Bizi osorako zigorra La Cacha atxilotze zentroko arduradunentzat

Argentinako Barne ministro ohi bat eta poliziaburu bat daude hemeretzi zigortuen artean
Cristina Fernandez Argentinako presidentea, Estela de Carlotto eta haren biloba Guido Montoyarekin, ostegunean.
Cristina Fernandez Argentinako presidentea, Estela de Carlotto eta haren biloba Guido Montoyarekin, ostegunean. EFE

Iker Aranburu -

2014ko urriak 26
Ez dira zigorrik gabe geratuko Argentinako diktaduraren garaian La Cacha atxilotze zentroan egindako krimenak. Auzitegi federal batek bizi osorako espetxera kondenatu ditu La Plata hiriko zentro horretan herritarrak bahitu, torturatu eta hil zituzten hamabost lagun. Kondenatuen artean bi nabarmentzen dira: Jaime Lamont Serra Barne ministro ohia, eta Miguel Etchekolatz Buenos Aires probintziako poliziaburu izandakoa. Beste lauri 12 eta 13 urteko espetxe zigorra ezarri diete.

La Cacha atxilotze eta tortura zentroak diktadura militarraren hasieran funtzionatu zuen, 1976 eta 1978. urteen artean. Epaiketan frogatutzat jo dutenez, gune horretan gutxienez 128 lagun atxiki zituzten, eta, torturatu ondoren, exekutatu. La Cacha izena errepresiogileek berek jarri zioten, ume txikiak desagerrarazten zuen marrazki bizidunetako sorgin batean oinarrituta.

Hildakoen artean emakume gazte asko zeuden, legez kanpoko presondegi ez ezik ezkutuko ama-ospitalea ere izan zelako La Cacha; haurdun zeuden atxilotuak han gordetzen zituzten, eta erditu ondoren exekutatu. Hildakoetako ama horietako bat izan zen Laura Carlotto, Maiatzeko Plazako Amonen presidente Estela de Carlottoren alaba. 36 urteko bilaketaren ondoren, joan den abuztuan aurkitu ahal izan zuen Estela de Carlottok La Cachan jaiotako biloba, Ignacio Guido Montoya Carlotto. Haren aita Oscar Montoya ezkerreko militante bat zen, eta hura ere hil zuten militarrek. Laura Carlottoren hilotza, bizkarrean hainbat tiro zituela, 1978ko abuztuan eman zioten militarrek familiari, baina ez zioten esan haur bat izan zuela. Beste presoen bitartez jakin zuten, eta orain arte iraun duen bilaketa hasi zen. Guido Montoyarekin jadanik 114 dira amonek aurkitutako haur lapurtuak. Beren benetako jatorriaren berri ez dakiten beste 400 lagun daudela kalkulatu dute.

Diktaduraren garaian (1976-1983) dozenaka mila lagun desagerrarazi zituzten militarrek eta beste segurtasun indarrek, haietako asko ezkerreko militanteak. Militarren krimenak ez zituzten zigortu hainbat urtez, baina 2003an amnistia lege guztiak indargabetu zituzten. Orduz gero diktaduraren 250 arduradun nagusi kondenatu egin dituzte, haien artean Jorge Videla eta Reynaldo Bignone presidente izandakoak, eta Alfredo Astiz kapitaina.

Diktaduraren atxilotze zentroetatik bizirik ateratakoek tortura latzen berri eman izan dute. La Cacharen arduradunen aurkako epaiketan, esaterako, 130 lekukok testigantza gordinak egin zituzten. «Lotarako pilulak ematen zizkiguten, eta biluzik zintzilikatuta uzten gintuzten biltegi batean. Hari bat lotzen ziguten behatzetan, eta shock elektrikoak ematen zizkigun makina batera konektatuta zegoen», adierazi zuen lekukoetako batek, Alberto Alfio Cavalek. «Emakume eta gizon torturatuen oihuak entzuten genituen. Zentrotik atera nintzenean 30 kilo pisatzen nituen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna