Patxi Zabaleta

Euskararen akordioa Nafarroan

2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Nafarroako Foru Hobekuntzaren 9. artikulua aldatzearen akordioa eta Nafarroan euskararen koofizialtasuna ezartzeak gizartearen gehiengo handiaren onespena izango luke eta, gainera, premiazkoa bilakatu da. Badira bost arrazoi aldaketa horren beharra, egokitasuna eta logika adierazten dutenak. Ziur nago estatuak berak ez lukeela oztoporik jarriko, 1982an jarri ez zuen bezala. Bost arrazoi hauetako bakoitzak tratatu oso bat osa lezake, nahiz hemen laburki aipatu.

1. Hizkuntza eremuen kontzeptuak ez du zehaztasunik, ez dauka antzekotasunik nazioartean edo arlo autonomikoan, eta zaharkituta gelditu da. Hizkuntza eremuetan oinarritutako arauketa hau hizkuntza politikareneta soziolinguistikaren arteko nahasketa oker batean oinarritzen da.Hizkuntza eremuak soziolinguistikako gauza dira, baina hizkuntza eskubideek berdinak behar dute Goizuetako edo Mendigorriko herritarren artean.

Nazioartean edo estatuko autonomietan ez dago hizkuntza eremurik. Euskaltzaindiak arautu berri ditu munduko estatuen hizkuntza ofizialen izenak; eta ez dago inon zonaldekako arauketarik. Ezta bi hizkuntza ofizial dituzten autonomietan ere, nahiz zonalde soziolinguistiko ezberdinak eduki. Bestalde, Nafarroako kasuan, hiriburuan euskara koofiziala ez izateak zentzu guztia kentzen dio lur-eremu ofizialtasunari. Ezin liteke ahaztu, gainera, euskaldunik gehiena duen udalerria Iruñea dela.

2. Foru Hobekuntzaren 9. artikulua trikimailu edo sabotaje politiko batean oinarritzen da. Nafarroako Legebiltzar Foralak 1981ean Foru Hobekuntzaren oinarriak erabakitzerakoan, euskarak eta gaztelerak Nafarroa osoan koofizialak behar zutela eta luketela erabaki zuen. Horixe izan zen negoziatzaileei emandako agindu zehatza.

Baina Foru Hobekuntzaren zirriborroa negoziatu zuten Nafarroako bost ordezkariak izan ziren hizkuntza eremu edo zonaldeen asmakeria mahai gainean jarri zutenak. Ez estatuko ordezkariak. Aitzitik, estatuko ordezkariak harrituta gelditu ziren, baina, haietako baten lekukotasunaren arabera, ez zuten eragozpenik jarriko Nafarroako koofizialtasuna beste autonomietan eta mundu guztian bezalakoa izan zedin. Beraz, Foru Hobekuntza negoziatu zutenek tranpa edo sabotaje bat egin zieten Nafarroako Parlamentu Foralari eta herri osoari.

Esandakoari gehitu egiten zaio Foru Hobekuntza ez zela herritarren onarpenera erreferendumean aurkeztua izan. Gaur egun Nafarroako hizkuntza politika eredu homologarrietara eramatekotan sabotaje hura gainditu beharra dago. Ez dira nahikoak 1986ko legearen garapenean egindako dekretuak eta aginduak, eta ezta legearen beraren aldaketa ere.

3. Foru Hobekuntzaren 9. artikulua ez dator bat, eta ez du betetzen Konstituzioaren 3. artikulua. Konstituzioaren 3.2 artikuluak hitzez hitz esaten du: «Beste hizkuntza espainiarrak ere ofizialak izango dira, zein bere erkidego autonomoan dagokien estatutuaren arabera». Beraz, ez dio eremukako arauketari babesik ematen. Zentzu berean, Prozedura Administratibo Komuneko 39/2015 Lege Organikoak ere ez du eremu posibilitaterik aurreikusten edo aipatzen.

Okerrago oraindik, hizkuntzaren ofizialtasun kontzeptua hiriburuaren arauketarekin lotuta dagoenez gero, hiriburu batean hizkuntza ofiziala ez denean, Iruñean gertatzen den bezala, erkidego osoko ofizialtasuna hutsaldu egiten da.

Laburbilduz, esan genezake hizkuntzei buruzko konstituzioaren arauketa txarra baldin bada, Foru Hobekuntzak okertu egiten duela; eta are gehiago, 1986ko legeak okertu egiten du oraindik gehiago Foru Hobekuntzaren okerra. Nafarroari eta bere legegintza arloko ekimenari dagokionez, premiazkoa da hizkuntzaren araudia parametro duin eta zuhurretara eramatea, eta horretarako ez da aski 1986ko Lege Forala aldatzea; eta gutxiago oraindik lege hori garatzen duten dekretuak edo aginduak eta abar hobetzea edo txukuntzea.

4. Euskarari buruzko epaien kontraesana eta Europatik behin eta berriro datozen eskakizunak. Nafarroako Auzitegi Nagusiak azken 40 urteetan emandako epai anitzek halako ezaugarri «isomorfo» bat daukate; hain zuzen ere, guztiek gai berdinaz jarduten dutela. Betiko gai komun eta berdin hori zera da: ea hurrenkeran ebatzitako Foru Dekretuak, Foru Aginduak, Hizkuntza Arau edo Ordenantzak eta mota guztietako Lan Deierak gainditzen ote duten ala ez zonifikazioaren muga.

Baina azpimarratzekoa da 2019ko azken aldean emandako epaietan, lehengo argudiaketa berresteaz gainera, behin eta berriro errepikatzen den leloa hauxe dela: «Hizkuntza herritarraren eskubidea da». Iradokizuna ematen du. Legea edo arauketa osoa aldatu beharra dagoen iradokizuna.

Bestalde, Europatik behin eta berriro errepikatzen zaizkio Nafarroari euskararen erabilpen ofizialak gainditzeko eskakizunak. Baina eskakizun horiek guztiak ezin dira behar bezala bete, ez baldin bada sakontasunez Nafarroako euskararen araudi eredua aldatzen. Hau da, ez baldin bada Foru Hobekuntzako 9. artikulua aldatzen.

5. Irlandako adibidea. Ipar Irlandako indar politikoek, hiru urteko gobernu haustura gaindituta, lortu berri dute azkenean adostasun bat. Akordio horren oinarri eta muina gaeliko edo irlanderaren koofizialtasuna ezartzea izan da. Arlene Foster Erresuma Batuaren aldeko DUP alderdiko liderrak hurrengo gogoeta egin du: «Badago nortasun irlandarreko eta nortasun britaniarreko jendea, eta ez dago pertsona bat bestearen gainetik jarri beharrik».

Nafarzaletasunak, nabarrismoak alegia, XXI. mende honetan bere XIX. mendeko jatorrira itzuli beharko luke eta euskararen aldeko jarrera berreskuratu. Nafar gizartea euskarari buruzko aldaketa aurrerakoi, demokratiko eta homologarria egiteko prest dago. Akordioak Foru Hobekuntzaren 9. artikulua aldatzea izan beharko luke, orain 40 urteko trikimailu hura gaindituz. Herritarrek ongi eta lasai hartuko luketela eta hartuko dutela ez dago zalantzarik. Soilik zentralismoaren frankiziak egongo lirateke aurka, baina egiazko nafarzaletasunak alde egon beharko luke. Dagoeneko Ipar Irlandan ez da inor Ian Paisley erreberendoaz oroitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.