Idoia Sobrino.

Zuriketarik ez

2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Zapalkuntzak, atzerapausoak, trabak... betikoa. Beti, beti, beti. Orain ere, alarma egoera honetan, alde ditugun datuak atera dituzten arren, zapalkuntzek, atzerapausoek eta trabek bere horretan jarraitzen dute. Kokoteraino gaude. Zapalkuntzez eta manifez. Eta ez gaizki ulertu, behar den guztietan aterako gara kalera (edo balkoietara). Beti. Etxealditik Euskaraldira pasatuko garen moduan. Hori baita justuki buruan nuen plana: gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritzea. Euskaraldiak ideia ebatsi dit, eta poztu naiz, horrek bidean lagun gehiago garela erran nahi duelakotz.

Egia da Nafarroan daukagun Euskararen Legearekin ez dela D eredua toki guztietan bermatzen. Baina ez da debekatzen ere. Egia da Iruñeko Udalaren euskararen ordenantzaren aldaketarekin ez dela derrigorrezkoa herrialde osora jakinarazpenak ele bitan bidaltzea. Baina ez da debekatzen ere. Egia da lanpostu publikoetarako ez dela euskara profila bermatzen. Baina ez da debekatzen ere. Egia da errotulu, inprimaki, zigilu, eta abarrak ele bitan izanen direnik ez dela ziurtatzen. Baina ez da debekatzen ere.

Erran nahi dut: euskara ez da ofiziala Nafarroa osoan (ingelesa ere ez) baina ez dago debekatuta (ingelesa debekatuta ez dagoen moduan, eta ingelesez gauza aunitz egiten dira). Munduko inongo tokitan ez dago debekatua euskara, ezta Nafarroan ere. Eta gainera alde handi bat dago euskararen eta ingelesaren artean: euskara Nafarroako berezko hizkuntza dela, eta ingelesa ez. Ez da ideia berri bat, badakit, ez da sikiera berritzailea ere, baina... horren kontzientzia hartzea falta zaigulakoan nago. Euskara debekatua ez dagoelako ideia Nafarroa Garai guztian zehar hedatzea. Ez dela eskubide bat gauza jakina da, baina eskubide bermatua izan gabe ere, eta hala eta guztiz ere, erranen nuke, edozer gauza euskaraz egin daitekeelako ideia egiazki barneratzea, sinestea eta zabaltzea. Ez zaizue iduritzen horren faltan gaudela? Bada, ni ia ezinbertzeko erabakia delakoan nago, egiazki euskaraz bizi nahi badugu. Debekurik gabe, egin dezakegulako. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan.

Egonen da erranen didanik: «Baina eskubideak bermatu behar dira, ez da aski debekatua ez egotearekin». Noski. Eta ados egonen naiz, erabat ados. Baina nire proposamena harago doa. Eskubideen defentsan segitu beharko dugu, doike, baina legedia, ordenantzak, araudiak... aldatzeko eskatzen dugun bitartean, eskatu dezagun dauden arauekin, debeku ez hoiekin, gauza gehiago egin daitezela ere. Adibidez: D ereduko haur eskola gehiago irekitzeko (edo irekita zeudenak ez hesteko) erabiltzen dugun argumentua «eskaera nahikoa dagoela» da, eta orain txostena atera dela, gehiago. Dudarik gabe pisuzko argumentua da, baina pixka bat harago joanez, «hizkuntza gutxitua babestu eta sustatu behar dela» erraten duten politikari horiei guztiei (hau da, alderdi politiko guztiei, erran denek erraten dutelakotz) eskatzen ahal zaiena da preseski hizkuntza gutxitu hori «babestu eta sustatzeko», eskaintza eskaeraren aurretik joan behar dela, proaktiboki sustatu behar dutela D eredua Nafarroako haur guztiak txikitatik gutxienez elebidunak izan daitezen. Euskara sustatzea eta babestea ez baita gaur egun duen «errealitate linguistikoan» mantentzea, baizik eta hortik goiti egitea, hori baita sustatzearen helburua.

Aski ongi dakit Nafarroako gizartea ez dagoela klabe honetan, baina gu, euskaldunok, inoren zain egon beharrik gabe, horren alde borrokatu gaitezke. Pasatzen ahal den okerrena da euskarafoboak diren talde politikoek erran behar izatea beraiek ez daudela egiazki euskara babestu eta sustatzearen alde, baizik eta dagoen bezala mantentzearen alde (hau da, «errealitate linguistikoa errespetatzearen alde», eta hori ez da sustatzea...).

Proposatzen dudana da euskararen aldeko borroka ez dadila gelditu euskarafoboen erasoetatik defendatu behar izate huts batean, hau da, haiek gu baztertzen eta zapaltzen gaituzten aldiro zapalkuntza horien aurkako elkarretaratze eta manifak egitean. Halakoetan kalera aterako gara, nola ez, baina horrez gain eskatu dezagun egiazki nahi duguna, zehatz eta mehatz.

Haiek erasotzen digutenean eraso horien aurkako eskaera konkretuak jartzen ditugu gure pankarta eta karteletan. Bada, egin dezagun gauza bera eraso zehatzik gabeko eskaeretarako ere; euskaraz bizi nahi dut, ados, baina zehazki, zer eskatzen dugu? Iruñeko Udalak jakinarazpenak ele bitan bidali ditzala beti, ez ordenantzak horretara derrigortzen duelako, baizik eta ez duelako debekatzen, eta beraz, berdin-berdin egin daitekeelako. Eta egitea eskatzen dugu. Irmoki. Hiri paisaia gutxienez ele bitan egotea, hori ere eskatzen dugu. Ez da bermatutako eskubide bat, baina ez dago debekatuta, beraz hori ere eskatzen dugu. Eta ez hemendik hiru hilabetera, edo ordenantza berriro aldatzen denean edo nik zer dakit noiz. Ez, bihartik aurrera egitea nahi dugu, posiblea delako, borondate kontua delako, egiteak ez baitu gaur egun dagoen araua hausten.

Denak gaudelako euskara babestearen eta sustatzearen alde. Eta hala ez bada, eman dezatela aurpegia benetan horren alde ez daudenek. Ez dezatela beren irudia zuritzeko aukerik izan. Seinalatu ditzagun. Baztertzailea nor da? Zu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.