Aritz Egea. Mendi lasterkaria

«Maila ematen ez dudala ikustean, lasterketak utziko ditut»

Mendiko lasterketek izan duten geldialdia kontuan hartuta, korrikalari askok bestelako erronkei heldu diete. Horietako bat izan da Aritz Egea. Orain egun batzuk ia 90 kilometro egin zituen Izazpi mendian, eta 20.000 eurotik gora bildu zituen Super H eta Baila con EM haur minbizidunen elkarteentzat.

JON URBE / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Denboraldia amaitu, eta lehen atseden egunetan dago Aritz Egea (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Hurrengo bi asteetan ez dauka kirola egiteko asmorik. Argi hitz egiten duten horietakoa da. Distantzia luzera begira jarrita dagoela aitortu du.

Nola ari zara osatzen azken erronkatik?

Egia esan, uste baino hobeto. Erronkaren hurrengo egunean, aje antzeko bat sentitu nuen, oso nekatuta nengoen. Astelehenean, berriz, beste edozein lasterketatan izaten ditudan oinazeak nituen giharretan. Baina asteartean eta asteazkenean jada hobeto nengoen. Atseden garaia tokatzen zait, baina, bestela, korrika egitera joateko moduan nengoen. Hurrengo bi asteetan, erabat gelditzeko asmoa daukat, ez badu behintzat izugarrizko eguraldia egiten oraindik ere.

Zer-nolako esperientzia izan da Eguzkiak Iraun Bitartean erronkarena?

Izugarria! Jendearen ekarpena itzela izan da. Tofol Castanyerrek esan zidan pertsona moduan erronka honek emango didana lasterketa gutxik emango zidatela. Bete-betean asmatu zuen! Jende asko aritu da laguntzen, eta pena bakarra izan da COVID-19ak festa handiago bat egiten ez uztea. Elkarteek ere aipatu didate erronkak oihartzun handia izan duela. Helburu guztiak bete ditugun sentsazioarekin amaitu dut.

Inoiz ez zenituen hainbeste kilometro egin.

Ez. Denera 83 kilometro egin nituen, eta aurretik, Portugalen egin nuen lasterketa batean, 55 nituen eginak. Udan osatu nuen Pirinioetako Hiru Aterpetxeen errekorrean ere beste 55 kilometro ere egin nituen. Baina egia da azken erronka honetan gauzak ez ditudala ondo egin. Janaria eta edaria ez neuzkan ondo aztertuta, inprobisazioan murgilduta ibili nintzen, agian lasterketa bat ez zelako. Lehen 40-45 kilometroetan oso ondo joan nintzen, baina handik aurrera sufritzea tokatu zitzaidan. Giharretatik justu xamar amaitu nuen.

Etorkizunean ultra distantzian aritzeko gogoa gelditu al zaizu?

Bai, bai [barrezka]. Hau egin aurretik, zalantzak nituen datorren denboraldiari begira. Ez dakit zenbat izango diren, baina ez zaizkit urte asko geratzen. Urte asko daramatzat, lasterketa asko, bidaia asko, familia ere handituz doa… Datorren urterako, CCC lasterketa [100 kilometro, Chamonix, Frantzia] egiteko puntuak badauzkat, eta ziurrenik han izango naiz. Hori bai, argi daukat hara joanez gero lehiakorra izan nahi dudala. Astean 16-18 ordu entrenatu beharko nituzke. Urtebetez, sakrifizio hori egiteko prest nago. Hura prestatzeko lasterketa batzuk jada baditut buruan.

Aurtengo asmo guztiak pikutara joan ziren COVID-19arengatik. Zer egiteko asmoa zenuen bestela?

Iazko egutegiaren antzekoa egin nahi nuen. Lehenik, urduri jarri nintzen Zegama-Aizkorri lasterketarengatik. Gu etxean geunden, baina Europako korrikalari asko normal zebiltzan entrenatzen, eta, ez nekienez jokatuko zen edo ez, ez nengoen lasai! Ez zela jokatuko esan zutenean, lasaitu egin nintzen. Ondoren, pentsatzen hasi nintzen aurten ez nuela lasterketarik jokatuko, horretaz jabetzen hasia nintzen. Gainera, ez nintzen lasterketak jokatzearen oso aldekoa. Gero, egia da, jokatu diren lasterketa gehienak bikain atera direla. Halere, Pirinioetan jokatu nuen lasterketa batean, gauza izugarriak ikusi nituen! Arauak oso argiak ziren denontzat, baina ahaztu ere, azkar egiten zaizkigu. Arauak ez dira arazoa, gizakiak gara arazoa! Lasterketarik egon ez arren, inoiz baino kirol gehiago egin dut. Aurten ia bidaiatu ere egin ez dugunez, deskantsatuago iritsi naiz denboraldi amaierara. Azoreetan (Portugal) jokatu dugun Trail Serieseko lasterketekin amaitu dut urtea.

Pandemiak zerbait onik ekarri al dizu?

Kirol ikuspuntutik, lasaitasuna. Bizitzari dagokionez, ez zait asko aldatu. Etxean egon beharra tokatu zitzaigunean, ondo egon nintzen, nahiz eta kalean hobeto egongo ginen. Ez nuen ateratzeko beharrik sentitzen. Egoera onartu nuen, nahiz eta gauza askorekin ados ez egon. Ez da munduaren amaiera izan, gu baino askoz okerrago jende mordoa dago!

Ez duzu dortsala janzteko beharrik izan?

Ez. Niri bestela ere kirola egitea izugarri gustatzen zait. Lehiakorra naizela ezin dut ukatu, baina ez nuen lehiatzeko beharrik. Aste askotan 17 ordu inguru ibili naiz entrenatzen, gehienetan bederatzi ordutan ibiltzen naizenean. Baina jendearengan ikusi dut dortsala jartzeko beharra. Azoreetara, esaterako, gu dena ordainduta joan gara, baina jende asko joan da hara bere poltsikotik dena ordainduta, jakin gabe edozein unetan dena bertan behera gelditu zitekeen. Eliteko korrikalarien beharra, berriz, babesleentzat izan da. Datorren urtean babesa izateko, zerbait demostratu beharrean izan dira. Sasi-profesionaletako asko lasterketetan ateratzen dutenetik bizi dira, eta pentsa aurten zenbat aterako zuten.

Azoreetan lau egunez jarraian aritu zarete korrika. Zer-nolako maila aurkitu duzu?

Izugarria! Egunero, abiada bizian ibiltzea tokatu zaigu. Irteera eman orduko, oso azkar ibili gara, eta ez nuen pentsatzen hasiera-hasieratik erritmo haietan ibiliko ginenik. Ez zegoen atsedenik! Ni ere azken egunean jo eta ke atera nintzen. Lehen hamarretan amaitu nahi nuen sailkapen orokorrean, baina txakalaldia izan nuen. Orokorrean gustura gelditu nintzen emandako mailarekin. Irabazi behar nien gehienei irabazi egin nien. Lehen zortzietan saltsan egon naizela sentitu dut.

Jendeak maila igotzea, eta zuk pixka bat jaistea batera etorri dira?

Baietz esango nuke. Azken urteetan nabaritu dut jendea oso indartsu hasten dela lehen metrotik. Irteera askok beldurra ematen dute! Oraindik ere maila eman dezakedala iruditzen zait, eta, alde horretatik, lasai nago. Mailarik ematen ez dudala ikusten dudanean, lasterketak utziko ditut. Hori argi daukat! Oso lehiakorra izan naiz beti, eta nik ez dakit lasterketa batera denbora pasatzera joaten.

Jada zazpi urte daramatzazu mendi lasterketetan. Zer-nolako balantzea egiten duzu urte hauetaz guztietaz?

Nork esan behar zidan 2012an hasi nintzenetik iritsi naizen tokira iritsi behar nuela! Zegama-Aizkorri prestatzeko hasi nintzen, eta, geroztik, euskal selekzioa, ezagutu dudan jendea, egindako bidaiak, Salomon... Oso bide aberasgarria egin dut orain arte. Gainera, niri hau etorri egin zitzaidan, ez nintzen ni honen bila joan, gaur egun gazte asko horren bila doazen bezala. Gutxi edo asko, hau da orain arte lortu dudana, eta egindakoarekin oso gustura sentitzen naiz.

Aurretik triatloian ere beste zazpi urte inguru igaro zenituen. Biak alderatu beharko bazenitu?

Alderik handienak gauzak lortzeko egin beharreko esfortzuan daude. Mendiko lasterketetan lortutako emaitzek askoz ere esfortzu gutxiago eskatu didate. Esan dezaket triatloian maila askoz ere handiagoa dela. Astean hogei ordu baino gehiagoz entrenatzen nintzen, eta Ironman bat jokatzera iritsi nintzen, ez gehiago. Mendi lasterketetan, berriz, Munduko Kopako probaren bat irabazi dut, Europako txapeldun ere izan nintzen, Espainiako eta Euskal Herriko txapeldun... Bestalde, egia da mendi lasterketetara oso ondo moldatu naizela. Beste askok ere probatu dute bide bera, baina ez dira ni egokitu naizen bezala egokitu.

Horrek esan nahi du mendiko lasterketak ez direla goi mailako kirola?

Nik uste bide horretan daudela, baina zalantza dut maila horretara iritsiko diren. Gazte asko hasten da kirol honetan, baina urtebete edo bi egin ondoren, utzi egiten dute. Halere, esango nuke azken bi urteetan 20 urte inguruko gazteak oso ondo dabiltzala. Orain hiru edo lau urte galdetu izan bazenit, ez nizuke erantzun bera emango. Esaterako, Euskal Herrian, Gontzal Murgoitio hor dago.

Orain sei edo zazpi urteko euskal selekzioaren maila berriz izateko moduan ikusten dituzu gazteak?

