Seaska berria

2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Aurten 50 urte beteko dira Ipar Euskal Herrian lehen Ikastola sortu zenetik. Geroztik, bide emankorra egin da. Zailtasunak eta oztopoak oro gaindituz, proiektu egonkor eta gotor bat eraikitzea lortu da.

Baldintza oso gogorretan egin ziren lehen urratsak. Ausardia handia behar zen ordu hartan inolako laguntza eta ezagupen ofizialik gabe eskola proiektu bat eraiki eta haurrak bertan eskolatzeko. Garai hartako gurasoen ausardiaren emaitza da inondik ere egungo egoera.

Bost hamarkadaz Seaskak esperientzia eta zilegitasuna eskuratu ditu jendartearen begietara. Euskara berreskuratzeko bidean betetzen duen funtzioaz harago, lurraldea egituratzeko tresna bihurtu da, eta egun, Ipar Euskal Herriko eragile sozial eta kultural nagusietarik bat ere bada.

Ikastolen bilakaerak fase ezberdinak izan ditu. Lehen urratsak euskal gogoaren pizkundearen erdian egin ziren, eraikuntza ikuspegiak akuilaturik, aldebakarrez eta lekuko instituzioen esku-hartzerik gabe.

Bigarren aldia 1994an Frantziako hezkunde nazionalarekin hitzartu akordioak ezaugarritu zuen. Estatu administrazioaren ezagutzak ikastolen proiektuaren nolabaiteko normalizazioa eragin zuen. Eta garapena berehalakoa izan ez baldin bazen ere, azken urteetan Seaskak izan duen hazkundearen iturburua normalizazio fase horretan aurkitzen da. Nekezazaldu daiteke ikastolen garapena instituzio publikoen esku-hartzerik gabe. Zenbakiak adierazgarriak dira oso. Heldu den eskola sartzean, 4.100 ikasletik gora izanen dira Seaskako 31 lehen maila, lau kolegio eta lizeo bakarrean.

Erran nezake hirugarren fase baten atarian aurkitzen garela. Alde batetik, ikastolen eskaintza indartu eta eremu nahiz sail berrietara zabaltzeko baldintza objektiboak sekula baino agerikoagoak dira. Bestetik, estatu administrazioaren jarrerak inboluzio aldi bat iragartzen du. Estatuaren jarrera aldaketaren iturburuan lekuko hizkuntzekiko mespretxua aurkitzen bada ere, bilakaera orokorrago baten ondorioa da. Izan ere, ikastolen garapena eta beharrak ez diruztatzeko erabakia Frantziako zerbitzu publikoen eta eskola ereduaren berrantolaketa irizpideetan zedarritzen da.

Ikastolen ikuspegian eta proiekzioan sakoneko aldaketa bat beharrezkoa dugu. Agerikoa baita aurreko belaunaldiek eraikitakoaren itzalean jarraitzen dugula. Haatik, ikastolen sorrera eta garapena ahalbidetu duten errezetek sabaia jo dute. Besteak beste, bestelako egoera batean aurkitzen garelako. Eta bestelako erronkak ditugulako. Ikastolen proiektua eta funtzioak gaurkotu behar ditugu beraz, herri proiektuaren erdigunean kokatuz. Horretarako, ikastolen sortzaileek izan zuten hein bereko anbizioa berreskuratu behar dugu. Ezer baino lehen, ikastolen izaera estrategikoaren aldagai ezberdinez jabetuz.

Murgiltze ereduaren sustatzailea

Euskara hizkuntza gutxiagotua da gure lurraldean, eta frantsesarekiko diglosia harremanak euskararen peko errekaratzea eragiten du, egunetik egunera. Azken inkesta soziolinguistikoek argiki adierazten dute euskararen etxeko transmisioa zinez larriki apaltzen ari dela. Hortaz, eskola transmisioak soilik du bermatzen euskararen ikasbidea.

Sare publiko eta pribatuan urteak dira eskaintza elebiduna zabaltzen ari dela. Haatik, sail elebidunak ikasleen euskararekiko atxikimendua piztu badezake ere, ez du euskararen eskola transmisioa bermatzen. Hiztun elebidunak sortzen dituen eredu bakarra murgiltze eredua da.

Sare publikoan ama eskolan murgiltze eredua 2013an proposatzen hasi ziren, legeak ahalbidetzen duen esperimentazio koadroaren baitan. Alta bada, Macronen gobernuak geldialdi bat erabaki berri du. Hiru gela berri zabaltzeko eskaria baztertu ondoan, ikusteke dago aurrera begira Hezkunde Ministerioak zer ebatziko duen. Ipar Euskal Herrian haur guztiek ukan behar lukete euskara eta euskaraz ikasteko aukera. Hortaz, berdintasunaren printzipioari jarraikiz, ikastolek Ipar Euskal Herrian nagusi den hizkuntza diskriminazioa iraultzeko funtzioa betetzen dute.

Gaur-gaurkoz murgiltze eredua burutik buru soilik Seaskak proposatzen du. Ikastolen eredua euskara berreskuratzeko bide eraginkor bakarra den heinean, botere publikoen eginkizuna ikastolen garapena bermatzea izan behar da. Are, ikastolek euskara berreskuratzeko instituzioek ebatzi misio publikoari erantzuten diotenez, zerbitzu publiko bat eskaintzen duten egitura gisa ezagutuak izan behar dute.

Lurraldearen bizkarrezurra

Luzaz estatuak du lurralde oreka bermatu, hiriguneetatik urrun bizi ziren herritarrei zerbitzu publikoak eskainiz. Azken urteetako deliberoek, aldiz, hiriguneen kontzentrazioa eta landa eremuen hustea eragin dute. Zentro urbanoen eta periferiaren arteko urruntzea, ekonomia, kultura eta jendartearen bilakaera ardazten ari da. Lurralde orekak desegiten ari dira.

Ikasgelen hesteak zerbitzu publikoen eraisketa mailakatua irudikatzen du. Alta, estatuak eskolak itxi dituen une berean, ikastola berriak sortu dira. Ikastolak barnealdeko herri eskola publikoentzat mehatxu izatetik eskola eskaintza bermatzeko alternatiba izatera pasatu dira. Hortaz, ikastolek zerbitzu publiko herrigilea eskaintzen dute. Lurraldearen barne orekaren eta dinamismoaren parte bilakatu dira. Metropolizazioak eta zerbitzu publikoen eraisketak marrazten duten etorkizun desorekatuaren aurrean, ikastolen garapenak bestelako lurralde artikulazio bat ahalbidetzen du.

Aldagai hauetaz jabetu eta gogoeta sakon baten beharra agerikoa da. Zangoak begiratzen ditugula ibiltzea beharrezkoa bada, ezinbestekoa zaigu ikusmira epe luze-ertainean ezartzea. Gogoeta ezin da soilik Seaskarena izan. Ipar Euskal Herriko eragile sozial, ekonomiko eta kulturalek oro parte hartu behar dute, lurraldearen bilakaera bera baitago jokoan.

Hizkuntza eta lurralde diskriminazioei aurre egiteko, Seaskak bere eskaintza ama eskolatik lizeora Ipar Euskal Herri guztian bermatu behar du. Hortaz, heldu den urteetako erronka nagusia ez ote da barnealdean lizeo berri bat eraikitzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.