Bilboko historian txipli-txapla

Gorabide elkarteak Bilboko Itsas Museoa bisitatu du. Maketa, bideo eta itsasontzien bidez, Bilboko eta inguruko herrien historia ezagutu ahal izan dute bisitariek.

Itsasontzi baten maketa Bilboko Itsas Museoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Bilboko itsasadarra lasai dago. Itsasontzi turistiko bat igaro da Deustu ondotik, eta lagun talde bat piraguekin dabil arraunean, besterik ez. Joan diren mendeetan pentsaezina zen horrelako irudi bat; ezinezkoa zen Bilboko uretan jendea kirolean edota jolasean ibiltzen ikustea. XX. mendean itsasadar ondoko bazterrak ontziolaz eta industriaz beteta zeuden, eta itsasontziak hara eta hona zebiltzan, materiala Bilbora sartuz, eta Bilbon sortutakoa kanpora eramanez. Itsasadarraren ezkerraldean zegoen Euskalduna ontziola. Gaur egun, ordea, izen berbera duten jauregia eta zubi bat daude. Horretaz aparte, garai horretara bidaiatzeko museoa dago: Bilboko Itsas Museoa. Gorabide, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkartea, bertara joan zen atzo, Bilbok mendeetan zehar izan duen aldaketa ezagutzeko.

Gorabidek abuzturako hainbat ekintza antolatu ditu Bizkaian, uztailean egin duen bezala. Adimen urriko pertsonek aukera izango dute astebeteko egonaldietan zein egun bateko irtenaldietan parte hartzeko. «Gaur egun, birusa dela eta, jende asko ez da etxetik kanpo lo egitera ausartzen. Horregatik antolatu dira eguneko txangoak», azaldu du Saioa Fernandez Gorabideko boluntarioak.

Hamabietan hasi da bisita, baina hamar minutu lehenago heldu dira. Gaur egungo ohiko errutina bete dute museoan sartzeko: distantzia errespetatuz tenperatura hartu, eskuak xaboiarekin garbitu, eta barrura. Sarreran dute zain museoko gidaria. Gehienek lehenengo aldia dute museoan. Talde txikia da, sei bisitari besterik ez. «Pandemia dela eta, taldeak murriztu dira, eta egitaraua oso ondo antolatuta eraman behar dugu», adierazi du Fernandezek. Bisitariek lurrean dauden markeijarraitu behar diete; ez dira geziak, arrainak dira bidea adierazten dutenak.

Euskalduna ontziola izan da abiapuntua. Ramon de la Sota enpresaburuak sortu zuen ontziola 1900. urtean, Bilboko beste ontzi-jabe batzuekin batera. 1980ko hamarkadan itxi zuten, eta bertako milaka langileek euren lanpostuengatik egindako borroka Euskal Herriko historian txertatuta gelditu zen. Gorabideko erabiltzaile zein boluntario askok ondo gogoratzen dute garai hori. «Aitak Euskaldunan egiten zuen lan. Ni txikia nintzen, baina ondo gogoratzen dut etxeko tentsioa, Euskalduna itxi nahi izan zutenean», azaldu du Sofia Fernandez boluntarioak. «Aitari lana eman zioten Navalen; zorionekoak izan ginen».

Bisitak itsasontzien maketen artean egin du aurrera. Ezin dira ukitu, baina bisitariek arretaz begiratzen dituzte, ez dute xehetasunik txikiena ere galdu nahi. Bideoak ere ikusi dituzte, gidariaren azalpenak borobiltzeko. Beheko solairua ikusita, eskaileretan gora egin dute, lurreko arrainei jarraituz. Solairu horretan ere hainbat maketa daude, Bizkaiko Zubiarena, besteak beste.

Jaione Castañares erabiltzaile eta bisitariari bertan ikusi duen trainerua gustatu zaio gehien: «Iloba batek eta koinatuak arraunean egiten dute Kaiku; horregatik gustatu zait trainerua gehien». Pedro Alonsok, berriz, ezin izan du gauza zehatzik aukeratu: «Dena gustatu zait». Bisita museoaren kanpoaldean amaitu da; gidariak itsasontzi batzuk eta Karola garabia ezagutarazi dizkie. Bisitariek pozik amaitu dute ibilbidea. «Espero ez duzun zerbait ikasten duzu beti», azaldu du Venancio Aurrekoetxeak. «Nola ahal zituzten itsasontziak uretaratu haritzez sortzen bazituzten? Pisu asko izan beharko zuketen. Beti izan dut jakin-mina horren inguruan».

Museorako bisita bai, baina eguna ez da amaitu Gorabideko parte hartzaileentzat. Jatetxe italiar batean bazkaldu, eta itsasontzia hartuko dute, behin historia ezagututa, Bilboko itsasadarraz gozatzeko.

Abuzturako txangoak

«Uda disfrutatzeko dago, ondo pasatzeko», azaldu du Sofia Fernandez boluntarioak. Lehenengo aldia du boluntario, eta «oso gustura» dago. Gorabidek hainbat txango antolatu ditu abuzturako, eta horrek Bizkaiko txoko ugariezagutzeko aukera ematen die. Taldea sei aldiz bilduko da bi astean. Ostiralean, adibidez, Arboledara doaz. Erabiltzaileen eguneko zentroak itxita daudenez, mugitzeko eta ekintza askotarikoak egiteko ondo datorkie; hala adierazi du. Begoña Santamaria erabiltzailea esker oneko agertu da elkartearekin. «Begiraleak ezin hobeak dira, beti daude laguntzeko prest. Joan den urtean beldurra izan nuen etortzeko; baina aurten laguntzaileak animatu nau, eta oso pozik nago», azaldu du boluntario bati besarkada estua emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.