DSBE: beharrezkoa eta aski ez

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa - Etiker

2019ko otsailak 12
Gure herrikide guztiek nork bere enplegua izatea da gure nahia, eta ordainsari justu bat jasotzea, gutako bakoitzak bizimodu duina izan dezan. Bidezkoa da. Zoritxarrez, pertsona gehiegi daude lanik gabe edo beren oinarrizko premiak estaltzeko beharko luketen ordainsaria jasotzen ez dutenak.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak, 1989an, egungo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE edo RGI) ekarriko zuen prozesu bati ekin zion, bi helburu nagusirekin, lehentasunezkoak hala bata, zein bestea:

1- Nahikoa baliabide ez duten pertsonen eta familien oinarrizko beharrizanak estaltzea.

2- Enplegu bat bilatzen laguntzea.

DSBE kobratzeko oinarrizko betebeharrak dira gutxienez 23 urte izatea eta hiru urtez Euskadin erroldatuta egotea. Jasotzen diren zenbatekoak bi zifra hauen artekoak dira: 650 euro/hilean, pertsona bakarraren kasuan, eta 1.200 euro/hilean, gehienera, bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonen arabera. Tratu txarren biktima direnei, guraso bakarreko familiei, alarguntasun egoeran daudenei edo beren kargura adingabeak dituztenei lehentasunezko tratamendua ematen zaie.

Jabetzan edo babes ofizialeko alokairuan etxebizitzarik ez duten pertsonei, DSBEz gainera, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) ematen zaie, hilean 250 euroko gehieneko ekarpenarekin.

2017an, Eusko Jaurlaritzak ia 500 milioi euro bideratu zituen DSBE + EPO kapitulurako. Laguntza horiek 65.000 bizikidetza-unitatera heldu ziren, gutxi gorabehera, hau da, 136.000 pertsona baino gehiagotara. Sortu zenetik, DSBEra zuzendu den partida handituz joan da urtez urte, baita 2009 eta 2015 arteko krisialdian ere. Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Gerenteen Estatuko Elkartearen arabera, esandako aldi horretan, gastu soziala, Euskadin, %41,12 igo zen. Espainiar estatuan, berriz, %11 murriztu zen.

Adierazgarria da, era berean, Espainiako Estatuan DSBEra bideratzen den gastuaren %42 inguru Euskadin gauzatzea; bien bitartean, gure biztanleria Estatuko populazioaren %4,7 baizik ez da.

Kritika asko entzuten da laguntza horien banaketan gertatzen diren «iruzur txikiak» eragozten ez direlako. Badira horrelako kasuak, ez dago ukatzerik, baina bakanak dira, eta ezin da justifikatu, salbuespen horietan oinarrituta, kolektibo batzuek programa hori mugatzeko erakusten duten gogoa. Iruzurrak pertsegitu nahi baditugu, badira beste esparru batzuk emaitza mamitsuagoak emango dizkigutenak. Horrek ez du esan nahi, jakina, administrazioak DSBEren banaketaren kontrola hobetzen jarraitu behar ez duenik.

Badira beste ahots batzuk DSBE Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) baliokidetu behar litzatekeela eskatzen dutenak. LGSk %22ko igoera izan zuen 2018an eta, gaur egun, hilean 900 eurotan dago. Hasteko, Euskal Ogasun Publikoak nekez jasan ahalko luke DSBE horrenbeste handitzea (ia %40ko igoera), baina, batez ere, parekatze hori DSBEren lehentasunezko bigarren helburuaren kontra joango litzateke: pertsonari enplegu bat aurkitzen laguntzea. DSBE jasotzen ari diren pertsona gehiegik izan lezakete, kasu horretan, dauden egoeran geratzeko joera, eta hori guztiz kaltegarria litzateke pertsona horien etorkizunerako.

Horrela bada, laguntza horiek, batez ere, DSBEren lehen helburua betetzen dute. Euskal Ogasun Publikoaren gastu garrantzitsu hori (edo inbertsioa, nondik begiratzen zaion), azken batean, zerga bidez ordaintzen da, enpresek eta gutako bakoitzak (gutxi gorabehera 225 euro/urtean, herritar bakoitzeko) ordaintzen ditugun zergen bitartez.

Baina neurri horiek ez dira nahikoa gure herrialdeko larrialdi-kasuei erantzuteko. Administrazio Publikoa ez da inoiz larrialdi-egoera horien %100 konpontzera iritsiko; hainbat GKEren edo Caritas-en lankidetza ez ezik, gizarte osoaren laguntza beharrezkoa izango da.

Finantzaketa eta lankidetza horiekin DSBEren lehen helburua, gutxi gorabehera, ziurtatzen bada ere, bigarren helburua geratzen da: interesatuari lana aurkitzen laguntzea. Eta helburu hori askoz zailagoa da.

Administrazio Publikoa (Lanbide) eta lan-mundua dira (industriak, dendak, zerbitzuak, etab.) bigarren arlo honetan ekarpen handiena egin dezaketenak. Baina baita gutako bakoitza ere. DSBE jasotzen duten pertsona gehienak noizbait gizartetik baztertuak, kanporatuak izan dira, arrazoi bategatik edo besteagatik. Kolektibo garrantzitsu hori integratu dadin lagundu behar dugu, hala pertsonalki nola gizarte mailan. Lana aurkitzea beti da zaila, baina pertsona horiek gizartean ongi txertatuak ez badaude, are zailagoa gertatuko zaie. Zeregin korapilatsua bada ere, ezin dezakegu inguruan dugun arazo honi irtenbide bat emateko konpromisoa bertan behera utzi.

Beste hainbat eremutan bezala, kasu honetan ere beharrezkoa da arlo publikoa eta pribatua elkarrekin jardutea, eta argi eduki behar genuke guztiok orain egiten dugun ekarpena (azken batean, limosna bat besterik ez, 225 euro, pertsona eta urteko, batez beste) ez dela nahikoa inondik ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna