Parisko komunaren 150. urteurrena, eta horrekin lotuta egin den gauzarik nabarmenena izan da Broken Brothers Brass Bandek 1871 abestia atera zuela, Louise Michelen poema batzuetan oinarrituta. Bestetik, otsailetik, sentsazioa zegoen Iruñerrian zerbait gertatzen ari zela. Hofek Kurosawa abestia atera zuenean izan zen, eta hortik aurrera ez da gelditu olatua: Ibil Bedi, Chill Mafia, Tatxers... Oraindik ez da atera, baina hor sartuko nuke Broken Brothersen diskoa; jakin dugu datorren urtean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala Iruñerrian izango dela; Karrikirik bere martxa hartu du; Laba sortu da... Eta hor sartuko nuke, gainera, Saioa Alkaizak eta Nerea Ibarzabalek irabazi dituztela Nafarroako eta Bizkaiko txapelketak. Gauza oso nabarmenak dira garai gris batean. Eta teoria asko daude, baina nik uste dut ukaezina dela eskualde bat egon baldin bada hori markatu duena ekialdea izan dela, eta ekialdearen barruan, Iruñerria.

2022a ekialdearena izango da?

Fermin Muguruzak Barañaingo nabean esan zigun: 1980ko urteetan Irunen [Gipuzkoa] eta Gasteizen gertatu zen bezala, gauza hauek normalki ez direla urte bateko kontua. Ikusi beharko dugu zer gertatzen den orain 14 urte dituztenekin, 18-22koak zer egiten ari diren ikusten ari direnekin. Nik uste dut onena etortzear dagoela.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Miren Billelabeitiaren aurkezpena, Elkar liburu dendan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gazteen inguruko aurreiritzien aurka

Olatz Silva Rodrigo

Miren Billelabeitiak 'Norberak maite duena' saiakera kaleratu du, Pamiela argitaletxearekin. Urteetan gazte eta ikasleekin liburuen inguruan izandako solasaldietan oinarritu du liburua

Robert Treviñok zuzenduko du orkestra. ©JUAN HERRERO / EFE

EOk 'Lorratz' estreinatuko du, Elkanori buruzko proiektuko azken obra

Mikel Lizarralde

Zuriñe F. Gerenabarrenarena da lana, eta Euskadiko Orkestraren denboraldiko laugarren kontzertu programaren barruan joko dute

Plateruena: berriz zabalduko ditu ateak

Durangoko Plateruena kafe antzokiak berriz irekiko ditu ateak

Iñigo Astiz - Paulo Ostolaza

Udalarena izango da, baina kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du; kultur mahai batek gidatuko du. Gune berriak hiru erpin izango dituela azaldu dute: euskara, kultura eta sorkuntza.

Harkaitz Cano idazlea, bere poema liburu berria esku artean duela, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Harkaitz Canok ‘Pozaren erdia’ poema liburua plazaratu du

Ainhoa Sarasola

Susarekin eman du lana argitara. 64 soneto bildu ditu idazleak, eta aitortu du «adiktiboa» egin zaiola hamalaudunaren egituran barneratzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.