Filtro polarizatuak

Estitxu Villamor eta Uzuri Albizu
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Garazik unibertsitatean egiten du lan, Geodinamika Sailean. 2020ak handia behar zuen berarentzat: atzerrian landa lana egitea, ikerketa proiektu berri bat aurkeztea eta agregatu akreditazioa eskatzeko falta zitzaion azken artikulua idaztea zituen buruan. Berrogeialdia hasi zenetik, baina, zazpi urteko Sara alabarekin dago etxean. Unibertsitateko lanari egunean bospasei ordu eskain diezazkioke, gehienez jota, ohi zituen hamar-hamabien ordez. Halabeharrez, aurreragorako utzi ditu urte hasieran bere buruari ezarritako helburu profesionalak. Aurrekoan, adin bereko alaba duen Aitor lankidearekin aritu zen Garazi telefonoz, aspaldiko partez. Berrogeialdiko bizipenak kontatzen hasi, eta hara non bota zion solaskideak: «Denak dauka bere alde ona; behintzat, berrogeialdiarekin, artikuluak idazteko denbora irabazi dugu!»

Garazi eta Aitor fikziozko pertsonaiak dira, baina istorioak asko du, tamalez, errealetik. Hala iradokitzen du, behinik behin, apiril bukaeran Caroline Kitchener idazleak The Lily buletinean publikatutako artikuluak. Idatziaren arabera, zenbait ezagutza arlotan, konfinamendua hasiz geroztik nabarmen egin du behera emakumeen produkzio zientifikoak: emakume astrofisikariek, adibidez, iaz garai bertsuan produzitutakoaren erdia ekoitzi dute konfinamenduan. Beste ezagutza arlo batzuetan, emakumeek produkzio mailari eustea lortu duten bitartean, gizonezkoenak nabarmen egin du gora: zientzia politiketan, esaterako, gizonezkoek iaz baino %50 artikulu akademiko gehiago idatzi dituzte berrogeialdian. Laburbilduz, eta Ana Galarragaren hitzak lerrootara ekarriz, «gizonezkoak lehen baino artikulu gehiago sortzen ari diren bitartean, emakumeak askoz ere gutxiago, etxeko lanen eta zaintzaren banaketa desorekatuaren ondorioz». Alegia, akademia polarizatu egin du koronabirusak.

Prozesu fisiko bat da polarizazioa: elementu multzo bat zatikatzen du, propietate jakin bati dagokionez elkarren aurkakoak diren polo edo zonatan. Eguzkitako betaurrekoen filtro polarizatuek, esaterako, norabide bertikala duten eguzki-izpiei pasatzen uzten diete, eta norabide horizontala dutenak (alegia, itsasoan, elurretan, errepidean eta abarretan islatzen direnak) blokeatzen dituzte. Hala, eguzki izpiak bi polotan bereizita gelditzen dira: norabide bertikaldun izpiak filtroaren alde batean, eta norabide horizontaldunak, bestean. Modu bertsuan, osasun gaitza izateaz gain gaitz soziala ere baden koronabirusak gizon, zuri, heterosexual eta klase ertaineko etiketadun izpiei pasatzen utzi die, eta blokeatu egin ditu gainontzekoak: genero, arraza eta klase isuridun filtro polarizatua balitz bezala, lehendik ere baziren desberdinkeriak indartu eta bistararazi egin ditu pandemiak.

Hasierako testuingurura bueltatuz, mundu akademikoan krisiaren aurretikoak dira, noski, berrogeialdiak azpimarratu dituen generoaren araberako desberdinkeriak. Ildo horretan, ikerlan interesgarri bat argitaratu zuten joan den otsailean Nastassja Cipriani eta Jose Senovilla zientzialariek. Euskal Herriko Unibertsitatean matematika eta fisika ezagutza arloetan lanean diharduten profesionalen iritziak eta bizipenak bildu eta interpretatu zituzten lanean, emakumeek lan esparru horretan jasaten duten diskriminazioaren ingurukoak. Ikerlariek ikusi zutenez, inkestatutako matematikari eta fisikariek eskuarki onartzen dute nekezagoa dela emakumeentzat karrera akademikoan aurrera egitea, zaintza lanak eta jardun zientifikoa bateratzeko zailtasunen ondorioz, besteak beste. Alabaina, desoreka hori onartuagatik, parte hartzaileen erdiek ez zuten beraien lan esparrua genero-diskriminaziozkotzat katalogatu: objektibo eta neutraltzat jo zituzten ibilbide zientifikoan aurrera egiteko irizpideak.

Akademian, ikerlari edota irakasleentzako postuak merituen araberakoak dira; inpaktuzko aldizkarietan publikatzea eta ikerketa proiektu, kongresu eta bestelakoetan parte hartzea dira merituzkotzat hartzen diren ekintzetako batzuk. Irizpide horiek, baina, akademia (soilik) gizonezko, zuri eta klase ertainekoen eremu zen garaian erabaki ziren; eta, neoliberalismoaren ikur diren produktibismoaren eta lehiakortasunaren alde egiteko ez bada, apenas aldatu diren asmatu zirenez geroztik. Hala, orain inoiz baino gehiago, zaintza ardurak delegatzeko aukera duten gizonezko zuri heterosexualen ipurdientzat beren-beregi diseinatuta daude unibertsitateko eserlekuak. Hortaz, gizartea estratifikatzen duten egiturak hauspotzen eta betikotzen jarraitzen du unibertsitateak: omisioz baino ez bada ere, diskriminatu egiten du akademiak.

Telefonoa eskegi, ordenagailua piztu, datu-orri bat ireki, eta berrogeialdian zehar zaintza lanetan igarotako orduak apuntatzeari ekin dio Garazik. Bere agregatu plaza defendatzean, 2020an erakutsitako gaitasun produktiboa eskastzat jotzen dutenerako, prest izango du kontrakoa dioen Excel taula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.