Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Beste eredu bat posible da

2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Konfinamendu honetan, korte mentalak beharrezkoak dira. Zuzeneko eta informazioari lotutako —gehiegizko— telebista saioetatik urrundu eta entretenimenduari heldu, hain zuzen ere. Eta umorezko ikus-entzunezkoa aukeratzen baduzue, askoz hobe. Adituek diotenez, garrantzitsua da alarma eta osasun larrialdi egoeretan gogo aldartea lantzea, eta umorea horretarako tresna eraginkorra da.

Hamaika telebistan badakite hori. Izan ere, eskaintza egokitu dute koronabirusaren krisira. Alde batetik, langile guztiak daude etxetik lanean, eta, bestetik, hainbat adin tarteri zuzendutako saio berriak aurkeztu dituzte azken egunotan, tartean Pandoraren kutxa: umoretik abiatuta dantzaz, antzerkiaz eta akrobaziez gozatzeko aukera. Egunero ematen dute, 10:30ean. Lehen atalak, halere, Hamaikaren nahieran zerbitzuan erabilgarri dituzue.

Ainhoa Juaniz (Pantxika) clownak aurkezten ditu 30 minutu inguruko atalak. «Bera baita ondo pasatzeko behar den profesionala». Martetik Euskal Herrira iritsi berri da, eta oraintxe izan du koronabirusaren krisiaren berri. Kamerariaren aho maskara eta eskularruak ikusita, hain zuzen. Sarrerako kareta txukuna dauka programak; laburra eta mezu argiarekin: kutxa bat bueltaka, zabaldu arte. Baliabide ekonomiko handiagoak dituzten telebista saio batzuen aldean, inbidiarik ez.

Edukian sartuta, bakarrizketan oinarritzen da Pantxikaren tartea. Hau da, ikus-entzuleei zuzentzen zaie ia denbora guztian. Baina aurkezlea ez dago bakarrik, izan ere, kamerariarekin ere hitz egiten du. Haiek, berriz, kamera mugimenduekin eta ahotsarekin erantzuten diete Pantxikaren galderei. Eta lokalizazioa bakarra da: protagonistaren etxea. Nola bestela?

Hamaikak atzo aurkeztu zuen logo berria; izan ere, haren 11. urteurrena izango da aurtengoa. Iñaki Uria zuzendariaren arabera, formatu digitaletan funtzionatzeko pentsatua da. Programazio estrategia, behintzat, eredu digitalera nabarmen jarrita dute. Areago, Hamaikaren eta ETBren nahieran zerbitzuak alderatzen badituzue, ikusiko duzue nola bigarrenak baduen zer hobetu. Bizi dugun krisi honek honako hau ere erakutsi du: ETB ez dela eredu bakarra. Euskarazko telebista egiteko beste modu bat posible dela. Talentua sobera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.