Mendi ibilbidea

Urumeatik Bidasoara

Epaibide izena du ibilbide honek: batetik, mendilerro ugari gurutzatzen baititu bere itzuli osoan; eta, bestetik, lur hauetako biztanleek etxerako egurra mozten baitute, epaitza eginez.
Txingudiko badiaren ikuspegia, Txurrumurrutik.
Txingudiko badiaren ikuspegia, Txurrumurrutik. MIKEL ARRIZABALAGA

Mikel Arrizabalaga -

2019ko maiatzak 21
GR-121a Gipuzkoa osoari bira ematen dion ibilbide luzea da, eta hainbat etapatan banaturik dago. Etapa horietako bik (Epaipide ibilbideak), Aiako Harria parke naturala zeharkatzen dute. Lehen etapa Ugaldetxo eta Aritxulegiko tunelaren artean zabaltzen da, eta bigarrena, berriz, Behobiaraino. Epai hitzak esanahi desberdinak ditu eta horien artean mendilerroa eta mozketa. Ibilbide luze honek hortik hartzen du Epaibide izena: batetik, mendilerro ugari gurutzatzen dituelako bere itzuli osoan, eta, bestetik, lur hauetako biztanleek etxerako egurra mozten dutelako, epaitza eginez alegia. Ibilbide honetan, bi etapa horiek lotuko ditugu, eta bidetik at aurkituko ditugun mendi ezagunetako tontorretara igoko gara.

Hernaniko Ugaldetxo auzoan dagoen Urumea ibaiaren ondoan etapa honi hasiera eman, eta, berehala, maldan gora jarriko gara. Lizarregiko zabalera iristean, Urdaburuko magalean zehar hedatzen bide zabaletik Pagosardeko atsedenguneraino heldu, eta, Urdaburuko tontorrera igo ondoren, atzera egin, eta bide zabalak Malbazarreko bidegurutzeraino eramango gaitu. Gertu dugun Aldurako tontorra izango da gure hurrengo helburua, eta, han dagoen erpin geodesikora igo eta gero, bide balizatura itzuli eta altuera galtzen hasiko gara. Aiako Harriko parajeetan murgildurik, Zariako tontorrera igoko gara, eta, gero, Kausoroko lepotik Munagirrekora iritsi. Gertu dagoen Bianditzeko lepora jaitsiko gara, eta, hortik Hirumugarrieta edo Harritxulangañako parajeetara. Gertu ikusiko dugun Bianditzeko gailurrera igoko gara, eta, berriro bidera itzulita, Nafarroako eta Gipuzkoako lurrak mugatzen duen hesiaren paraleloan Errengako lepora jaitsiko gara, eta gertu dagoen estazio megalitikoa bisitatzeko parada izango dugu. Izen bereko tontorretik pasatu, eta azken zatia maldan behera beteko dugu Aritxulegiko tunelera helduko gara.

Aritxulegiko tunelaren gainetik abiatu, eta Aiako Harriko tontor nagusiak biltzen dituen mendigunearen magaletik hedatzen den xendan barna egingo dugu aurrera, baina mendigunearen magaletik joan beharrean, bide nagusia utzi eta zuzenean igotzen jarraituko dugu. Gure aurrean, alertzeen basoaren gainetik, orain arte ezkutaturik egon den granitozko mendigunea agertuko zaigu. Alanbrezko hesiaren paraleloan doan bide nabarmenak Erroilbideren horma bertikalera gerturatuko gaitu. Laster, Arrisoro izeneko lepora iritsi, eta beherantz zuzentzen den xenda hartuko dugu. Poliki igotzen hasiko gara, baina, oraingoan, inguruaren itxura aldatu egingo da erabat; orain arte, bidezidor markatuak eta malda leunak izan ditugu lagun; hemendik aitzina, berriz, xenda haitzen artean galtzen da, eta parajeak deskubrituz egingo dugu aurrera. Malda gogortu egingo da, eta tontorreraino egin beharreko bidea kontu handiagorekin egin beharko dugu, lurra bustirik dagoenean batik bat. Tontorrera heltzean, Erlaitz kirol elkarteak jarritako buzoia eta ikuspegi zabala.

Gandorretik aurrera egingo dugu belarretan marrazten den xendatik, baina berehala lehen oztopoarekin egingo dugu topo: Lizarretako gaina, gure eskuez baliatzea eskatzen duen bost metroko harresia (I goi.). Lehen zailtasuna gainditu, eta Txurrumurruren oinera jaitsiko gara segidan, ibilbidearen zatirik delikatu eta arriskutsuenera, hain zuzen ere. Hogei metroko desnibela duen igarobide bertikal eta airetiko hori gainditzeko (II goi.), uztaiez eta haitzean tailatutako zuloez baliatu beharra dago; beraz, eskarmentua eta lasaitasuna behar dira. Lehen zati hori pasatu eta gero, tximinia bat izango dugu hurrengo erronka, eta eskuez baliatuz erraz igoko gara tontorrera. Zeharkaldia osatzeko, azken tontorrera igotzea faltako zaigu, Txingudiko badiaren talaia paregabea den Irumugarrietara. Tontor horretatik beherako bidea hartu, Putzuetako gaina eta Muganix tontorrak atzean utzi, eta Elurretxe aldera jaisten hasiko gara.

Lepora iritsi aurretik, bide balizatuak Aireko Palazioa esaten dieten aurrien ondora eramango gaitu, garai batean meategietako bulegoak eta meatzarientzako ostatu izan ziren edifizioen aztarnak. Hortik aurrera, bide leuna eta gertu ikusiko ditugu Erlaitzeko tontorra eta Pagogaña muinoa. Bide balizatuak San Martzial ermitaraino eramango gaitu, eta handik Behobiara jaitsiko gara, Bidasoa ibaiaren ondora.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna