Frantziako Tourra

Nahasmenean, nagusi izan da

Matej Mohoricek irabazi du Tourreko hemeretzigarren etapa, ihesalditik irtenda. Cavendishen 35. garaipenak Paris arte itxaron beharko du. Gaur erlojupekoa dute

Nahasmenean, nagusi izan da.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Mark Cavendishen (Deceuninck) markak bihar arte itxaron beharko du. Eddy Merckxen errekorra hausteko etapa aproposa zirudien atzokoak, baina ihesaldiak ametsa zapuztu zion atzo Man uharteko esprinterrari. Matej Mohoric (Bahrain) izan zen ihesaldiko txirrindularirik indartsuena, eta harentzat izan zen Tourreko hemeretzigarren etapa. Esloveniar gazteak bigarren garaipena du aurtengo ekitaldian.

Jo ikaragarria izan zen etapako lehen kilometroetan, eta ihesaldiari asko kostatu zitzaion tropeletik aldentzea. Deceuninckek ihesaldia kontrolpean eduki nahi zuela zirudien, baina aurreko multzoan Ballerini sartu, eta, 82 kilometroren faltan, hogei lagunek osatutako taldeak bi minutu baino gehiagoren aldea eskuratzea lortu zuen. Bi minutuko langa pasatuta, aitaren batean hamar minutu inguruko abantaila hartu zuen ihesaldiak. Lasterketa buruko talde horretan zen Ion Izagirre (Astana).

Helmugarako 47 kilometroren faltan, gauzak nahasten hasi ziren ihesaldiko taldean. Ezaugarri ezberdinetako jendea izanik, bakoitzari komeni zitzaionaren arabera hasi ziren jokatzen. Txirrindulari guztiak norberaren mesederako hasi ziren lanean, elkarri erasotzen. Gutxinaka-gutxinaka, lasterketa burutik iheslariak atzean geratuz joan ziren, hamar txirrindulari geratu arte.

Irabazteko elkarren artean lehiatu beharra zutela zirudien, baina, helmugarako 25 kilometrora, Mohoricek, erasoa jo, eta bakarrik alde egin zuen. Esloveniarrak Le Grand Bornand-en erakutsi zuen bakarkako lanetan ondo moldatzen dela, eta atzo hala berretsi zuen. Kilometroek aurrera egin ahala, minutu inguruko abantaila zuen bere alde. Atzeko taldean ez zen akordiorik egon, Bahraingo ziklistaren mesederako. Lortutakoa sinistu ezinik sartu zen Mohoric Libourneko helmugara. Garaipen bat gutxi ez, eta bi eskuratu ditu aurten.

Sailkapen nagusiko lehen postuetan ez zen aldaketarik egon. Eguneko ihesaldiari bidea egiten utzi zioten lasterketako bigarren erditik aurrera, etagarailearengandik hogei minutu pasatxora helmugaratu ziren. Gaur, Libourne eta Saint-Emilion artean dauden 30,8 kilometroak osatu beharko dituzte erlojuaren aurkako saioan, Parisera iritsi aurreko azkeneko etapan. Ezusteko handirik ezean, Pogacarrek maillot horiarekin jarraituko du, baina gainontzeko ziklistek adi egon beharko dute, sailkapen nagusian postuak dantzan ibil baitaitezke. Aurreko ekitaldikoan gertaturiko triskantza adibide garbia dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.