1 FORMULA

Zazpigarrena helburu

Asteburu honetan hasiko da 1 Formulako denboraldi berria, Australian. Lewis Hamiltonek Michael Schumacherren marka berdindu nahi du. Mercedeseko ingeniariek hori lortzeko moduko autoa atondu diote.

ALEJANDRO GARCÍA / EFE.
Laurentzi Garmendia
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun

Trantsizio urtetzat jotzen dute askok aurtengoa 1 Formulan. 2021ean izango da benetako eraldaketa. Baina urte horrek badu elementu bereizgarri bat; datorren urtea oso desberdina izango bada ere, aurtengoan balio berdina dute tituluak, lasterketa garaipenek, pole-ek... Hori ez dute ahaztu taldeek, ezta ahulenek ere. Guztiek ondo landutako autoa aurkeztu zuten otsail hasieran, eta, Bartzelonako zirkuituan sei egunez probak egin ostean, autoak inoiz baino hobekiago prestatuta daudela ziurta daiteke, baita inoiz baino sendoagoak direla ere. Eta, sendoen artean, betikoa: Mercedes.

Harentzat ez da trantsizio urtea. Azken sei txapelketak jarraian irabazi ostean, aurtengoa zazpigarrena litzateke. Ez haientzat talde gisa bakarrik. Lewis Hamiltonentzat ere zazpigarren titulua izan daiteke. Michael Schumacherrek mende hasieran ezarritako markak luzerako iraungo zuen itxura zeukan, baina, Sebastian Vettelek lau lortu zituenean, beste aro batean gaudela erakutsi zuen. Hamiltonek maila bat gorago eraman du guztia, eta sei titulu ditu dagoeneko. Zazpigarrena lortzeko talderik aproposenean dago, eta taldeak helburu berbera dauka. Hori erakutsi du Bartzelonan, aspaldian baino arrisku gehiago hartuz.

Motorra izan da beti Mercedesen gakoetako bat, baina azken urteetan abantaila galduz joan da Ferrariren eta Renaulten aldean. Lehengora itzuli nahi dute, eta arazo batzuk izan dituzte harago joan nahi horretan. Mekanikoki DAS sistema berritzailea garatu dute, araudiaren interpretazio bitxi bat eginez. Sistema horrek aurreko gurpilen direkzioaren angelua egokitzen du, gidariak bolantea aurrera edo atzera eraginda. Txundituta utzi zituen talde guztiak Bartzelonan, hori martxan jarri zutenean. Hamiltonek zioen bezala, seinale da taldeko ingenieriek pentsamolde irekia dutela, azkarrago joateko modu berritzaileak jorratzeko. Halako sistema bat garatzeak hilabete eta diru asko beharko lituzkeela adierazi zuen Ferrariko Mattia Binottok. Bestela esanda, aurkariek ezinezkoa dute denboraldian zehar halako zerbait prestatzea. Hortxe du abantaila Hamiltonek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.