Egoera zailei, irribarrea

IDK-k eta Gernikak bihar dituzte Espainiako Kopako final-laurdenetako partidak, Valentzian (Herrialde Katalanak). Ez daude onenean bi taldeak. Txapelketari gaur emango zaio hasiera.

Lointek Gernikak eta Tenerifek Eurocupen jokatu zuten elkarren aurka, Valentzian, urtarrilean. LOINTEK GERNIKA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Kopa gaur hasiko da, Valentzian (Herrialde Katalanak). Zortzi talde lehian, kanporaketa bidez txapelduna bakarrik geratu arte. Ligako lehen itzulian zortzi aurrenak izan zirenak parez pare. Tartean, Euskal Herriko bi talde: Lointek Gernika eta IDK Euskotren. Bihar jokatuko dute biek: bizkaitarrek, Teneriferen aurka; gipuzkoarrek, Valentzia etxeko taldearen aurka.

Lehiaketa jokatzeko sailkatu zirenean baino okerrago daude orain bi taldeak. Arrazoi ezberdinak tarteko. IDK bolada txarrean da ligan, azkeneko lau partidak bata bestearen segidan galdu dituelako. Gernikari, aldiz,COVID-19ak erasan dio, eta azkeneko partida otsailaren 14an jokatu zuen. Taldea konfinatuta egon da, entrenatu ezinda, eta denek batera atzo egin zuten entrenamendua, aspaldiko partez. Baina bi taldeen barruan, ilusioa eta itxaropena dira nagusi. «Gozatu» aditza behin baino gehiagotan erabili dute Toch Sarr IDK-ko jokalariak (Dakar, 1984) eta Belen Arrojo Gernikakoak (Granada, Espainia, 1995).

Biek daukate esperientzia Kopa jokatzen, eta Arrojok badaki zer den irabaztea ere: «Duela bi urte izan zen, Perfumerias Avenidarekin. Amets bat bete nuen», gogoratu du. Sarrek onartu du memoria txarra duela, eta berretsi egin du Kopako partida batean egindako lan ona gogora ekarri zaionean: «Nik Kopan 21 puntu partida batean? Ez naiz oroitzen», esan du aurreneko kolpean. Berehala piztu zaio oroimenaren argia: «Orain bai! Araskiren aurka izan zen». Akorduak akordu bien kasuan, biharko partidei ekiteko ezer gutxi balioko diena, segur aski.

Biek onartu dute Kopak baduela zerbait berezia, eta sailkatu izanari eman diote garrantzia: «Lan eta borroka handia egin behar izan genuen lehen itzulian, zortzi onenen artean sartu eta Kopan egoteko. Taldeak lorturiko saria da», dio Arrojok. Antzeko bidetik jo du Sarrek: «Oso gustura gaudeaukera irabazi genuelako».

Sailkatzeari balioa eman eta gero, heldu zaie lehiatzeko ordua. Gernikaren kasuan, ezinbestean aipatu behar da taldearen egoera arlotea. Arrojok gogoeta hau egin du: «Zaila da etxean itxialdian egon eta gero lehiatzea; gogorra izango da, baina pistara ateratzerako dena ahaztuko dugu, eta dena emango dugu. Eta gertatuko da gertatu behar duena». Egoera txarrek ere badute alderdi ona, eta honetan ere bai: «Lehen ere oso elkartuta geunden, gure arteko harremana zoragarria zen, eta egoera petral honek oraindik eta gehiago batu gaitu». Kirol kutsuko mehatxua egin du hegalekoak: «Kontuz, zeren taldea hain batuta egotea oso arma baliagarria zaten baita kirolean».

Aurkaria ezagun zaharra da, betikoa, eta berriki aurkari izandakoa. Eurocupeko fasean, haiek garaile (60-61), Gernika hurrengo fasera sailkatua zegoela jokatutako partidan. Bestelako kontuak izan ziren, ordea, ligan, hilabete batzuk lehenago: bizkaitarrak nagusi Maloste kiroldegian (85-62). Arrojok azkar ekarri du solasaldira haien artean jokalari garrantzitsua faltako dela: «Asia Taylorrek ez du jokatuko. Hala ere, talde gogorra da».

Sarr, defentsa eskatuz

Donostiarren kasuan, aurkaria erabat zitala da, Valentziak partida bakarra galdu duelako ligan. Donostian, irabazi egin zuen (58-64). «Orain hobeak dira, orduan jokalari on batzuk ez zirelako aritu», onartu du hegal-pibotak. Baina aurkariari baino bere taldera ari da begira: «Berreskuratu egin behar dugu izan garena, eta defentsan hobetzea da hori. Gero, atzeko lan onarekin, hobeto moldatzen gara erasoan».

Kopa, partida bat, etxeko taldea aurkari, zalerik ez [150 izango dira azkenean]... Osagai guztiak lapikoan sartu, eta «gozatzera» atera zaio barru-barrutik: «Ez dugu amore emango. Ez daukagu ezer galtzeko. Inor ez doa jokatzera pentsatuz galdu egingo dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.