Ondarea

Memoriaren bunkerra irekiz

Berako Okalarre bentaren gaineko bunkerra, han lanean aritu zirenen barrakoiak eta haraino heltzeko bideak garbitu dituzte auzolandegian, ondarea bistaratzeko asmoz.

Berako mendietan dauden bunkerretako bat garbitu eta erraz iristeko moduan utzi dute boluntarioek. Irudian, hiru lagun, bunkerreko zirrikitu batetik begira. J. MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Bera
2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Katalineko bordako Francisco Lazkanotegiri soroa eta bi seme ebatsi zizkioten frankistek. Bere lurren inguruan bunkerra eraikitzen hasi ziren 1939an, eta soroetan hartu zuten ostatu bortxaz lanean ari ziren esklaboek. Semerik zaharrena ere kendu zioten, eta gerrara bidali zuten. Euskaraz baizik ez zekien, eta «ideologiarik gabekoa» zen, bere iloba Patxi Lazkanotegik dioenez. Teruelen (Espainia) zauritu zuten, frankisten aldean borrokan, eta Iruñeko ospitalean zendu zen, bronkopneumoniak jota. «Joan den astean aurkitu dugu, eta espero agudo ekarriko dugula etxera». Franciscoren beste seme bat ere eraman zuten, Patxiren aita: gerrara lehenbizi, eta zazpi urtez izan zuten lanean gero, «miseriak pasatzen», tartean, Aritxulegin. Horregatik joan zen Patxi atzo Okalarre bentara, memoriaren kutxa irekitzen ari zirela eta.

Onddoak bezala hazten dira bunkerrak Nafarroako iparraldeko mugako mendietan. II. Mundu Gerran frankistek babesteko beharra sumatu zuten, eta beharturiko lanen bidez sortu zituzten. Beran, adibidez, 200 bunker zerrendatu dituzte. Horietako bat da Okalarre bentan gora berehala ikus daitekeena. Mendian gorderik, hiru behaketa gune ditu eta bi irteera, zerbait gerta ere, alde bietatik ateratzeko. «Bunkerra deitzen diogu, baina, berez, galeria bat da», zehaztu zuen Nico Zuazuak. Berak gidatu ditu azken hamabost egunetako lanak Carlos Zuzarekin batera. Gabinete Trama arkeologia enpresakoak dira biak, eta, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, 18 eta 24 urte bitarteko 25 boluntario izan dituzte lanean, gaur arte.

Edurne Turrillas izan da gazte horietako bat. Historia eta Ondarea ikasten ditu unibertsitatean, eta irakaslearen aholkuari jarraikiz eman zuen izena boluntarioen auzolandegietan: «Lehenik bunkerrerako bidea sortu genuen, eta garbitzen eta gauzak kentzen aritu ginen; azken finean, politago egiten jendea ikustera etor dadin. Nahi dugu leku hau ondare bihurtu». Azken egunak beherago eman dituzte, bunkerrean lanean aritzen zirenen aterpeetan: barrakoietan. Esperientzia ederra izan dela onartu zuen: «Uda desberdina izan da. Gure artean giro ona dugu, arratsaldean mendira joan gara, Xorroxinera... Gainera, Valentziatik eta Madrildik etorritako jendea dago».

Lana erakusgarri

Abuztuko lehen hamabostaldian egindakoa erakustea zegokien atzo. Okalarre bordan jarri zutentopalekua. Beratik zenbait herritar igo ziren emaitza ikustera, tartean, Aitor Elexpuru alkatea. Han izan zen Cesar Laiana Nafarroako Memoriaren Institutuko dokumentazio burua ere. «Memoriak interesa pizten du, eta guretzat pozgarria da hori», esan zuen Laianak. Eta horixe zen afera: memoriaren bunker ilunean argi pixka bat paratzea.

Bisitariak eta boluntarioak, denak elkarrekin igo ziren bunkerrera, egun hauetan txukundutako bideari jarraikiz. Bide bukaeran harkaitz handi bat zegoen. Barrura sartuta, hezetasuna zen nagusi, eta iluntasuna. Hori ez zen arazo handia izan, gehienek sakelakoaren linterna baliatu baitzuten aurrera egiteko. Tunel luze eta ilun bat, frankismo garaiaren eta ondorengo beldurraren parekoa. Hiru zirrikituetatik igaro ziren bisitariak, eta han paratu zituzten begiak, zerbait ikusiko zutelakoan, baina sasiek ez zuten uzten begirada sobera urruti zabaltzen. Eta, bitartean, bisitarien arteko solasak. «Ni hemen egon naiz, baina duela 50 urte», bota zuen gizon batek. «Txikitan jostatzera etortzen ginen hona, eta dena ardien kakaz beteta egoten zen, barnera sartzen baitziren».

Bigarren atetik atera, eta malda malkartsu batean behera jaitsi ziren, ipurdikoren bat tarteko. Han, boluntarioen erratzen sigi-saga baizik aditzen ez zelarik, harriturik geratu ziren beratarrak: «Hau lehen ez zen ikusten», batek. «Dena tapatuta zegoen. Igual eskailerak bai, ezta?», beste batek. Sastraka artetik bunkerren oinarriak atera dituzte gazteek, eta eraikin baten puska batzuk. Han eman zituen azalpenak Zuazuak: «Pirinioetako bunkerren lerroa proiektu megalomano bat izan zen, erabilera urrikoa. Erregimenak bere burua zuritu, diruaxahutu eta jendea lanean izateko modu bat. Bitxia da, 1958ra arte jarraitu baitzuten lanekin, eta ordurako ez zuen zentzurik, inoiz zentzurik izan baldin bazuen».

Francisco Lazkanotegik karta bat idatzi zuen ebatsi zioten soroa berreskuratu nahian. Eskutitz horretan esaten zuen ganaduarentzat behar zuela borda, eta justizia espero zuela. 1950ean egin zuen eskaria, 11 urte geroago. Ordura arte, isilik. Paco Lusarretaren hitzak gogora ekarri zituzten atzo: «Memoriaren etsaia ez da denbora, isiltasuna baizik». Eta hantxe, barrakoiak altxatu zituzten tokian, sastrakak kenduta, bertan gertatutakoa agerian utzi nahi izan zuten, argi pixka bat sar dadin bunkerreko zirrikitutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.