EKOGRAFIAK

Kontinentea eta kontenidoa

Miren Manias -

2018ko azaroak 2
Etxe baten asegurua erosteko orduan egiten duten bereizketa da. Hau da, egitura fisikoaren elementuek osatuko lukete etxearen kontinentea, eta eraikinaren barruan dauden ondasunek, aldiz, kontenidoa. Telebista baten kasuan, alde batetik erakundea desberdinduko genuke, eta bestetik, bere kateetan ematen diren saioak. ETBn, kasurako, erakunde publikoa (EITB) eta ETB1eko, ETB2ko, ETB3ko, ETB Sateko eta ETB4ko telebista programak. Beraz, logikoa bada aurtengo (euskarazko kazetaritzaren) Rikardo Arregi sarietan EITB saritu izana; ETB1ek eta ETB3k —erakundearen gainerako hedabide elebidunak ahaztu gabe— ez dutelako erakunde izaera propiorik edo estatus ofizialik. Hor da arazoaren koska.

Euskal Irrati Telebista euskararen normalizazioa lortzeko helburuarekin sortu zen 1982an. Agian, uler daiteke hasierako urteetan hizkuntza minorizatu batean jardungo duen telebista batek osotasunez euskaraz ez egitea. Bereziki, hiztun kopuru oso txikia duten kasuetan. Eskoziako BBC Albak —2008an sortua—, adibidez, gaelikora e(ra)karri nahi izan ditu hiztun komunitatetik urrun dauden ikusleak, eta saioak derrigorrez ingelesezko azpitituluekin emateko politika dute (zalantzagarria, nire ustez) —gaur, aukerakoa izateko modua eztabaidatzen ari dira—. Gurean, berriz, gaztelaniazko kate bat sortu zuten hiru urte beranduago: ETB2. Eta zein da horren helburua? Nagusiki, eduki ia guztiak birritan egin daitezela.

Gizarte osoak partekatzen duen tresna da telebista. Teorian eta praktikan ikusleak erakarri beharko lituzkeena, irizpide batzuen arabera. ETBn, lehendabiziko irizpidea izan beharko litzateke «gure egoera ezberdina da» aintzat hartzen duen kontzientzia. Euskal hezkuntza sistema teoria hori praktikan jarri izanaren adibide garbia da. Halere, adituek errepikatzen dute hezkuntza sistema ez dela nahikoa norbanakoa euskalduntzeko. Horren adibidea ere bada euskararen kasua. Eskoziarrei esaten diet uste genuela Euskal Herria euskaldunduko zela norbanakoa euskalduntzen bazen. Ez da horrela gertatu. Norbanakoak beharrezko ditu hizkuntza erabiltzeko tresnak eta espazioak. ETBn, bigarren irizpidea izan beharko litzateke hizkuntzaren funtzionalitatea erdigunean jartzea, kontinentean eta kontenidoan. Defizitarioa bada, defizitarioa da. Helburua normalizazioa da.