Frantziako Tourra

Harribitxia du esku artean

Horiz janzteko asmotan iritsi da Pogacar Tourreko hirugarren astera, eta haren plana garbi dauka Joseba Elgezabalek, esloveniarraren masajistak: «Erasora joko du, ziur».

Harribitxia du esku artean.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ziklismoaren mundua harri eta zur ari da uzten Tadej Pogacar bere lehenbiziko Tourrean. Dagoeneko bi etapa garaipen sartu ditu zorroan, eta bete-betean dago sartuta Parisera horiz jantzita iristeko borrokan: 40 segundo eskasera du lehen postua. Eliteko tropelera indar betean iritsi den belaunaldiko harribitxietako bat da Pogacar, eta haren distiraz gertu-gertutik ari da gozatzen Joseba Elgezabal, UAE taldeko masaje emailea. Iaz hasi zen esloveniarrarekin lan egiten, eta hezur eta mami dira dagoeneko: «Harreman berezia izan dugu hasieratik.Masajea nik ematen diot beti. Gozamen handia da halako izar batekin lan egin ahal izatea».

21 urte eskas dituen arren, beterano baten sosegua du Pogacarrek. Egonarriz jokatu du errepidean gauzak okertu zaizkionean. Eta arrakastak ez du itsutzen. «Lasai» ikusten du Elgezabalek. «Ez du burua galtzen, ez une txarretan, ezta onetan ere. Oso mutil zentzuduna da, eta lasterketa egunez egun ari da bizitzen. Gainera, ez da batere harroa. Badaki nolako maila duen, baina ez dio Tourra irabaziko duela».

Esloveniarraren ahalmena ezaguna zen lehendik ere. Esaterako, onenen pare aritu zen iazko Espainiako Vueltan, bere ibilbideko lehen itzuli handian: podiumeko hirugarren koskara igo zen, hiru etapa irabaztearekin batera. Tourra beste maila batean dago, baina ez zaio handi gelditu, Elgezabalek lasterketa aurretik iragarri bezala. «Ez nekien nola zeuden Roglic eta Bernal, baina garbi nuen Tadej garaipenaren lehian ariko zela. 'Ziur?', galdetu zidan Matxinek [UAE taldeko zuzendaria], baina`nik ez nuen zalantza izpirik ere erantzunean».

Pogacarrek boga txar bakarra egin du orain arte Tourrean.Zazpigarren etapan izan zen. Haize babesek moztu egin zuten tropela, eta atzean gelditu zen. 1.21eko atzerapenarekin sartu zen helmugan. «Oso zorte txarra izan zuen. Zulatua izan zuen, eta tropelean sartzean, eroriko bat izan zen. Hor arreta galdu zuen, taldea ez zen ondo antolatuta egon,eta denbora galdu zuen azkenean. Behintzat, galera ez zen handiegia izan», oroitu du Elgezabalek.

Harrezkero, hautagairik indartsuena izan da esloveniarra. Orain arteko erasorik gogorrena jo zuen Peyresoruden 40 segundo berreskuratu zituen egun hartan, eta besoak altxatu zituen Laruntzen eta Grand Colombierren. Indar betean iritsi zen atzoko atseden egunera, eta Elgezabalen hitzetan, «erasora joko du» datozen egunetan. «Jakinda nolakoa den eta nola lehiatzen den, ziur nago ez dela Roglicen gurpilean geldituko. Alpeetako etapak aztertuta ditugu, eta badago non mugitu. Glieres, adibidez, oso mendate zaila da, amaierako lur zatiarekin. Eta gaurko etapa ere gogorra da».

Gorabehera dezente ari da izaten faboritoen artean. Pogacarrek ez du ahuldaderik izan, baina bada amildu denik: Bernal, esate baterako. Iazko irabazlearen ezina penaz hartu omen du esloveniarrak. «Beste batzuk agian poztu egiten dira arerioak jokoz kanpo gelditzean. Baina Tadej desberdina da».

Elgezabalek bigarren urtea du UAEn, bost urtez Caja Ruralen aritu ostean. Tourra erronka da harentzat, 21 egunez Pogacarren zangoetan pilatutako zama arindu behar baitu. Esloveniarrak, dena den, ez dio hainbesteko lanik ematen. «Hobera doa egunez egun. Esfortzuez oso bizkor osatzen da. Ziklistak jota iristen dira masajera, baina Tadej ez».

Rock klasikoa eta autoak

Masajera fresko iristen denez, kalakarako gogoa izaten du Pogacarrek. Ziklismoaz ez dute askorik hitz egiten; bestelako mintzagaiak izaten dituzte. «Alde batetik, musika jartzen dugu; rock klasikoa batez ere, AC-DC, Queen eta halakoak. Eta gero, denetariko gaiez hitz egiten dugu. Autoak, adibidez, asko gustatzen zaizkigu». Apustuak ere egiten dituzte. «Etapa bat irabaziz gero, ilea moztu beharra neukan. Bete dut hitza. Eta Tourra irabazten badu, Paristik etxera bizikletan joan beharko dut. 900 kilometro dira. Izutzen hasia naiz!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.