Euskara

Urtearen laburpena, hitzetan

2021a laburtzeko hitz zerrendak egin dituzte BERRIAk, Euskaltzaindiak eta UZEIk, eta Gaurko Hitzak. 'Txerto', 'aldaera' eta 'sorgin-gurpil' hautatu dituzte urteko hitz.

BERRIA.
Alex Uriarte Atxikallende.
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Urtarrila iritsi da, eta 2021arenak egin du. Urteko lehendabiziko hilabeteak, etortzeko dagoenerako prestatzeaz gain, iragan diren gertaera guztien errepasoa egiteko balio ohi du. Berrikuste hori hainbat modutan egin daiteke; aukeretako bat, hain zuzen ere, urtea laburbiltzen duten hitzak gogoratzea eta horiekin zerrenda bat osatzea da.

Ariketa hori egin dute, beste urte batez, BERRIAren estilo liburuaren kudeaketaz arduratzen den euskara taldeak, batetik, eta UZEI Lexiko eta Terminologia Zentroak, bestetik. Txerto aukeratu du BERRIAko euskara taldeak. UZEIk, berriz, Euskaltzaindiarekin elkarlanean egin du aukeraketa, estreinakoz: aldaera hautatu dute urteko hitz gisa.

Koronabirusaren pandemiak eta eguna joan eta eguna etorri izandako gertakariek baldintzatu dute urteko hitzaren hautaketa. Eragile gehienek berba bat aurkeztu dute hilabete bakoitzeko. BERRIAko euskara taldeak, txerto hitzaz gain, beste hamabi hitz ere plazaratu ditu —hilabete bakoitzean bat— urtearen laburpena osatzeko: Kapitolioa, tortura, eutanasia, perimetral, murgiltze, ostalaritza, Olinpiar Jokoak, taliban, argindar, osasun larrialdi, COVID ziurtagiria eta uholde.

BERRIAko euskara arduradun Irene Arraratsen arabera, «COVID-19a izan da, dudarik gabe, urteko gaia». Dena dela, euskara taldeak «ahalegin handiak» egin ditu hitz zerrenda orekatu bat lortzeko: «Beste gauza asko ere gertatu dira Euskal Herrian eta mundu osoan». Hortaz, 2021eko hamahiru hitzetatik bostek baino ez dute lotura koronabirusaren aferarekin.

Urteko zerrendatik, bereziki bi hitz nabarmendu ditu Arraratsek. Bata, txerto, «begi bistako arrazoiengatik»: «Zientziaren eta ikerketaren alorrean egin den ahaleginagatik, batetik, eta patenteen eta banaketa desorekatuaren inguruko bidegabekeriengatik, bestetik». Beste hitza murgiltze da: «Hizkuntza gutxituen kontrako politika etengabearen erakusgarria izan delako Ipar Euskal Herrian eta Katalunian gertatutakoa».

Etorkizunera so, nahiago du 2022ko hitzaren inguruan ez pentsatu: «Ez sinestekoa da hitzek nolako tolesak dituzten, nola bihurritu daitekeen esanahia, testuinguru batekoa edo bestekoa izan». Segada horretan, auskalo berba du ahotan: «Batek daki zer ekarriko digun 2022. urteak».

Euskaltzaindiak eta UZEIk, lehenengoz, elkarlanean aukeratu dute hitza: aldaera. Berba zaharra eta aspalditik onartua izanagatik ere, garaiotan «erabilera berritu duen hitza» dela adierazi du euskararen akademiak, SARS-CoV-2 koronabirusaren aldaerak gogoan. UZEIk, halaber, iragan den urteko hitzen bere zerrenda propioa atera du. Aurten, hemezortzi berbak osatu dute zerrenda hori, eta «eguneroko lanaren erakusgarria da», Joxean Zapirain komunikazio arduradunaren aburuz: «UZEIn egunez egun komunikabideen nahiz sare sozialen jarraipena egiten dugu, oraindik arautu ez diren forma edo erabilera berriak detektatzeko, eta urte amaierarako dezenteko zerrenda osatzen dugu».

'Ekozidio', 'negazionista'...

UZEI Lexiko eta Terminologia Zentroaren aurtengo zerrendan hauexek daude: momotxorro, salpa, faltsutze sakona, txortaketa, Molac, zatzaizkit, indarkeria bikarioa, genero autodeterminazioa, parrilla, taikonauta, negazionista, apaepeka, kolada, urritasuna, meta, ekozidio, itzalaldia eta aldaera.

Urte bakoitza ezberdina denez eta urtez urte orotariko zerrendak ateratzen zaizkienez, ez dute hitz kopuru jakin bat zehaztu: «Urtea markatzen duten bi albiste hilabete berean gertatzen dira maiz, gainera», dio Zapirainek. Zerrendatik hauek nabarmenduko lituzke: «Pandemiarekin lotutakoez gain, energiaren krisia, salgaien urritasuna eta, zenbait arrazoirengatik, indarkeria bikarioa azpimarratuko nituzke, horiek denak urtean behin baino gehiagotan izan baitira albiste».

Bestalde, bada erakundeen zerrenden itzalari ihes egiten dion beste egitasmo bat, urteko hitzak egunero-egunero biltzen dituena: Maite Goñik bultzatutako Gaurko Hitza.

Egitasmo horretan, 2021eko hitza sorgin-gurpil da, Ana Galarragak BERRIAn idatzitakoa. 2022ra begira, bestelakoren bat izatea gustatuko litzaioke Goñiri: «Normaltasunera itzultzearekin lotutako zerbait izatea nahiko nuke; askapena, adibidez».

Gaurko Hitza proiektua 2008an sortu zen, egunero hitz berri bat ezagutzera emateko asmoz: «Gaurko Hitza blog batean eta sare sozialetan oinarrituta dago, eta euskara ikasten dabilenari, euskara maite duenari edo interesa duen edonori zuzenduta dago».

Goñik, proposatzen duen hitz bakoitzeko, definizioa, testuingurua, hiztegietako erreferentziak eta beste hizkuntzetako itzulpenak ere jartzen ditu. «Gaztelaniazko eta frantsesezko itzulpenak jartzen ditut, hurbilen ditugun hizkuntzak direlako; ingelesezkoa ere bai, mundu mailako hizkuntza nagusia baita», dio. Hori bai, Gaurko Hitzaren oihartzuna are urrunagora ere ailegatu da: «Zenbait lagunen ekarpenari esker, euskarazko hitzen portugesezko eta japonierazko itzulpenak ere badaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.