gorka julio
IRLEN SAREA

Haurdunaldi publizitarioa

2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Motxila, zapatila, sakelakoa, bizikleta, arropa... begiratzen egon zara sarean, baten bat erosi duzu, gainera, eta hala ere publizitateak zoazen tokira zoazela jarraitzen zaituela konturatu zara. Imajinatu orain, haur bat edukitzera zoazela, galdu egin duzula, eta agertzen zaizun publizitatea haurdun zaudenaren ustetan jaio berrientzako produktuen eskaintza izaten jarraitzen duela.

Hori da, Gillian Brockell Washington Post-eko bideo editoreari gertatutakoa. Ez da lehenengoa, baina azkenekoa izatea nahi du. Gutun batean enpresa teknologiko handiei —Twitter, Facebook, Instagram, Amazon...— horixe eskatu baitie. Bere burua kritikatzen hasten da: Instagramen erabilitako etiketak, klik egindako publizitatea edo egindako bilaketek bere egoera azaltzeko erabiliko zirela jakin baitzekien. Oso gogorra egin zait bereziki autokritika kutsua duen pasartea.

Gutunean aurrera goazela, algoritmo horiek detektatu izanagatik, bere galera ere nola ez zuten detektatu galdetzen die enpresei. Egin zituen bilaketetan, publizitate desegokia zela adieraziz egin zituen milaka klik, sareetan izandako hiru eguneko isiluneak... algoritmoak ez zituen kontutan hartu. Bere galera publiko egin, eta ehunka pertsonen sostengu adierazpenak eta tristura adierazten zuten emotikonoek ere antza, ez zuten «amaiera zoriontsuaren» etorkizun algoritmiko irudikatua gelditzeko adina indarra izan.

Brockellen eskaria argia da: kontutan har daitezela horrelako kasuak, horiek sortzen duten mina publizitatea igortzeko garaian eta algoritmoak alda daitezela. Badirudi izandako oihartzunak milaka bertxio eta gogoko mezuek eragin dezaketela zerbaitetan. Hausnarketakbeste bat izan beharko luke: noraino gaude prest iristeko, gure bizitzetan hainbeste eragiten duten enpresa hauen negozio ereduak debekatzeko, edo behintzat murrizteko?

Seguru topatuko zenutela zuek bilatu ez, baino zuen etxeko, laneko norbaitek bilatu duen susmoa duzuen zerbait publizitatean. Gabonak iristear direla, opariak izorratzeko algoritmo bikaina, dudarik gabe. Pentsatu orain algoritmo hauek, goiko kasuan edo antzekoetan ematen hasten direla. Hau da, zure ingurukoek, etxe bila ari zarela, gaixotasun bat duzula, haurdun zaudela... Internet bidez nahigabe jakin dezaketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.