Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Bizitza apurtua

2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Dena pikutara bidali nahi du Albak, Cómo mandarlo todo a la mierda telesailaren (HBO Max) protagonistak. Bere bizitza pikutara beste norbaitek bidali zuen lehenago. Bere amaren heriotzaren ondorioz, bere anaiarekin bizi da eta, dirua lortzeko, bere anaia droga trafikoan sartua dago. Alba eskolan berria da eta bere ikasgelako kideek ez dute bere egunerokoa ezagutzen. Albak bizi duen amesgaiztotik ihes egin nahi du, eta horretarako ikasbidaiaz baliatu nahi du. Eskolak bidaia bertan bera uzten du eta, bere planak zapuzten direnez, galduta dago. Telesail honek nerabezaroaren alderdi krudelena erakusten digu modu bortitz batean.

Sei kapituluko telesail labur honek istorio berezi bat kontatzen du. Telesaila bizia da eta une oro protagonistaren ezinegona presente dugu. Bere ikasgelako kideekin bidaia alternatibo bat egingo du eta bertan libre izango da. Ikasgelako kide horiek ez dira bere lagunak eta ez dute Albarekiko konfiantzarik. Pixkanaka haien laguntasuna irabazi beharko du, baina gauza gutxi egiten du lortzeko. Pertsona oso itxia da eta nabari da asko sufritu duela.

Bere bidaialagunen eta Albaren artean klase desberdintasuna agerikoa da. Denak beren gurasoen diruaz baliatu dira bidaia egiteko; Alba, ordea, etxetik lortutako diru apurrarekin abiatu da abentura horretan. Haien artean desberdintasunak izanik ere, antzekotasun asko daude guztien artean. Beren familietatik maitasun gutxi jasotzen dute gazte guztiek. Beren gurasoez kexu dira. Normalean kexu horiek gurasoak nerabeen gainean daudelako izaten da; kasu honetan alderantziz gertatzen da. Bidaia honetan parte hartzen duten gazte guztiak belaunaldi apurtu baten parte dira. Nerabe horien guraso gehienek denbora gehiegi pasatzen dute lanean eta ez dakite ezer seme-alaben nahiez eta beharrez.

Errealitate nahiko gordina erakusten duen telesaila bada ere, oso gustura ikusten da. Itxaropenari bidea ematen dio, nahiz eta amaiera ez perfektu batera eramaten gaituen. Bizitza apurtuak berreraikitzeko aukera egon daitekeela erakusten digu telesailak, baina bakarrik egitea ezinezkoa dela argi uzten du. Horrelakoak lortzeko, hobe da lagunekin egitea. Laguntasunari gorazarre egiten dio telesailak, eta horrelakoak ikustea beti da eskertzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.