Aurrekoen aldean, ezberdina

Eibarrek eta Realak derbia jokatuko dute gaur Ipuruan, duela hiru aste atzeratu zena. Eibartarrek lau aldiz irabazi diote etxean Realari, baina donostiarrak hobeto daude orain

Eibarko Paulo Oliveira eta Realeko Robin Le Normand baloiarengatik lehian, lehen itzulian, Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Eibarrek eta Realak elkarren aurka jokatuko dute gaur gauean Ipuruan. Otsailaren 16an zen berez, baina atzeratu egin behar izan zuten norgehiagoka, Zaldibarko zabortegiko ezbeharraren ondorioengatik —airea kutsatuta zegoelako—, eta bi taldeek gaurko eguna adostu zuten derbia jokatzeko. Iritsi da egun hori, eta, Eibar Lehen Mailan denetik, bi taldeak seigarren aldiz jarriko dira parez pare Ipuruan.

Aurrekariak begiratzen bazaizkie, dena luke alde Eibarrek, sei partida horietatik bostetan garaile izan baita. Realak inoiz ez du irabazi Ipuruan maila nagusian; berdinketa bakarra du han. Gaurkoak, ordea, aurreko partida horien kutsu ezberdina du. Hasteko, bi taldeen egoera aldatu da: Eibar hau ez da aurreko sasoietakoa, eta Reala ere ez. Sailkapenak ez dio gezurrik, eta Jose Luis Mendilibarren taldeak garai honetan beti izan ditu puntu gehiago. Reala egon izan da orain bezala goiko postuetan, baina joko ona du ezberdintasun nagusi oraingoan.

Jokoaren hariari segika, oso garbi dago Eibar nola jokatzen saiatuko den, baina ez Realak zer egingo duen. Aurreko denboraldietako Realak ez bezala, oraingoak joka dezake ohikoa ez duen modu batean, Mirandan erakutsi zuen bezala aurreko asteazkenean, Espainiako Kopako finalerdien itzulikoan. Gai izan zen aurkariaren indarguneak ahultzeko, nola eta beste modu batera jokatuz. Gauza bera egin diezaioke gaur Eibarri, eta hori ez da lasai egoteko modukoa etxekoentzat.

Bi taldeen bolada eta konfiantza ere ezberdinak dira orain. Eibar abiadura hartu ezinda dabil, atzeko zuloetatik ihes egin nahi baina ezinean, eta adibide ona da aurreko larunbatekoa. Kale egin zuen Mallorca aurkari zuzenaren aurka, etxean (1-2), eta sekulako aukera alferrik galdu zuen arriskuak eta kezkak neurri handi batean uxatzeko. Realak ere galdu egin zuen, Bartzelonan (1-0), baina oso itxura ona emanez, eta azkenaldian oso gutxitan izan da galtzaile, azken aldiz otsail hasieran galdu baitzuen, Leganesen zelaian.

Aldagai horiek guztiek egiten dute ezberdin gaurko derbiaren atarikoa. Ipuruan azaldu den Realik onena azalduko da gaur; bai, behintzat, baloia jokoan jarri aurretik. Partidan zehar gauzak ondo egingo dituen konfiantza ematen du, gainera. Eibarrek, aldiz, alderantzizkoa ematen du aditzera. Ezin da jakin zer egingo duen gero batek eta zer besteak, baina aldez aurreko begirada ez da etxekoen aldekoa.

Aldaketak hamaikakoetan

Hiru egunean jokatuko duten bigarren partida izango da bi taldeentzat. Larunbatean aritu ziren biak azkeneko aldiz, eta, horren eraginez, jokalarien txandakatzeak ikusiko dira Eibarren eta Realean. Iragarri egin du hori Mendilibarrek: «Larunbateko hamaikakotik ia talde erdia izango da ezberdina». Deialditik kanpo utzi ditu Paulo Oliveira —zigorra du txartelak pilatzeagatik—, Enrich, Pedro Leon eta Diop. Hemezortziko zerrendan daude, berriz, Burgos, Soares —lehen aldiz—, Inui eta Quique Gonzalez.

Imanol Alguacilen kasuan, Bartzelonako partidan, aulkian utzi zituen Oiartzabal, Zaldua, Zubeldia eta Januzaj, eta ia ziurra da laurak hasieratik jarriko dituela gaur Ipuruan. Badu non aukeratu entrenatzaileak, eta, gainera, jokalariak erakusten ari dira denak direla gai ondo aritzeko.

Gaurko puntuek aparteko balioa daukate bi taldeentzat. Ez dira erabakigarriak izango, liga amaitzeko asko falta baita oraindik, baina biak ari dira helburu handien atzetik, eta puntuak behar dituzte. Eibarrek ihes egin nahi dio sufrikarioari, eta Realak Txapeldunen Ligan jokatu nahi du datorren denboraldian. Horrek ere ematen dio aparteko zerbait gaurkoari. Lehiari emango dio aparteko indarra bi taldeen puntu premiak, eta gaur Ipuruan bene-benetako partida bat ikusteko osagai asko daude.

Mendilibarrek ondo ezagutzen du Reala, eta badaki aurkari zaila izango dela: «Unerik onenean datoz, sekulako konfiantzarekin, eta berdin dio batek edo besteak jokatu». Imanolek ere badaki Eibar ez dela aurkari samurra Ipuruan: «Talde indartsua da, emaitzak hori erakusten ari ez badira ere. Partida zaila izango da».

EIBAR-REALA
Eibar. Dmitrovic; Arbilla, Burgos, Bigas, Jose Angel; Sergio Alvarez; Orellana, Exposito, Cristoforo, Inui; eta Kike.
Reala. Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Aihen; Zubeldia, Sangalli, Odegaard; Januzaj, Willian Jose eta Oiartzabal.
Epailea. Del Cerro Grande.
Lekua. Ipurua (8.164 ikusle).
Ordua. 20:00etan (Movistar TV).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.