Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Autonomia

2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Uste eta sentipen batzuk nahikoa irmoak dira matematika eta zenbakien premiarik gabe; baina gertuko testigantzak, zenbakiak eta grafikoek osatutako dokumentua besopean hartuta, limurtzaileena ere sentitzen da seguruago. Erabakiak hartzeko prest, nekez irauliko duten arrazoiaren jabe.

Horregatik da horren garrantzitsua Eusko Legebiltzarreko EITBren erreformarako lantaldeak EITBko langileen artean egin eta BERRIAk ezagutarazi duen inkesta. Lantaldean eztabaidatzen ari diren hainbat gairen inguruko galderak egin dizkiete: hedabidearen funtzioa, antolakuntza eredua, objektibotasuna edo etorkizuneko erronkak, kasurako. Kopuruari erreparatuta, 412 lagin ezin esanguratsuagoa da 1.000 langile bueltako taldea ordezkatzeko. Erantzun ez dutenek eurek jakingo dute zergatik. Pellokeria litzake gehiengo isila osatzen dutela pentsatzea.

BERRIAk nabarmendu dituen datu guztien artean,informazio politikoaren objektibotasun falta da itxuraz deigarriena: langileek eurek —ia hiru laurdenek— diote egiten duten lanak EAJ eta PSEri egiten diela mesede. Inor gutxi harritu izanak ez du onargarriago egiten; Euskal Telebistaren sinesgarritasunari kalte handia egiten dio. Arduradun politikoen azalpena behar du, eta, Legebiltzarreko lantaldeak bere bidea egiten jarraitzen badu, ondorioak izan beharko lituzke.

Baina informazio interesgarriena ez dago egoeraren analisian atalean, balizko konponbideei dagokienean baizik. Langileen gehiengoak uste du antolakuntza ereduak horizontalagoa behar lukeela izan; zuzendaritza batzordea ez lukeela aldian aldiko Eusko Legebiltzarrak hautatu behar; sindikatu, alderdi eta gizarte mugimenduen ordezkariek osatutako erakunde bati legokiokeela ardura hori.

Garatu dugun indiferentziaren neurriaz asko dio ondoko aldarrikapena belarrira naif eta barregarri egiteak: EITB herri bati zor zaio, hizkuntza eta kultura bati. Ez aldi bakoitzean —edo aldiro aldiro— hauteskundeak irabazten dituen alderdiari. Horretarako baliabideak, profesional kualifikatuak eta estrategia definitua behar dira. Eta batez ere: autonomia izango duen talde plurala eta ahal bezain horizontala, estrategia hori ausardiaz garatuko duena, batzuekin besteekin baino gehiago konplitzeko batere premiarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.