Irabazi behar diren horietakoa

Araskik eta IDK-k derbia jokatuko dute bihar. Arabarrak eta gipuzkoarrak aurkari zuzenak dira Ligako kanporaketetarako borrokan. Lehen itzulian IDK nagusitu zen, Gaskan

IDK-ko eta Araskiko jokalariak lehen itzuliko norgehiagokan, Gaska kiroldegian. IDK.
ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Sasoihasieran talde bakoitzak izaten ditu bere helburuak. Egutegia begiratu, eta horiek lortzeko badira gorriz markatuta dauzkaten partidak. Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek ligako titulurakokanporaketetan izatea dute erronka. Hori lortze aldera, bihar Mendizorrotzan elkarren kontra jokatuko duten norgehiagoka irabazi beharreko horietako bat da.Bi taldeak bolada onean daude, eta neurketa «gogorra eta lehiatua» espero dute Maria Asurmendi Araskiko jokalariak eta Laura Garcia IDK-koak. Esperientzia handia dute, eta onartu dute COVID-19agatik denboraldi «arrroa» izaten ari dela. Baina bat datoz: «Dena askoz berdinduago dago, eta hori ona da txapelketarentzat».

Iragan asteburuan, Araskik ez zuen jokatuEstudiantesen aurkako partida, eguraldiagatik. «Pena izan zen, bolada onean ginen eta. Baina gauzak diren bezala hartu behar dira. Behintzat, entrenamendu onak egiteko baliatu ditugu egun hauek», nabarmendu du Asurmendik.

Denboraldi hasiera «zaila» izan zela onartu du. «Batez ere emaitzengatik. Ondo ari ginen lanean eta lehiatzen, baina partidetako asko azken unean edo puntu gutxigatik galtzen genituen. Hori psikologikoki ez da erraza, zalantzak sortzen baitira. Iragan sasoian egindako denboraldi onaren ondoren, eta ailegatu ziren fitxatuekin, ikusmin handia zegoen gure inguruan, eta guretzat ere ezustea izan zen horrela hastea».

Baina garaipen pare bat kateatu, eta egoera bestelakoa da: «Bide onean gaude. Ideiak garbi ditugu, eta nahi genuen oreka lortu dugu, bai erasoan eta bai defentsan. Penaizan zen Koparako ez sailkatzea. Baina alferrik da atzera begiratzea. Arreta osoa kanporaketarako borroka horretan egotean dugu, eta ilusio eta gogo handiz gaude biharko partidarako, IDK aurkari zuzena baita. Gozatzen ari gara kantxan, eta lasaiago gaude».

Biharko partida «zaila» izango dela uste du. «Detaile txikiek erabakiko dute. Haiek gu baino indartsuago aritzen dira uztaipean; guk, berriz, gehiago jokatzen dugu kanpotik, eta zuzenagoak gara. Ea zer taldek ezartzen duen bere jokatzeko era. Joanekoan haiek lortu zuten hori, eta hor egon zen gakoa. Uste dut gure jokoa askotarikoagoa dela, eta hori baliatu behar dugu».

Aprobetxatu ezin dutena zaleen babesa da. «Talde guztiak ari gara baldintza horietan, baina, guretzat, Mendizorrotzaren babesa funtsezkoa da. Azken minutuetan, partida parekatuazegoenean, haien ekarpena erabakigarria zen. Etxean partidak irabaztea funtsezkoa izango da kanporaketetan egoteko».

Ezin lo hartu

Lehen itzulian donostiarrak gailendu ziren Gaskan, eta Garcia ziur dago Araski «irabazteko are grina handiagoz» irtengo dela kantxara. «Bi taldeentzat partida inportantea da. Kanporaketetan sartzeko azken postuetan egoteko borrokan dauden multzo horretan gaude, eta irabaztea oso garrantzitsua da guretzat. Gainera, denboraldi honetan etxetik kanpo garaipena lortzea oso garesti dago, eta balio handia du. Irabazteko, partida oso serioa egin beharko dugu, eta lau laurdenetan ondo egon».

Aurreko sasoian sufritu egin zuen Azu Muguruzaren taldeak, oso gaizki hasi baitzen. «Honetan,oso bestela sentitzen gara. Taldea askoz ere sendoago dago, eta partidetako azken minutuak hobeto kudeatzen ikasi dugu.Taldeko bizkarrezurrak segitu egin dugu, eta hori inportantea da».

Sasoiko lehen helburua lortu dute: Espainiako Koparako sailkatzea. «Alde horretatik pozik gaude. Baina kanporaketetan egoteko lehia horri begira ezin dugu lo hartu». Uste du «erregularrak izatea» dela gakoa. «Aurkari zuzenen kontrako partidetan ezin dugu huts egin». Eta oharra egin du: «Taldea emaitza onak lortzen ari den arren, irabaztea espero genuen bizpahiru norgehiagokatan kale egin dugu, batez ere etxetik kanpo. Horregatik, huts egiteko tarte gutxiago daukagu, eta espero ez dugun garaipenen bat lortu beharko dugu etxetik urrun».

Gorriz markatutako partida horietako bat da biharkoa. «Galdutako partidetan egindako akatsak ez errepikatzen saiatu behar dugu». Bereziki arlo bati erreparatu dio. «Defentsan hasieratik aritu behar dugu ondo. Gure indarguneetako bat da, eta galdutako partida horietan gertatu izan zaiguna da, azken txanpan baino ez dugula ondo defendatu».

Biharko partidarako ezinbestekotzat jo du defentsan ondo aritzea. «Haiek bezain oldarkor eta lehiakor jokatzen ez badugu, galdu egingo dugu. Baloi gutxien galdu eta defentsako errebotean ondoen aritzen denak irabaziko du».

Araski ondo ikusten du. «Behetik gora datoz, eta Valeriyaren [Berezhynska] fitxaketak oreka handia eman dio». Baina baikor dago. «Ondo ari gara, eta baliteke haiek iragan astean ez jokatu izana ondo etortzea guri. Baliteke guk erritmo biziagoa izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.