Arrauna

Atzera ez, aurrera begira

Hondarribiari zortzi puntura jarri zaizkio Eusko Label ligako lehen bi postuak, eta Arraun Lagunak azkena da Euskotren ligan. Bi taldeetan lasai daude, eta konfiantza apurrik ez dute galdu.

Arraun Lagunak lanean, Coruñan, joan den igandean. EUSKOTREN LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Arraunlaria atzera begira joaten da arraunean, traineruak aurrera egiten duen bitartean. Horrela gertatuko da etzi ere, Donostian, Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadetan. Beste kontu bat da atzera begira joan arren, bakoitzaren buruan zer dagoen: batzuek sekulako konfiantza izango dute beren buruarengan eta taldearengan, eta multzo horretan sartuko dira Galizian, aurreko asteburuan eta lehen bi jardunaldietan, lan ona egin zutenak. Hain ondo moldatu ez zirenek, berriz, arriskua izan dezakete burua ere atzera begira izatekoa. Baina balizko arrisku hori uxatuko duten ziurtasuna daukate, adibidez, Hondarribiak Eusko Label ligan eta Arraun Lagunak-ek Euskotren ligan.

Mikel Orbañanosen taldea seigarren da sailkapenean, larunbatean aurrena egin, eta igandean azkena izan eta gero. Zortzi puntura dauzka lehen biak, Orio eta Santurtzi, baina ohorezko txanda hiru puntura baino ez du. Ekain Iriarteren arraunlariak azkenak dira ligan, eta Orio lehen sailkatuak sei puntu ateratzen dizkie; Donostiarrak, lau, eta Hondarribiak, bi. Bi taldeek ez zuten espero horrela egotea lehen bi estropadak jokatu ondoren, baina onartu egin behar. Eta hala egin dute. Bi entrenatzaileek ez dute atzera begiratu nahi:«Garrantzi handirik ez diot eman nahi igandekoari; hainbat gauza elkartu ziren azkena izateko; gure artean hitz egin dugu, eta aurrera goaz», esan du Orbañanosek. «Bi egun txar izan genituen Galizian; denborarik ez genuen eduki estropada prestatzeko, urduri geunden, baina orain lasai gaude. Gustura ari gara lanean; txalupa ondo doa, baina hobetu egin behar dugu, ligako mailak gora egin baitu. Gogoz eta animatuta honi buelta emateko», nabarmendu du Iriartek.

Donostiarrek etxeko eremuan bertan izango dute etzi egoera iraultzeko aukera: «Egunero ibiltzen gara hor entrenatzen, eta berezia da estropada. Buelta emateko ez da leku txarra». Hondarribiari ere gustatzen zaio eremua. Kale batetik bestera aldeak egon daitezke eremu horretan. Gainera, badu oztopo bat gehiago: bigarren txandan aritu beharko du. Larunbateko estropadetan, ez da ekuazio ona izaten bigarren txanda eta emaitza ona ateratzea, ez bada sekulako eguraldi aldaketa izaten. Joera baretzera izaten da arratsaldeak aurrera egin ahala. Hala ere, Orbañanos ez dago horri begira: «Erakutsi beharko dugu gai garela goian ibiltzeko. Borrokarako gaude».

Beste zama bat ere jarri dio Galiziako azken postuak Hondarribiari, eta entrenatzaileak ondodaki zer den: «Hutsegite gehiago egiteko tarterik gabe geratu gara». Antzera pentsatzen du Iriartek ere: «Egun txar gehiago ezin izango dugu eduki. Ez ditugu estropada asko, eta dagoeneko bitan egin dugu kale». Kirolariak badaki estutasun horretan bizitzen, lehiaren berezko ezaugarrietako bat delako presio puntu hori, aurreko emaitza txarrek eragindakoa. Jakitearen jakin beharraz, aurrera egiteko helduleku ona bilakatzen ere ikasi du. Orbañanosek «gogoa» aipatu du: «Galiziako emaitza txarra ondo etor dakiguke, gogoa baitago taldean, eta erakutsi egin behar baitugu bagarela». Iriartek Galiziatik bueltako bidaiari egin dio aipamena, lehendik pilatutako eskarmentua balekoa izango zaiela azaltzeko: «Duela bi urte ere Coruñan azkenak izan ginen bi egunetan, eta asko ikasi genuen. Oraingoan, itzulerako bidaia eramangarriago egin zitzaigun, esperientzia tarteko».

Berriz elkartzea, funtsezko

Emaitza txarra izaten denean, komenigarria da ahalik eta lasterren egitea lehen entrenamendua, burutazio txarrak lehenbailehen gainetik kentzeko, eta hori ere nabarmendu dute bi entrenatzaileek:«Asteartean egin genuen asteko lehen saioa, eta ondo aritu ginen». Orbañanosek atzo zeukan asteko lehena, eta bazekien on egingo ziela: «Berriz elkartuko gara denok, eta ona izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.