Politika miserableak

2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Politika miserablea. Horiek izan ziren orain duela egun batzuk EAJk erabili zituen hitzak, Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburua gaitzesteko asmoz EH Bilduk aurkeztutako proposamenari erantzuteko. Nahiz eta aurrera ez atera, proposamenak oposizio osoaren babesa jaso zuen, legebiltzar talde gehienak politika miserablearen gaizkide bihurtuz. Baina are interesgarriagoa da honen ondoren esan zutena: EAJren ustez, Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako txertaketa irregularren auzian gardentasuna eta informazio osoa eskatzea «pandemia helburu alderdikoiekin erabiltzea eta herritarren sentimendua manipulatzea» zen. Goazen azkeneko esaldi hau atalka eta xehetasunez aztertzera, merezi du eta.

«Pandemia helburu alderdikoiekin erabiltzea»

Pedro Sanchezen gobernuak alarma egoera bertan behera utzi behar zuela adierazi zuenean argi zegoen Euskadi ez zegoela mugikortasuna baimentzeko prest. Alarma egoerak ematen zituen tresnak ezinbestekoak ziren oso altua zen kutsatze maila jaisteko, txertaketan aurrera egiten zen bitartean. Momentu horretan, Euskadik 447ko intzidentzia tasa zuen, egunean 60 ospitaleratze eta sei hildako inguru genituen, 200 pertsona ZIUn eta Osakidetzak ebakuntzak eten egin zituzten. Bingen Zupiriak berak hau defendatu zuen, Espainiako Gobernuak alarma egoera goizegi kentzen zuela salatuz. Baina, aldi berean, Jaurlaritzak tabernen ordutegia 22:00ak arte luzatu zuen, eta mugikortasunaren murrizketa ez zutela Auzitegi Gorenera eramango erabaki zuten. Ez hori bakarrik, Kongresuan Euskadirentzat bi asteko alarma egoera eskatzeko aukera baztertu zuten.

Gaizki-pentsaturen batek esan lezake Urkulluk Sanchezen erabaki txarrak aitzakiatzat erabiltzen dituela Euskadin erabaki txarrak hartu ahal izateko, Urkulluk ez duela benetako borondaterik osasun-neurriak mantentzeko eta ahalik eta kutsatze (eta hildako) gehien saihesteko bide guztiak aztertzeko. Baina, orduan, lehendakariak, Ayuso andrearen ikasle onak, Euskadi «estigmatizatzea» leporatuko lioke gaizki-pentsatu horri. Agintariei leporatzen dietenean egoera honetan ez direla nahiko esfortzu egiten ari, eta kritika horri erantzuteko esaten badute bere herria estigmatizatzen ari direla, argi dago: agintariak ez dira politikakeria egiten ari pandemiarekin. Pandemia helburu alderdikoiekin erabiltzen ari dena oposizio miserablea da.

«Herritarren sentimendua manipulatzea»

Goazen pixka bat atzerago, martxoaren amaierara. Aste Santua hasi baino egun batzuk lehenago. Nahiz eta murrizketak izan COVID-19aren intzidentzia handiaren ondorioz, lehendakariak berri eman zuen aldez aurretik ostatu hartzeko erreserba egina zutenek bidaia egiteko aukera zutela. Aldi berean, Jaurlaritzak mugikortasuna ez zela «gomendagarria» gogorarazi zuen, bereziki intzidentzia handia zuten tokietan. Prentsaurrekoa bidaiariei zuzenduta amaitu zuen lehendakariak: «Goza dezatela!». Momentu horretan, gainera, turismo bonuak kaleratu zituen Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak. Bonu horien bitartez, ostalaritzan eta zenbait dendatako produktuetan deskontuak lor zitzaketen hiritarrek, kontsumoaren sustapena helburu.

Hilabete geroago, Euskadin pandemiaren gorakadaren arrazoia «jende askok oporrak izan izana» zela adierazi zuen lehendakariak. Orain ere, tabernen ordutegia luzatu eta alarma egoera berri bateko eskakizuna egitea erabat baztertzen duen bitartean, Jaurlaritzak, gomendioak zabaldu, eta «autoerantzukizunerako garaia da» kanpaina garatu du. Agintariek herritarrei etengabeko mezu kontrajarriak bidaltzea, herritarrak kontsumitzera eta bidaiatzera animatzea, eta gero kutsatzeen errua beraiei botatzea ez da herritarren sentimendua manipulatzea, ez. Herritarren sentimendua manipulatzen ari dena oposizio miserablea da.

Apirileko elkarrizketa batean, Andoni Ortuzarrek salatu zuen Espainiako politikan esaten dena egiten dena baino garrantzitsuagoa dela, eta hori, noski, EAJren kultura politikoaren aurkakoa zela: «Euskal Herrian asko kontatzen du kudeaketak». Bestearen bartzak ikusi, eta bere zorriak ez; esamolde horren adibide ezin hobea. Jaurlaritzaren kudeaketan zorririk ez baita falta.

Pandemiaren kopuruak hobetu dira azken aste honetan, baina egoera larria da oraindik. Osasun-langileak leher eginda daude, SATSE sindikatuaren esanetan 3.000 pertsona falta dira Euskadiko osasun sistema publikoaren beharrak ondo asetzeko. Ez dezagun ahaztu, Eusko Jaurlaritzak berak aitortu zuen bezala, euskal sektore publikoak Estatuko eta Europako behin-behinekotasun maila altuena duela, %40tik gorakoa. Txertaketa erritmoa motela da oso, Osasun Ministerioaren datuen arabera, 60 urtetik gorako biztanleen %38 bakarrik daude guztiz immunizatua (estatu mailako batezbestekoa %43,9 da, eta Galizia %51,3ko tasara iritsi da).

Azkenik, opakutasunaren arazoa ere kezkagarria da. COVID-19aren Liburu zuria landu duten adituen arabera, Euskadin pandemia, haren ondorioak eta pandemiari aurre egiteko politikak aztertu eta gero, hauen falta sumatu zuten: gardentasuna, eta informazio eta datu gehiago eskuragarri izatea analisi-gaitasun handiagoa izateko.

Hau guztia arakatu ondoren, eta EAJren hurrengo prentsaurrekoari begira, adierazpenak eman aurretik hurrengo galderaren inguruko hausnarketa txikia eskatuko nieke: zeintzuk ote dira politika miserableak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.