Ez nuke inor haserretzerik nahi, bainaoso zaila izango da gure garaiko selekzioa errepikatzea. Talde bikaina genuen: Jokin Lizeaga, Hassan Ait Xau, Iban Letamendi, Imanol Goñi... Kanpoko korrikalari askorekin hitz egin izan dut gai honetaz, eta denek esaten didate maila handia genuela. Munduko Kopako proba askotan, hiru korrikalari sartzen ginen lehen hamarretan. Egia da maila asko igo dela, eta guk, alde horretatik, urte onak harrapatu genituela. Halere, beti pentsatu izan dut kirolari bat ona bada jada 20 urterekin-edo ona izan behar duela. Orain ikusi dut Azoreetan. Ni helduenetako bat nintzen, eta baziren nire inguruko batzuk ere. Baina 20-25 urteko gazte asko ikusi ditut izugarrizko maila dutenak, gehienak suediarrak, suitzarrak, norvegiarrak... Haietako asko profesionalak dira.

Zer da mendi lasterketetako profesionala izatea?

Aipatutakoen kasuan ez dakit nola moldatzen diren, baina beste ezertan ez dute lanik egiten, eta oso herrialde garestietan bizi dira. Ez dakit diru laguntzarik jasotzen duten edo babeslerik baduten, baina mendian korrika egin eta eskiatu besterik ez dute egiten egun guztian. Alpeetan bizi diren asko ere antzeko dabiltza. Agian egokiagoa izango litzateke bizirauten ari direla esatea. Ez dakit ziur zenbat diruz ari garen, baina 10.000 euro inguru jasotzen ariko dira. Egia da kopuru horrekin ezingo dutela etxe bat erosi, edo hiru seme-alaba mantendu, baina hor jarraitzen dute. Ziurgabetasun handia dago korrikalarien artean mendi lasterketen mundu honetan.

Zuk orain dela hiru urte utzi zenuen euskal selekzioa Salomon taldera joateko. Zein aldaketa nabaritu dituzu?

Zalantzarik gabe, proiekzio mediatikoa. Salomonek garrantzi handia ematen die horrelako gauzei, eta badaki marketina dela bere diru iturri nagusia. Medioetan ez du publizitate askorik egiten, baina sare sozialetan, berriz, asko mugitzen da. Alde horretatik, niretzat ezinbestekoa izan da Biel Rafols katalanaren laguntza. Babes handia eskaini digu, eta ez zara objektu bat bezala sentitzen. Bestalde, egun, lasterketa gehiagotatik gonbidatzen naute, eta, zorionez, nik nahi dudan egutegia antolatzen dut; aurrekontu baten barruan, noski! Iker Karrerak bere garaian onartu ez zuen bezala, nik onartu dut sare sozialen gaia. Gaur egun jokoaren parte garrantzitsua bihurtu da sareena, eta ausartuko nintzateke esatera Kilian Jornet ere belarriak jaistera behartuta dagoela.

Orain dela gutxi, influencer-en jarraitzaileak egurtu dituzu.

Bai, hala da! Uste dut esparru guztietara zabaldu direla, eta ez dakit markentzat ere hori ona den. Asko oso onak dira bere publikazioetan, baina zabaltzen duten mezua... Ez naiz haien oso jarraitzailea, eta daukaten sinesgarritasuna ere ezbaian jarriko nuke, nik eduki dezakedan bezala. Esaterako, baten batek oinetako batzuk oparitzen badizkizu, edo marka batek ordaintzen badizu, nor hasiko da haietaz gaizki hitz egiten?Nik ezagutzen dut bat bizikleta marka batek 100.000 euro ordaintzen dizkiona. Izugarria iruditzen zait!

Lasterketak eta familia uztartzea erreza egiten al zaizu?

Alaba zaharrenak 6 urte ditu jada. Geroz eta pena handiagoa ematen dit askotan haiek etxean uztea. Askotan, hiru edo lau orduz entrenatzen ibili eta gero, nik ez daukat ganorarik haiekin jolasean ibiltzeko.

Aita zarenetik asko aldatu da lasterketekiko eta kirolarekiko duzun perspektiba?

Lasterketei dagokiena batez ere asko aldatu da. Lehen ez zitzaidan batere kostatzen edozein lekutara joatea; nire bizitza zen azken finean. Gaur egun, ordea, askotan iruditzen zait entrenatzera joaten naizen aldiro umeen zerbait galtzen ari naizela. Haien bizipen asko galtzen ari naizen sentsazioa daukat. Larunbat goizetan haiekin mendira joan beharrean, entrenatzera joaten naiz, eta ia bizitza guztia nire entrenamenduen inguruanmoldatzen dugu. Bidaiatzea ere geroz eta gehiago kostatzen zait. Lehen aipatu bezala, orain dela gutxi Azoreetan egon naiz lau eguneko lasterketa batean, eta iritsi orduko faltan sumatzen nituen. Behin korrika hasi ondoren, merezi du, baina... Nik, alde horretatik, zorte handia daukat bikotekidearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.