Ekaitzaren erdigunean

Gaur ehun urte beteko zituzkeen Astor Piazzollak, tangoaren oinarriak irauli eta beste eremu batera eraman zuen bandoneon jotzaile argentinarrak. Haren itzala luzea da oraindik ere.

Astor Piazzolla, artxiboko argazki batean. PUPETTO MASTROPASQUA.
mikel lizarralde
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun

Betidanik jakin nuen nirea tangoa zela, baina ez tango jotzaile gehienen tango konformista eta alferrontzia. Momentu batean ikusi nuen tango lokartu hori beste gauza batzuekin gurutzatu behar nuela; aberastu beharra zegoen, baita arriskuz eta sorpresaz bete ere». Aurretik zedarritutako bideak motz gelditzen zitzaizkiola eta, tangoaren esentzien zaindariak aztoratu, haserretu eta suminduko zituen norabide askeetatik eraman zuen musika genero hori Astor Piazzolla argentinarrak (Mar del Plata, 1921-Buenos Aires, 1992). Gaur dira ehun urte jaio zela.

Tangoaren hiltzaile. Horrela izendatzen zuten tango kantariek Piazzolla 1960ko hamarkadan. Denbora zeraman tangoaren erritmoari eta harmoniari berrikuntzak ezartzen; tangoa beste musika batzuekin nahasten eta gurutzatzen. Eguneratzen, finean. Baina Argentinako musika nazionalean berrikuntza oro debekatua zegoen garaian —edo gaizki ikusia, behinik behin—, Piazzollaren esperimentuak errespetu faltatzat jotzen zituzten, tangoa itxuraldatzen zuten zakarkeriatzat. Ez ziren tangoak, alegia. «Buenos Airesko musika garaikidea da», erantzuten zuen Piazzollak, eztabaidak amaitu nahian.

Piazzolla, nolanahi ere, beste Piazzolla bat izan zen aurretik. Oso gazte New Yorkera joan zen bizitzera, eta hango kaleetan gogortu egin zen. «Giro horrek oso oldarkorra egin ninduen, eman zidan munduari aurre egiteko beharrezkoak nituen gogortasuna eta erresistentzia». Han hasi zen bandoneona jotzen, eta 13 urte besterik ez zituela Carlos Gardel ezagutu zuenean, hark esan zion: «Handia izango zara, esaten dizut nik». Piazzollak erantzun omen zion artean ez zuela tangoa ulertzen. «Ulertzen duzun unetik beretik, ezingo duzu utzi», Gardelek.

Ulertu berehala ulertu zuen. Argentinara itzulita, Miguel Calo eta Anibal Trilo izarraren orkestretan jotzen hasi zen, eta berehala baita moldaketak egiten ere hala Trilorentzat, nola beste musikari batzuentzat. Gainera, urte haietan tangoaren munduan ohikoa ez zen jardun bati ere ekin zion, beste musikari batzuen orkestrentzat piezak idazteari, alegia, eta, horrekin batera, musika klasikoari lotu zitzaion konpositore gisa.

[youtube]https://youtu.be/VTPec8z5vdY[/youtube]

1954an bere lana erabat baldintzatuko zuen pertsona bat ezagutu zuen Piazzollak: Nadia Boulanger. Bandoneon jotzaileak Parisera jo zuen harekin ikastera, tangoarekin edo musika klasikoarekin segitu ez zekiela. Boulangerrek, ordea, biekin jarraitzeko akuilatu zuen, eta, batez ere, biak uztartzeko eskatu zion. Parisen hainbat tango idatzi zituen (Picasso, Luz y sombra, Rio Sena...), baina Argentinara itzuli behar izan zuen «nazio mailako eskandalu baten sua pizteko». Octeto de Buenos Aires sortu zuen, eta ikasitakoa praktikan jartzeko ordua iritsi zitzaiola iritzita, jazzaren elementuak eta musika klasikoaren formak gehitu zizkion tangoari. Gainera, gitarra elektriko bat sartu zuen bere zortzikotean, garaian erabat ezohikoa zena: «Oholtzara igotako zortzi gerrillari ematen genuen. Bakoitza lekua hartuta bere musika tresnarekin... gutako bakoitzak bazuka bat zuela ematen zuen». Ordura arte tangoa dantzarako musika zen, baina Piazzollak ez zion funtzio horri garrantzi berezirik ematen, eta gehiago lotzen zuen musika klasikoaren seriotasunarekin. Hurrengo urteetan Piazzolla eztabaida guztien erdigunean izan zen, tangoa musika estilo ia ukiezina baitzen bere herrialdean: «Argentinan dena alda daiteke, tangoa salbu», zioen Piazzolak berak arranguraz.

Bere burua berrasmatua zuela, Piazzollak segitu zuen esperimentatzen formazio ezberdinekin, tangotik kanpoko musikariekin kolaboratzen, eta, denborarekin, bere herrikideen aitortza ere jaso zuen. Jaio zela ehun urte bete direnean, bere pieza agorrezinak gelditzen dira: Adios Nonino, Libertango, Oblivion, Las cuatro estaciones porteñas...>>

[youtube]https://youtu.be/MepPfI7ebMY[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.