Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Haiena ere futbola da

2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
AEBen eta Herbehereen artekoa ez zen futbol partidarik onena izan. Egia esateko, pixka bat gehiago espero nuen Munduko Koparen finaletik. AEBen eta Ingalaterraren arteko final-laurdenekoa ikusi ondotik—non AEBetako neskek maila txukuna erakutsi zuten—, Herbehereen kontra kirol espektakulu polita izango genuela pentsatu nuen. Lehen zatia golik gabekoa izan zen. Aukera batzuk eragin zituzten futbol jokalari amerikarrek, baina herbeheretarrak ederki aritu ziren defentsan. Epaileek lan gutxi izan zuten ere, pase luzeegiak nagusi izan ziren eta norabide zehatza ezarri ezinik ibili ziren bi taldeak. Tentsioa partidaren azken ordu erdian iritsi zen. AEBetako neskei garaipena eman zieten bi golak eskuratu zituztenean. Lehenengoa penaltiz eskuratu zuen Megan Rapinoek, 60. minutuan; bigarrena, aldiz, Rose Lavellek bederatzi minutu geroago. Area kanpotik egin zuen erremate dotorea.

Hainbat hedabidek argitaratu dutenez, 2019ko kopak telebistako audientzia markak hautsi ditu. «Emakumeen garai berrian sartzen ari gara», esan du BBCk. 200 telebista baino gehiago aritu dira Bretainiatik Munduko Kopa jarraitzen eta horietako askok prime time ordutegiak gorde dituzte partidak emititzeko. FIFAren arabera, aurtengo emakumezkoen txapelketak mila milioi ikusle batu ditu pantaila txikiaren aurrean. Frantziaren eta Brasilen arteko lehiak, esaterako, 59 milioi ikusle izan zituen gutxienez. Eta, finala, nederlandar ikusleen %89k jarraitu zuten.

Fenomenoa ez da gertatu besterik gabe. Emakumezkoen Munduko Koparen aurtengo aurrekontua bikoiztu egin du FIFAk: 15 milioi dolarretik 30 milioira. Hurrengo urtekoa, gainera, 60 milioi dolarrera handitu nahi du. Baina oraindik ez da nahikoa. Gizonezkoenak 400 milioiko aurrekontua izan zuen; eta horri erantsi behar zaio babesleek jarritako dirutza. Izatez, emakumeen txapelketak sare sozialetan izandako oihartzuna dela eta, Adidasek ordainsari bera emango die biei hemendik aurrera.

Finala jokatu zen egun berean, gizonezkoen Amerikako Kopa eta Urrezko Kopa jokatu ziren. Horregatik, Megan Rapinoe haserre agertu da FIFArekin: «Nonbait entzun dut ez zutela horretan pentsatu. Horixe da arazoa». Arazoa ez da arreta handiagoa behar dutela, baizik eta FIFAk haiena ere futbola dela ulertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.