Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Hasierako funtsa, galduta

2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Netflixek La casa de papel (Paperezko etxea) telesail espainiarraren laugarren sasoia estreinatu zuen hilaren 3an. Guztira, zortzi atal berri; 45 minutu ingurukoa bakoitza. Bat bera ere ez da izan emakumezko batek zuzendua. Hau da, gizonezkoek bakarrik eman dituzte aginduak arlo horretan. Tartean izan da Koldo Serra euskal zinemagile eta gidoigilea; berak zuzendu ditu hiru atal. Telesailaren hirugarren zatian ere parte hartu zuen Serrak, bi atal zuzenduta.

2017an eta telebista tradizionalean estreinatu zen lehendabiziko aldiz La casa de papel. Zehazki, Antena3 kate pribatuan. Baina, bigarren sasoiko atalak eman ostean, AEBetako streaming plataformak erosi zuen. Espainiako Moneta eta Tinbre Lantegiaren lapurretan oinarritu ziren lehen bi sasoiak. Netflixek ekoitzitako atal berriak, aldiz, Espainiako Bankuaren lapurretan.

Gustura ikusi nituen lehen bi sasoiak. Telesailaren mezuarekin erraz konektatu nuen. Alde batetik, sistema kapitalistaren kontra egitea zen lapurretaren xedea; hain zuzen, banku zentralek herrialdeen zorra erosi duten konpainia eta banku pribatuentzat ekoitzitako dirua hartzea. Gogoan dut lehen ataletako batean azaldu zela quantitative easing kontzeptua: 2008ko krisi ekonomikoaz geroztik indartutako moneta politika da, finantza aktiboak erosiz diru-hornidura handitzeko. Baina jende arruntaren onura bultzatu beharrean, kontrako emaitza ekarri du horrek. Beraz, guretzat ez bada diru hori, zergatik ezin dugu lapurtu?

Beste alde batetik, azken urteetako gizarte protestak eta mugimenduak lantzen zituen telesailak. Adibidez, interes ekonomikoen kontra, Europako hainbat hiritan kanpaldi iraunkorrak abiarazi zituen Espainiako M-15 edo haserretuen mugimendua. Telesaileko protagonisten aurpegiak estaltzeko erabiltzen dituzten maskarak horren isla dira. Hain justu, adierazpen askatasuna aldarrikatzen duen Anonymous nazioarteko ekintzaile taldeak erabiltzen dituenak dira. Azkenik, telesailaren soinu banda azpimarratuko nuke: Bella ciao. Bigarren Mundu Gerrako abesti italiarra, hain zuzen. 1943-1945 bitartean, Italiako erresistentzia antifaxistak erabili zuen kanta da.

Zoritxarrez, telesailaren hirugarren eta laugarren sasoiek hasierako funtsa galdu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.