Harri zaharrean, esku berriak

Harri lanketako lantegi eskolako ikasleak ari dira Iruñeko Ziudadelako bi bastioietako patioak zaharberritzen. Ofizioa ikasita, lan merkaturako bidea errazago dute gazteek.

Lantegi eskolako ikasleak aldamioan, zaharberritze lanetan, Iruñeko Ziudadelan dagoen Errege bastioiko kasamata patioan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Armadaren etorbideko sei errepide bideetatik autoen joan-etorriek sortzen duten zarata gelditzen dute Iruñeko Ziudadelako harresiek. Barruan, birika txiki bat dago, lasaitasun oasi bat. Ez da bakarra, Iruñean horrelakoak aurkitzen dira beste leku askotan ere. Done Jakue bastioiko tunela igarota, kasamata patio bat dago. Aldamio handi batek zeharkatzen ditu harrizko horma zaharrak goitik behera. Gainean, dozena bat gazte, kaskoa buruan eta Iruñeko Udalaren logotipoa paparrean marrazturik duten jantzi urdinak soinean. Lanean ari dira. Motor baten hotsak hausten du han izaten den isiltasun erabatekoa. Bakoitza bere lanean buru-belarri dabil. Udaleko biltegiratze, hondakinen kudeaketa eta harri naturalaren lanketarako lantegi eskolako ikasleak dira, eta zaharberritze eta mantentze lanetan ari dira.

Ongi ordenatutako obra da. Gazte bat hidrogarbitzailearekin ari da horma beltzari harri grisaren kolorea ateratzen. Bi gazte morteroa prestatzen ari dira, neurri oso zehatzekin, kolore bera izan dezan beti. Gainerakoak aldamioan igota daude, harria pikatzen edo morteroarekin zuloak estaltzen. Ez dira gelditzen, eta bakoitza bere tokian ari da, zintzo demonio. Umore onez, hala ere: tarteka txantxaren bat, iruzkin irrigarri bat. Itzaletan lanean aritzea eskertu dute haietako askok, Iruñean bero egiten baitu; are gehiago uda idor honetan. Bi ailegatu dira: «Egun on, talde!», oihukatu die haietako batek.

Patioan sasiak eta harrietan dauden landareak kentzen dituzte, eta batzuetan harria pikatu, zuloa txikiegia denean. Hidrogarbigailuarekin horma garbitu ondotik, mortero eta brotxarekin zuloak estaltzen dituzte, eta eskuila pasatu. Galtzada harriak prestatzen aritu dira, eta Errege patioaren sarrera osatzeko lanetan hasiko dira aurki. Harria prest dute.

Asier Perez eta Mikel Guruziaga ari dira lanak gainbegiratzen; haiek dira lantegi eskolako begiraleak. Proiektu honetan hamazazpi gazte daude, 16 eta 30 urte bitartekoak. Bi emakume daude taldean. Ez da batere ohikoa horrelako lanetan; beraz, kontent agertu da Perez. Herrialde askotako hizkerak aditzen dira langileen artean.

Lan merkaturako bidea ireki diezaieke eskolak; formakuntza saioak eta Ziudadelako lanak bukatuta prestatuago egonen dira. «Eskola sistemaren porrotetik eratorritako jendea etortzen da guregana. Hona etortzen diren gehienak oso ongi aritzen dira. Izan ere, ohiko eskola sistemak ez du guzientzat balio. Gure sistema ezberdina da, eta nerabezaro mugitua dutenentzat egokiagoa da», kontatu du Guruziagak. Lehenbiziko fasean formakuntza saioak izan zituzten; orain, formakuntza eta lan praktikoa egiten ari dira. «Hemen ikasten dute ordutegi bat izaten, adi egoten, fisikoki prest egoten... Nolabait, babestu gabeko lanetarako urratsa egiten laguntzen diegu».

Ofizio bat ikasten

Harria lantzen oso leku gutxitan irakasten dela gogorarazi du begiraleak. «Guk ez dugu lanean irakasten: guk ofizio bat erakusten dugu. Eskuz aritu behar da, trebetasuna behar da eta ikasteko denbora». Haien eskolak hemezortzi hilabete irauten du, eta, hala ere, denbora ez dute sobran. Orain Errege eta Done Jakue bastioietako kasamata patioetan ari dira lanean. Bigarrenean jatorrizko errekarrizko zorua aurkitu dute lurreko betoia kendu dutenean.

Lan horietan ari da Benji Zorrilla gaztea. Otsailean hasi zen formakuntzekin, eta udan hasi zen Ziudadelan lanean. «Oso ongi eta gustura ari naiz, ongi irakatsi digutelako eta begiraleek adiskideak bagina bezala tratatzen gaituztelako, nahiz eta gure nagusiak izan», esan du. «Talde ona egin dugu; elkarri laguntzen diogu. Batzuek aurretik ere elkar ezagutzen genuen; nik, adibidez, bi lagun ekarri nituen». Lan bila zebilen, eta amaren aholkuari jarraikiz sartu zen lanbide eskolan. «Maite dut nola egiten dugun lan eta zer material erabiltzen ditugun, nahiz eta beroarekin zaila den lan egitea. Ur asko edaten dugu». Hamaiketakoa hartzera joan da, gainerakoekin. Ziudadelan lasai egoten da. Gero jarraituko dute esku gazte eta berriek, mendetako harri zaharra lantzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.