Eduardo Prieto Iglesias. Futbol epailea

«Onuragarria litzateke gu irekiagoak izatea; ez dugu ezer estaltzeko»

Adin mugagatik, Prieto Iglesiasek utzi egin behar izan dio futbol zelaietako epaile izateari. Halere, VAR-eko epaile izango da aurrerantzean. Bere lanarengatik eta lan baldintzengatik «pribilegiatu» sentitzen da, eta «urte luzez» aritzeko asmoa du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Eduardo Prieto Iglesias (Iruñea, 1981) futbol epailearentzat amaitu da zelaian bertan futbol neurketa profesionalak arbitratzeko aroa. Behartuta utzi behar izan du. Izan ere, Espainiako Futbol Federazioko araudiak biltzen duenez, Bigarren Mailan, gehienez, 41 urte izan ditzake epaile batek. Datorren ostiralean beteko du adin hori. «Fisikoki eta mentalki ongi nago, eta, esperientzia handia dudanez, pena ematen du adin honekin zelaiko lana utzi behar izateak». Sanferminen atzerako kontuan bete-betean murgilduta dagoen honetan, datorren asterako jada etorkizuna erabat lotua izango duela uste du. Oraindik ez da ofiziala, baina VAR-eko epailea izango da aurrerantzean. «Oso pozik nago». Gijongo (Espainia) Molinon futbol zelaian zuzendu zuen azken neurketa, Sporting eta Las Palmasen artekoa.

Epaile izateari utzi diozula aprobetxatuta: zer futbol talderen jarraitzaile zara?

Lasai asko esan dezaket, askok sinetsi ez arren, ez naizela inongo talderen zale. Epaile lanetan hastea erabakitzen duzunean, futbola ikusi eta ulertzeko modu neutral, objektibo eta aseptiko bat aurkitu behar duzu. Bereizi egiten zara zale batek izan ditzaken sentimendu horietatik. Klub edo talde baten zale baino gehiago, ondo tratatu nauten hango edo hemengo pertsona batzuen zale naiz.

Eta epaile izan aurreko garaian?

Tira, Iruñekoa izanik, Osasunakoa nintzen. Azken finean, zure lurraldeko taldea da. Alde horretatik, Osasunaren eta lurraldearen artean badago oso errotua dagoen sentimendu hori. Futbolzale amorratua izan gabe, bada jende asko osasunazalea dena. Hori ez da edonon gertatzen.

Molinon futbol zelaia hautatu zenuen zure azken partidarako. Zergatik?

Enrique Castro Quini zenarekin oso harreman estua nuelako. Zelaian ordezkariaren eta epailearen artean izan ohi den harremanetik haratagokoa zen gure harremana. Hortaz landa, Diego Mariño Sportingeko atezainari partida baten amaieran eman nion besarkada ere birala izan zen. Lotura bat sortu zen, eta horregatik hautatu nuen partida eta zelai hori.

Ibilbidea Lehenengo Mailan amaitu izan bazenu, agurra non egitea gustatuko zitzaizukeen?

Sevillako Benito Villamarin futbol zelaian, han egin bainuen debuta Lehen Mailan. Zirkulua ixteko modu polita zatekeen hala agurtzea.

Lehen eta Bigarren mailen artean 279 partida zuzendu dituzu. Zer une duzu gogoan bereziki?

Bat aukeratzekotan, zalantzarik gabe, agurreko partida aukeratuko nuke. Sekula ez nuen pentsatu hainbeste jenderen maitasuna jasoko nuenik. Eta ez bakarrik nire lankideen partetik, baita zale, jokalari, entrenatzaile eta klubetako langileen partetik ere. Ziklo hau lasai eta ondo itxi ahal izan dut.

Dena den, adin mugak behartuta utzi behar izan duzu.

Bai, eta, egiari zor, fisikoki eta mentalki oso ondo nago orain. Eta, bereziki, arbitroentzat hain garrantzitsua den esperientzia handia pilatuta. Epaile baten indargune nagusia da hori: jokalariak ezagutu eta haiekin harremana nola izan behar duzun jakitea. Pena handia ematen dit, baina araudiak muga hori du ezarria.

Nola hasi zinen epaile lanetan?

Amigo eta Lagunak taldeetan jokatu nuen, harik eta 16 urte bete nituen arte. Dena den, epailearen figurak betidanik erakarri zuen nire arreta. Hala, jokatzen genituen lagunarteko partidetan epailerik ez bazegoen, neure burua eskaintzen nuen. Horrela hiru urte egin eta gero, epaile izateko ikastaroa egitea erabaki nuen. Burlades eta Leitzako Aurrera taldeen arteko partida izan zen nire lehen neurketa, Burlatan jokatutakoa. 25 urte igaro dira.

Epaile izatearekin norbaitek amets egiten du?

Inor gutxik. Zure familiari eta ingurukoei epaile izan nahi duzula esaten diezunean, arraro begiratzen dizute. Onerako zein txarrerako, bereziak gara, futboleko atezainen gisara. Etxean ondo hartu zuten. Bigarren B mailara igo bitartean, aita nire partida guztietara etorri zen, salbuespenik gabe. Hamabi urte izan ziren batera eta bestera. Laguntza eta babes horrek segurtasuna ematen dizu.

Zelaiko epaile lanak amaitu bazaizkizu ere, VAR-ari esker, lotura duten zeregin batzuetan jarraitzeko aukera izan dezakezu. Hori da zure asmoa?

Bai. Lehen Mailara igotzeko kanporaketak amaitu ostean argitaratuko dira epaileen zerrenda ofizialak, baina Epaileen Batzorde Teknikoak Bigarren Mailako VAR epailea izateko aukera eskaini dit. Oso pozik nago. Hain justu, orain sortzen ari da VAR-eko epaile taldea. Talde espezializatu bat sortzea da asmoa, VAR-erako trebezia jakin batzuk garatu ahal izateko. Zelaian aritu garen epaileok, batez beste, hamalau partida egin ditugu VAR-ean. Jada VAR-erako soilik dauden epaileek 75 inguru egingo zituzten. Beraz, haiek gu baino askoz ere azkarragoak dira, eta esperientzia txikiagoa dugunok baino detaile gehiago harrapatzen dituzte.

Onuragarria litzateke zelaiko eta VAR-eko epaile bikotea beti berbera izatea?

Aukera ona litzateke, bai. Zuk lotura sendoak egiten dituzu zure lantaldearekin, eta elkar horren ondo ezagutzea oso interesgarria eta garrantzitsua da neurketa bat arbitratzerakoan. Kideari ahalik eta modu egokienean laguntzeko, funtsezkoa da konplizitate hori.

Zer gertatzen da eskuekin? Denboraldi hasieran, badirudi irizpideak oso argiak direla, baina, denboraldia hasitakoan, ez dirudi hala denik.

Gure artean ere eztabaida dago, arazoak sortzen dizkigulako. Duela ez hainbeste, esku bat falta gisa adierazteko irizpide gutxi batzuk geneuzkan. Ahalegintzen gara irizpideak bateratzen, eta ahalik eta kasuistika zabalena aztertzen, baina urtero egoera berriak sortzen dira, eta egoera berri horietarako irizpide berriak behar dira. Eztabaida honek luzerako emango du, eskuen jokaldiak oso grisak dira eta.

Hori horrela, esku guztiak falta adieraztea aukera bat da?

Irizpide bat izan zitekeen, baina nik uste dut justu kontrakoa gertatuko dela. Hau da, ahalik eta gutxien adieraziko direla. Joera hori dela esango nuke.

Ulertzen duzu jokalari eta entrenatzaile asko VAR-aren hain aurkakoak izatea?

Hain aurkakoak izatea ez dut ulertzen, ez. VAR-a ez da etorri arazo guztiak konpontzera, baizik eta oker larriak konpontzera: jokoz kanpoko argiak, eskuarekin sartzen diren golak eta abar. Ez dago ez entrenatzailerik ez jokalaririk esan dezakeena VAR-ak huts egin duela lehen aipatutako jokaldi argi horietakoren batean. Asko lagundu gaitu, baina, gizakiak garenez, batzuetan okertu egiten gara, besterik gabe.

Epaileen Batzorde Teknikoaren hermetismoaz luze eta zabal hitz egin da. Posible ikusiko zenuke partiden ostean, entrenatzaileek egiten duten moduan, epaileek prentsa agerraldi bat eskaintzea? Onuragarria litzateke?

Epaile Batzordearentzat onuragarria litzateke irekiagoak izatea; ez dugu ezer estaltzeko. Niri gustatuko litzaidake horrelako zerbait egitea. Hori bai, zalantzak ditut prentsaurreko hori zertarako erabiliko litzatekeen. Alegia,hartutako erabakien zergatien inguruan galdetu eta azalpena eskatzeko, edo eskarnio publiko bat egiteko. Zalantza hori dudanez, nire sentsazioa da, oraingoz, kontserbadoreagoak izan nahi dutela.

Presio mediatiko handia jasaten duzuela jakinda, ondo ordainduta dago lana?

Bai, oso ondo ordaintzen digutela uste dugu. Munduko futbol epaile profesionalen artean, gehien irabazten dutenak Espainiako Federazioko epaileak gara.

Gutxi-asko zenbat kobratzen du epaile profesional batek?

Oraintxe bertan, Lehen Mailan, 240.000 euro gordin inguru.

Hara eta hona ibili zara azken hamabi urteetan. Aurrerantzean, baina, asteburuak Madrilen igaroko dituzula dirudi, ezta?

Orain arte, asteburuero partida bakarra egiten genuen, izan VAR-ekoa edo izan zelaikoa. Baina VAR-eko epaile espezifikoek neurketa bat baino gehiago egiten dute. Beraz, ostiralean joango nintzateke Madrilera, eta asteburua han egingo nuke, Las Rozasenbaitago zentralizatuta VAR-a. Erosoa da. Pribilegiatua naiz. Gustuko lana dut, zoriontsu naiz, bidaiak eta hotelak erosoak dira, eta ondo ordaintzen dute. Urte luzez aritu nahi nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.