Mende erditik infinitura

Zestoako Leok'k rock musika taldeak 50 urte bete ditu aurten. Hirugarren diskoa irailean kaleratuko dute, eta Saharako emakumeei laguntzeko erabiliko dituzte irabazi guztiak

Leok'k musika taldeko sei kideak, Zestoan, 2010. urtean, bigarren diskoa atera zutenean. JAVIER COLMENERO.
Andoni Imaz.
2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Euskal kulturaren garaikidetasuna 60ko hamarkadan aldarrikatu zen, herri musika modernizatu egin zen, eta nazioarteko erreferentziak ugaritu ziren. Zestoan (Gipuzkoa), Jo eta jo zeruko atean deika kantatzen zuten Bob Dylanen Knockin' on Heaven's Door; Kea ur gainean, Deep Purpleren Smoke on the Water; Kezkarik ez, The Beatlesen Carry That Weight. Herriko 18 urte inguruko bost gazte elkartu ziren: Gotzon Lizaso, Sebastian Etxeberria, Mitxel Orbegozo, Alejandro Kortadi eta Juan Antonio Kortadi; eta Leok'k sortu zuten.

Orain, taldeak 50 urte bete dituela, gogoan dute herriko lehenak izan zirela rocka egiten, baita euskarazko rocka egiten zuen lehen taldeetako bat ere. Herriko musika bandan jotzen zuten gehienek, eta orduko rock taldeek, «musika berriak», sortu zien rocka egiteko grina. Gauza berria zen egiten zutena, eta Gipuzkoan eta Bizkaian festarik festa aritu ziren, 1968tik 1972ra arte. Bi estilotako ikuskizuna ematen zuten: alde batetik, nazioarteko rock abestien bertsioak —gehienak euskaratuta—, eta, bestetik, festarako eta dantzarako musika.

1972an, berriz, «soldadutza madarikatua» iritsi zen, Gotzon Lizaso teklatu jotzaileak dioen moduan, eta taldea utzi behar. Zestoarrak ziren denak, eta urte gutxiren aldea zuten elkarren artean; batzuk lehenago eta besteak geroago, denak sartu ziren. Bakarren batzuk musika egiten jarraitu zuten arren, taldea ez zen itzuli 1992ra arte, herrian antolatu zuten rock emanaldi batean jotzeko elkartu arte. Gauza bera gertatu zen 2002an: rock jaialdi batek itzularazi zuen Leok'k. Ordurako seme-alabak koskortuak zituzten, eta taldekideek jarraitzeko asmo argia zuten.

Halere, ez zuten «jotzeagatik jo» nahi, helburu batekin baizik. Taldekide batek Mendebaldeko Saharako haur bat hartzen zuen urtero udan, eta sahararrei laguntzeko konpromisoa azaldu zuen talde osoak. Ingurukoei aholkua eskatu ondoren, Saharar Emakumeen Batasun Nazionalari diruz laguntzea erabaki zuten. Horregatik atera zuten 2006an Saemel diskoa —Saharako emakumeei elkartasuna—, gazte garaiko kanten bertsioekin —The Beatles, The Rolling Stones, The Doors...—, euskaraz abestuta. Zorte txarra izan zuten, ordea. Multinazional pare batek salatu zuten bertsioak egiten zituztela —nahiz eta euskaraz egin— egile eskubiderik ordaindu gabe. Diskoa kaleratu eta hilabetera iritsi zen SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartearen agindua: disko guztiak suntsitu behar zituzten.

«Frustrazioak jota» geratu zen taldea hainbeste lan egin ondoren, baina, denboraldi batez noraezean ibili eta gero, jarraitzea erabaki zuten. 2010ean Une bat... bigarren diskoa atera zuten, helburu berarekin.

Infinituari segika

Taldekideak aldatu dira urteak pasatu ahala; 1978an Alejandro Kortadi hil zen, errepide istripu batean, eta 2013an, Sebastian Etxeberria, gaixotasun larri baten ondorioz. Hala ere, hutsuneak betetzeko herritarrak izan dituztela dio Lizasok. Gaur egun, honako hauek dira taldekideak: Juan Antonio Kortadi (gitarra eta koruak), Gotzon Lizaso (sintetizadoreak eta koruak), Luis Llavori (gitarrak eta ahotsa), David Gorospe (bateria eta perkusioa), Jesus Aranberri (hammonda eta piano elektrikoa) eta Alfonso Guillo (baxua).

Orain, hirugarren diskoa aurkeztear daude, taldearen 50. urteurrena ospatzeko: Infinituari segika. Zestoako Gaztain estudioetan grabatu zuten, eta, ondoren, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat hasi zuten Verkami plataforman, diskoaren gastuei aurre egiteko. Irailaren 1ean aurkeztuko dute diskoa, Zestoan bertan, eta aurrera jarraitzeko asmoz ageri da taldea. 50 urte ez dituzte musika talde askok betetzen, baina infinitua urruti ikusten dute oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.